Eusebio Sacristan

Iraungitzen ari ote da?

Leganesen galduta, zalantzak areagotu egin dira Realeko entrenatzailearen joko proposamenaren inguruan. Gol ugari hartzeaz gain, erasoan eraginkortasuna galdu du taldeak.
JAVIER ZORRILLA / EFE

Jon Eskudero -

2018ko urtarrilak 9
Bere horretan geldituta. Ez atzera ez aurrera dago Reala. Denboraldiko lehen hiru partidak jarraian irabazita, sasoi honetan indartsuenen pare ariko zela uste izango zuten askok, eta Lyonen (Frantzia) jokatuko den Europa ligako finala ere jarri zuten jomugan jokalari batzuek. Errealitateak bestelakorik dio, ordea. Aspaldian gainbeheran murgilduta daude txuri-urdinak, eta estatistikak argigarriak dira: azken 45 puntuetatik soilik hamabost lortu dituzte. Ligan, azken zazpi partidetatik bakarra irabazi dute. Hori gutxi ez, eta Espainiako Kopan Bigarren B Mailako aurkari baten kontra kanporatu izanak areagotu egin du zaleen haserrea. Begirada guztiak Eusebio Sacristanengana (La Seca, Espainia, 1964) zuzenduta daude.

Realaren krisia ez da atzo gauekoa. Denbora da zailtasunak dituela partida oso bat jokatu eta aurkariak mendean hartzeko, baina berean itsututa jarraitzen du entrenatzaile espainiarrak. Beti argudiatu du jokatzeko era bakar batean sinesten duela eta horri eutsiko diola, Reala gorenera eramateko modu onena dela uste baitu. Hitzak ekintzaz josi ezinik dabil, baina. Gainerako talde guztiek neurria hartu diote Realari, eta 23 puntu besterik ez du sailkapenean. Erritmo honetan, mailari eusteko beste ezertarako ez lioke balioko lan horrek. Dena den, bere gidoitik atera gabe segitzen du Eusebiok.

Urrutira joan gabe, herenegun Leganesen (Espainia) gertaturikoa aztertu besterik ez dago. Hasi eta buka, Realak izan zuen baloia oinetan ia gehienean, baina inolako sakontasun eta eraginkortasunik gabe. Partida osoan gola sartzeko aukera garbi bakar bat sortu zuen, Mikel Oiartzabalen eskutik. Leganesek, ordea, bizpahiru gauza txukun eginda irabazi zuen. Lehen zatian, atzean itxaron eta kontraerasora jokatu zuen, eta, bigarrenean, presioa aurreratuta, nagusitzen hasi zen zelaian. Geldikako jokaldi batean sartu zuen gola. Askoz aurrekontu txikiagoarekin, daukanari etekin handiagoa ateratzeko gaitasuna erakutsi zuen Asier Garitanok. Arlo taktikoan nabarmen irabazi zion Eusebiori, nahiz eta azken horrek halakorik onartu ez.

Hainbat partidatan salbuespen printzak agertu arren, sendotasun eta talde itxurarik eman gabe ari da Reala. Besteak beste, konfiantzarik ez, eta lerroak hautsita azaldu da sarritan talde txuri-urdina. Jasotako gol kopuruak adierazten du hori: 30. Baloirik gabe sufritu egiten dute jokalariek, eta baloiarekin gero eta urriagoak dira haien baliabideak. Willian Jose areatik gero eta urrunago jokatzera behartuta dago. Taldearen armak ahituta egonagatik, neguko merkatuan inor fitxatzeko asmorik ez dutela esan du Eusebiok.

Igandean, 100. partida

Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzaren babes osoa du entrenatzaileak, oraindik ere erabateko konfiantza baitute harengan. Azken urte luzeetan arazo handiak izan ditu Realak entrenatzaileekin, eta Eusebiori esker egonkortasuna irabazi du klubak. Duela hogei urte Bernd Krauss alemaniarrak bi denboraldi eta bederatzi partida aulkian egin zituenetik, inork ez zuen iraun Eusebiok adina. Besteak beste, igande honetan 100. partida beteko du, Anoeta estadioan, Bartzelona liderraren aurka. Realaren historian bederatzigarren entrenatzailea izango da zenbaki horretara iristen. Ezbairik gabe, urteurrena unerik txarrenean iritsiko zaio, baina, era berean, bere burua aldarrikatzeko aukera izango du. Bartzelona ahalguztiduna mendean hartzeak indarra eta konfiantza emango lioke. Galtzeak, hori bai, haren iraungitze data gerturatuko luke pixa bat gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Eskudero

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna