Ashton Eaton eta Brianne Theisen

Oinez hasiko dira orain

Dekatloian eta heptatloian lor zezaketen gehiena lortuta, erretiratzea erabaki dute Ashton Eaton estatubatuarrak eta Brianne Theisen kanadarrak. Urrezko bikotea da eurena.

SRDJAN SUKI / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Nahikoa korrika egin dutela erabaki dute. Pisuak ere jaurti dituzte. Jauziak egin ere bai. Hautsi dituzte hautsi beharreko markak, eta igo dira parez pare izan dituzten podium gehienetara. Bihurgune etengabea da belodromoa, baina nahikoa bira emanda zuzen jarraitzea erabaki dute biek; atletismoan azken urteotan izan diren izarretako bik: Ashton Eaton estatubatuarrak eta Brianne Theisen kanadarrak. Oregongo (AEB) Unibertsitateko atletismo eskolan elkar ezagutu, elkarren ondoan dominak kolkoratu, eta, 28 urterekin, oinez hastea erabaki dute biek. Kirol ibilbidea azkenera iritsita, bizitzari bere bidea egiten utzi nahi diote. «Barruan neukan guztia eman dut dagoeneko. Den-dena eman diot atletismoari. Iritsi da erretiroa hartzeko garaia». Eatonen hitzak dira horiek.

Munduko Txapelketan, heptatloian, urrezko domina bat, eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan, dekatloian, beste urrezko bat irabazita esan du agur Eatonek—bere esku dauzka pista estaliko heptatloiko eta dekatloiko munduko markak ere—; eta Munduko Txapelketan, pentatloian —Oregonen bertan, bikoteak elkar ezagutu zuen gune berean—, urrezko dominarekin, eta Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan brontzezkoarekin Theisenek. Agurrak berak ere ez du banandu 19 urterekin kirol diziplina jakin batek elkartu zuena. «Ez dakit zer gehiago lor nezakeen; ezin nuen eman pauso gehiago. Neukan guztia eman dut». Agurreko bi oharretan ere, sentimenduetan, bat egin dute bi atleta handiek; senar-emazteek.

Buruak hartu du erabakia

Rio de Janeiron hasi zen gorpuzten bikotearen erabakia. «Atseden pixka bat hartu ondoren, berriz ere entrenatzeko grina piztuko zitzaidala uste nuen», azaldu berri du Eatonek. «Baina ez da hala izan». Lau urteka neurtzen da dekatloiaren eta heptatloian indarra, Olinpiar Jokoen itzalean, eta sakrifizioak pultsua irabazi dio ilusioari. «Olinpiar finala amaitu zenean, leher eginda nengoen psikologikoki. Ez neukan indarrik beste ziklo bati ekiteko. Zoriontsu izan naiz nire desioei segika, baina orain aldatu egin dira nire pasioak eta interesak». Goi errendimenduko kirolak fisikotik adina psikologikotik daukan erakusle argia da Theisenen esana. 2017ko urtarriletik begira jarrita, urrutiegi ageri ziren 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak. Familiako kideei, lagunei, zaleei, entrenatzaileei, babesleei, aurkariei... Guzti-guztiei eskerrak emanez itzali dira atletismoko bi piztia handi.

Aspalditik Eugenen bizi dira Eaton eta Theisen, AEBetan, eta atletismoaren eraginez egin ezin izan dituztenak egiteko asmoa daukate etorkizun hurbilean. Theisenek berak azaldu duenez, snowboarda ageri da afizio horien atzean. Eta ondoren, zer? «Ez dakit. Atleta nintzela esaten nuen lehen, baina orain ez dut asmatzen zer esan». Nahikoa argi daukate kirol mundutik aparte samar ibiliko direla, baina oraindik ez zaie iritsi erabaki horiek hartzeko ordua.

100, 400, 1.500 metroetako probak, 110 metro hesidunak, luzera, gorako eta pertika jauziak, eta pisu, disko eta xabalina jaurtiketak. Dekatloia. 200 eta 800 metroko probak, 100 metro hesidunak, gorako eta luzera jauziak, eta pisu eta xabalina jaurtiketak. Heptatloia. «Gorputzaren mugei segika borrokan ibili gara azken urteotan. Muga horietara iritsi ote garen? Argi hitz eginda, ez dakit inork hori lor dezakeen». Elkarren berri izan zutenetik, bizimodua belodromora mugatu izan dute biek ala biek, eta atseden hartzea erabaki dute. Nahikoa korrika eginda, oinez hasteko garaia da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.