Nico Rosberg

Saria saiatuenarentzat

Gidari alemaniarrak irabazi du Munduko 1 Formula Txapelketa, haren aitak titulua eskuratu eta 34 urtera. Semeak, ordea, txiki utzi du aitak eginikoa: Keke proba bakarra irabazita izan zen txapeldun; Nico, bederatzitan nagusituta.

SRDJAN SUKI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2016ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Kostata, baina munduko txapelduna da Nico Rosberg. Ez zuen zuzenean ikusi bere aitaren titulua, Keke Rosberg txapeldun izan baino hiru urte geroago jaio baitzen. Eta hiru urte itxaron behar izan ditu Mercedes auto garailean titulua lortzeko. Lewis Hamiltonek kendu zizkion aurreko biak, eta hari aurre eginda lortu du aurtengoa. Oso gorabeheratsua izan da denboraldia, hiru fase oso argirekin, eta estu iritsi zen igandean amaierara. Arazo eta ezusteko handirik gabe, Rosbergek erraz lortu zuen helburua.

Aita finlandiarra badu ere, Nicok naziotasun bikoitza du —alemaniarra ere bai—. Zenbait mailatan naziotasun batekin edo bestearekin lehiatu zen, baina FIAk bakarra hartzera behartzen du, eta Romain Grosjeanek suitzar eta frantziarraren artean aukeratu behar izan zuen bezala, Nicok alemaniarra hautatu zuen. Bitxia da frantsesez, italieraz, alemanez, ingelesez eta gazteleraz hitz egitea baina finlandieraz ez, gurasoek ez erakustea erabaki zutelako etorkizunean lagungarri izango ez zitzaiolakoan.

Aitaren babesean egin zituen lehiaketako lehen urteak, espresuki harentzat sortutako taldeetan. Halakoetan irabazteko laguntzarik handiena baliabide asko izatea da, eta horretan ez zuen aurkaririk izan. Erraztasun horiek, ordea, 2004an amaitu ziren, Formula 3 Euroseries mailan eginiko azken urtean. Laugarren amaitu zuen txapelketa, goitik behera eginda. Ordurako dastatu zituen 1 Formula auto batzuk; haien artean, 2003ko Williams-BMW azkarra. Ohikoa zen garai hartan gidari gazteei autoak probatzeko aukera ematea, etorkizuneko izarrak arrantzatzeko.

Debuta, aitaren talde berean

Aitaren gerizpetik urrundu eta bere kabuz lehiatzeko aukera 2005ean iritsi zitzaion, GP2 estreinatu berria zen txapelketan. Hura zen 1 Formularen aurreko maila, zirkuitu berberetan lehiatzen zena. Goi mailako izenak zeuden gidari zerrendan: Heikki Kovalainen, Scott Speed, Giorgio Pantano, Gimmi Bruni, Nelson Piquet Junior... Txapelketa urteko azken lasterketan erabaki zen, Bahrainen. Rosbergek hiru punturen aldea ateratzen zion Kovalaineni. Asteburu horretako bi lasterketak nagusitasunez irabazi zituen alemaniarrak, eta titulua irabazi zuen. Horrek ireki zion Williams-Cosworth talderako atea hurrengo urterako.

Williamsen eman zituen lau urteetan emaitza txukunak lortu zituen, baina behin bakarrik igo zen podiumera. Bere urterik onena azkena izan zen, 2009a, Jenson Buttonek BrawnGPrekin Munduko Txapelketa irabazi zuen hura. Mercedesek fitxatu zuen hurrengo urterako, Michael Schumacherrekin talde guztiz alemaniarra sortzeko, BrawnGP erosi ondoren. Itxaropen handiko urte hori, ordea, ustela izan zen, taldea eraldaketa sakonean sartu baitzen. Hiru urte apalen ondoren, Lewis Hamilton fitxatu zuen taldeak Schumacher ordezkatzeko, eta Mercedesek gora egin zuen. Hurrengo urtean, turbo motorren itzuleran, Mercedes autoak nagusi ziren. Horrelaxe mantendu dira, goian, ukiezin, azken hiru urteetan. Rosberg eta Hamilton taldean egon ziren lehen hiru urteetan ingelesa gailendu zen, bi titulu bereganatuz. Aurten, ordea, alemaniarra izan da garailea.

Aurten, bai, eta aurreko urteetan, ez; zergatik? Ezin da amaitu berri den denboraldia ulertu atzerago joan arte. Hamiltonek 2015eko titulua Austingo (AEB) zirkuituan lortu zuen, Rosbergek egindako opari bati esker. Ingelesa hustu egin zen hortik aurrera, eta alemaniarra, puztu. Iazko azken hiru lasterketak eta aurtengo lehenengo laurak irabazi zituen. Guztira zazpi lasterketa Hamiltoni, bere aurkari bakarrari, argi eta erraz irabazita. Iazkoek balio gutxiago zuten, titulua erabakita baitzegoen. Baina aurtengoek denboraldiaren noranzkoa erabat baldintzatu zuten, txapelketa oso maldan behera jarrita.

Presiopean huts egiteko joera zuen ordura arte Rosbergek, aurkariei eta bereziki Hamiltoni puntuak oparituz. Aurten, ordea, ahultasun horri aurre egiteko bere jarrera lehiakorrena garatu du. Sendo aritu da buruz burukoan, eta Austriako lasterketa da horren adibide nagusia. Askotan bigun jokatzea leporatu izan diote. Austriako azken itzulian mezua bidali nahi izan zion Hamiltoni, «ez zara pasatuko» moduko defentsa eginez. Ez zitzaion ondo atera, baina zerbaiten erakusgarri zen. Hori baita Rosberg, ikasle eta langile nekaezina. Berezko dohaina behar da halako mailan txapeldun izateko, baina bere kirol ibilbidea ikusita ezaugarri bat nabarmendu da guztien artetik: behin eta berriro saiatzea.

Ez dago gaur egun beste gidaririk talde berean hainbeste urte daramatzanik. Datorren urtea zortzigarrena izango du Mercedesen. Ez da lokartuko, auto berrietara egokitzeko beste inor ez bezala saiatuko baita. Beti egin izan du horrela, eta ez da aldatuko orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.