Maider Unda

Tapizetik irten, lurra jo gabe

Maila goreneko lehia uztea erabaki du Maider Unda borrokalari arabarrak. Borroka librean lehiatu da hogei urtez, elitean. Londresko Jokoetan brontzezko domina lortu zuen, baina hori ez da haren ibilbideko lorpen nabarmen bakarra.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ez da erraza izango». Kontziente da Maider Unda (Aramaio, Araba, 1977) hogei urteko ibilbideari amaiera eman diola.«Banekien eguna iritsiko zela. Ondo hausnartuta hartu dut erabakia». Maila goreneko borrokan lehiatzeri utziko diola iragarri zuen atzo borrokalari arabarrak. Ibilbide oparoa egin du maila gorenean lehiatu den hogei urteetan. Orain, ordea, tapizetik irten da, inork bera lurrera bota gabe.

«Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako sailkapenak bukatutakoan hartu nuen erabakia». Ez zuen sailkatzea lortu; baina ez dio horri egotzi lehiatzeari utzi izana: «Lortu banu ere, ez neukan gehiago luzatzeko asmorik». Borrokalariak garbi dauka lehia ez dela bere lehentasuna egun. Ama izateko utzi zuen kirola 2013an. Ordutik, lehengo sasoira itzuli nahi izan duen arren, urtebeteko etenaldiak eragin egin dio.

Borroka libreko puntako mailan aritu da Unda. Kirol honetan, bi borrokalari lehiatzen dira, parez pare. Batak bestea gainditu behar du tapiz baten gainean, inongo kolperik eman gabe. Aurkaria lurrera botata irabazten da. Hori bai, bere sorbaldak lurrera itsatsita mantenduz epailearen begiradapean. Edo besteari egindako ekintzekin edo teknikekin lortutako puntuekin. Lehia horretan bikain aritu da Unda.

Ibilbideko puntu gorena 2012an lortu zuen: brontzezko domina irabazi zuen Londresko Olinpiar Jokoetan. Maila goreneko sari gorenetakoa. «Olinpiar ametsa lortu dut, ezinezkoa zirudien ametsa». Bide propio baten emaitza izan zen lortutako brontzezko domina. Inork federik ez zeukan entrenamendu programa bat diseinatu zutela nabarmendu zuen borrokalari ohiak, berak eta lantaldeak. «Etxetik eta besteek dituzten bitartekorik gabe emaitzak lor daitezkeela erakutsi dugu».

Izan ere, 2004an Undak ez zuen lortu Atenasko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Ordura arte, Madrilgo goi errendimenduko zentroan prestatu zen. Emaitzak ikusita, etxera bueltatzea erabaki zuen. Etxean aurkitu nahi zituen bere beharrizanetara egokituko ziren lekua eta ingurugiroa.

Emaitzek erakutsi dute bide zuzena hautatu zuela: Londreskoaz gain, zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat lortu ditu Munduko Txapelketan, eta zilarrezko bat eta brontzezko hiru Europako Txapelketan. Nazioarteko mailan sari ugari lortu ditu, eta are gehiago Espainia mailan. 2001etik nagusi izan da: hamalau txapelketa irabazi ditu.

Londreskoa, dena den, ez zen izan Jokoetako esperientzia bakarra. 2007an lortu zuen lehenengoz sailkatzea, Munduko Txapelketan bosgarren sailkatuta. Hurrengo urtean egin ziren Olinpiar Jokoak, Pekinen. Emaitza, ordea, Munduko Txapelketan lortutako bera izan zen: bosgarren postua.

Ibilbideari begira

Esperientziak esperientzia, Undak argi du kirolak irakatsi diona: «Pertsona gisa hezi nau». Ibilbidean lagun izan dituenei eskerrak eman zizkien. «Eskerrik asko babestu nauzuen guztioi. Zuen laguntzarekin lortu dut gaur naizena izatea». Luis Crespo bere prestatzailearen lana eskertu zuen bereziki. Garaipenak, dominak edo une jakin batzuk baino gehiago, ibilbidea bera azpimarratu zuen.

9 urte zituela hasi zen borrokan. Lehenengo, samboan; baina, aukera gutxi zeudela ikusita, borroka librera pasatu zen berehala. Urte askoan lehiatu da gizonezkoekin, garai hartan haiek zirelako borrokalari gehienak. Indarra eta lehiatze ahalmena garatzea ahalbidetu dio horrek. «Garai haietan, kirola jolas bat zen niretzat». Olinpiar Jokoetako lehiaketan ez zen sartzen borroka librea».

Tapizetik irten da, baina ez du ibilbidea bukatu. Orain arte, ezin izan du ezer irakatsi, «lehiatzeak» egotzita. Esku artean daukate irakaspen proiektu bat: «Zerbait lortu nahi baldin bada lor daitekeela erakutsi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.