Jurgi Ekiza. Willis Drummond musika taldeko kantaria

«Disko berrirako prozesuan sartu nahi dugu kontzertuen ostean»

Euskal rock taldeak bost kontzertu emanen ditu udan. Horietako lehena EHZ jaialdian izanen da, haien sorlekutik gertu. Oholtzara igotzeko «gogo biziz» daudela adierazi du Ekizak.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Urtebetetik gorako geldialdiaren ondoren, berriz emanen ditu zuzenekoak Willis Drummond rock taldeak. Bost kontzertu eginen dituzte udan, eta lehena Lekornen, etzi. Publikoaren aurrean jo ez duten arren, sorkuntza lanetan badabiltza, Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) taldekideak azaldu duenez.

Berriz igoko zarete oholtzara. Nola zaudete?

Oso kontent, gogo biziz. Erabakia hartu genuen pausa bat egiteko. Berriz biltzen hasi ginenean, proiektuari buruz hitz egin genuen, eta adostu genuen kantu berriak egin arte ez jotzea. Baina lokalean saioak egiten asko animatu ginen, eta kontzertu batzuk egitea pentsatu genuen. EHZkoek proposatu ziguten etortzea, eta hori da emanen dugun lehena. Oso kontent gaude. Jendeari dei egiten diogu festibalera joan dadin, oso inportantea baita data hori. EHZ festibal berdingabea da, eta sostengua behar du.

Ez da zuen lehen aldia EHZn. Aurtengoa, ordea, berezia al da?

Data hori oso garrantzitsua da guretzat. Oso pozik gaude berriz jo behar dugulako. Azken finean, jotzearen falta sumatzen genuen. Izugarrizko aukera eta plazera da. Bost kontzertuetatik lehena izanen da. Nahi genuen lehenik hemen jo, gure lurraldea baita, gure mundua da EHZ. Guregatik eta festibalagatik.

Beraz, lanean zabiltzate.

Gure helburua da, bost kontzertuak egin eta gero, disko berri batekoizteko prozesuan sartzea, horrek eskatzen duen denborarekin. Ikusiko dugu. Kanta batzuk bagenituen kasik amaituak etenaldia baino lehen. Batzuk hartu, eta beste batzuk baztertu genituen. Horrekin gabiltza.

Udaren ondoren, berriz desagertuko zarete, orduan?

Bai, berriz isiltasunera itzuliko gara. Gelditzeko erabakia hartu aitzin aspertu ginen komunikazioaz, zerbait egin eta hori erakutsi beharraz. Orduan hasi ginen kantuak prestatzen. Diskoa prestatua denean abisatuko dugu aterako dela.

Taldeak ia hamar urte egin ditu. Nolakoa izan da garapena?

Willis Drummonden ia beti batera egin dugu dena. Batak edo besteak, ideia landu bat eraman ahal dugu, baina uste dut musikaren nortasuna elkarrekin egiten dugunetik ateratzen dela. Erakunde handitan bezala, nolabait erratearren, beto eskubidea dugu denok. Batak esaten badu kartel hori ez duela nahi, ez dugu eginen. Gero eta gutxiago gertatzen da, baina musikalki ere horrela pasatzen dira gauzak.

Jorratzen dituzuen gaiekin ere bai?

Letra gehienak nik idazten ditut, baina besteek ere batzuetan eramaten dituzte testuak. Gauza aski pertsonalak, baina nahiko unibertsalak kontsideratzen ditut. Ez barneko testuak, baina bai bizitzaren ingurukoak. Kantu batzuk sozialagoak dira. Baina gero, idaztean, ohartzen naiz unibertsala zela uste nuen hori, ez dela bat ere izaten [barrez].

Lortu duzue Euskal Herri osoan ezagunak egitea. Nola hartu duzue hori?

Hori izan da gure sorpresa, gehienik maite duguna, Bidasoako muga desagertu zela oso laster. Lehen disko atera genuenean, Euskal Herri osoko prentsari bidali genion. Lehen zuzeneko handiak izan genituen, Irunen eta Gasteizen. Harrera biziki ona izan genuen. Kanpoan ere izan gara. Ohartu ginen, publiko batengana heltzea lortuz gero hizkuntzaren muga desagertzen dela.

Ezagunak izanik, ez al duzue presiorik diskoa kaleratzeko?

Ez dugu geure burua famatutzat. Presioa guk gure buruarekin izan dezakeguna izanen litzateke. Hasiko bagina disko bat iragartzen, behartuak sentituko ginateke gure hitza betetzera, eta orduan, bai, presioa izanen genuke. Gauzak gure erritmoan egin nahi ditugu, eta ez diogu kasu handirik egiten kanpoko presioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.