Katalunia

Espainiak 87 milioi euro gastatu zituen erreferendumaren aurka

Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak 87 milioi euroko gastua egin zuen urriaren 1eko Kataluniako erreferenduma eragozteko ahaleginean. Juan Ignacio Zoido Barne ministroak adierazi duenez, irailaren 30aren eta urriaren 2aren artean Kataluniara bidalitako 6.000 polizien eta guardia zibilen eta ondoren han geratu ziren 4.500 polizien gastuak ordaintzeko erabili dute diru hori. Senatuaren aurrean eman zituen azalpenak, atzo, eta oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute galdeketaren egunean Poliziak izaniko jarrera.

87 milioi euro horiek polizien dietetan, elikaduran eta beste hainbat gastutarako erabili ditu Madrilek, baita Bartzelonako portuan amarratuta zeuden hiru itsasontzietan ere. Horietan 26,6 milioi gastatu dituzte. Gastuen errua Kataluniako Gobernuaren «harrokeriak eta arduragabetasunak» du, Barne ministroaren esanetan. Zoido harro agertu zen poliziek eginiko lanaz, eta operazioa «legitimoa, proportzionala eta profesionala» izan zela adierazi zuen, eta justiziarekiko «desobedientzia itzelari» aurre egin ziotela. Bestalde, erreferendumetik hiru hilabete baino gehiago igaro direnean, hautetsontziak hainbat bozkalekutara nola iritsi ziren ez dakitela azaldu zuen.

Carles Puigdemontek bizkor erantzun zion, eta giza eskubideei eginiko «eraso zuzentzat» jo zuen urriaren 1eko polizia operazioa. Puigdemontek Espainiako Gobernuaren «militarismo instituzionala» ere kritikatu zuen, zuzenbide estatua «suntsitu» duena.

Zoidok kritika ugari jaso zituen Senatuan ere: PDeCATek eta ERCk urriaren 1eko «errepresioa» nabarmendu zuten, eta polizien jarrera «desproportzionalaz» kexatu ziren. EAJk adierazi zuen «bozen eta borren arteko liskarra» ezin duela ezerk justifikatu, eta EH Bilduk nabarmendu zuen Mendebaldeko estatu bakarra dela lurraldetasun arazo bati «biolentziaz» heldu diona. PSOE ez zen hain gogorra izan. Ez zuen polizia operazioa ezbaian jarri, baina urriaren 1eko goizeko jarrera kritikatu zuen.

Nazioartean, Human Rights Watchek indarraren gehiegizko erabilera nabarmendu du 2017. urteko txostenean: «Agindu judizial bat betetzen ari ziren arren, poliziek ez zuten manifestari baketsuak jotzeko eskubiderik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.