Laura Perez Ruano. Ahal Dugu-ren idazkari nagusia Nafarroan

«Gu ez gara PSN, eta Podemos ez da Ferraz»

Euskara irakaslea eta CGT sindikatuko abokatua da Nafarroako Ahal Dugu-ren idazkari nagusia. Aldaketa politikoaren bidean, UPNri aginte makila kentzeaz gainera PSN ere baztertu beharko dutela uste du. Gainontzeko indarrei gonbita egin die negoziatzen hasteko.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2015eko otsailak 24
2011ko ekainean, Felipe Borboikoa Iruñean zela, artean ezezaguna zen herritar batek, Laura Perez Ruanok (Iruñea, 1980), abdikatzeko eskatu zion printzeari aurpegira. Han zen Nafarroako Gobernuko presidente ohi Miguel Sanz ere, eta eztabaida eten egin nahi izan zuen. «Errepublika nahi baduzu, sor ezazu alderdi bat, ea jendeak botoa ematen dizun!», esan zion. Ordutik, alderdi bat sortu ez, baina gorabidean den indar politiko baten buruzagitza lortu du Perezek Nafarroan, Ahal Dugu-ren primarioak irabazita. Eta Sanzen aholkuari jarraiki, gainera, erabakigarria izan daiteke UPN oposiziora bidaltzeko. Martxoaren 31n jakingo da zein den haien lehendakarigaia.

Primarioen biharamunean, aldaketa zehazten hasteko eta alderdia egituratzeko lanean jarri beharko zenutela esan zenuen.

Bai, gauza asko daude alderdian zehazteke. Garrantzitsua da alderdi barruan dauden pertsona guztiek bat egitea, elkarrekin alderdi sendo bat eraikitzeko.

Baita zurekin lehiatu diren hautagaiek ere?

Bai, noski. Alderdi barruan, hamahiru idazkaritza sortzeko asmoa dut, eta gustatuko litzaidake horietako bakoitzaren gidaritzan pertsona kualifikatuenak egotea, nire ildokoak izan ala ez. Zehazki, Ekonomia Gaietarako Idazkaritza hartzea galdegin diot Joan Josep Boschi.

Eta zer erantzun dizu?

Tira, oraingoz ez du baietz esan, ezta ezetz ere. Baina konbentzituko dugula uste dut.

Seguru? Kanpaina mikatza izan da zuen bion artekoa...

Bai, baina horretan zerikusi handia izan du hedabideen esku sartzeak ere. Egunkariek gai bakar bat nabarmendu nahi zuten: hauteskundeen ondorengo itunak, gainontzeko guztia albo batera utzita. Eta beste gai horiek denak aintzat hartzen baditugu, ikusiko dugu Ahal Dugu-ren kideak batzen gaituen hori askoz handiagoa dela banatzen gaituena baino.

Dena den, agerikoa da Nafarroako eskuinak Bosch nahiago zuela. Haserre azaldu dira batzuk zure izendapenarekin...

Bai? Zuk uste?

Ezker abertzalearen satorra zarela esaten dute.

Badakit, bai, baina horrek adierazten duen gauza bakarra da oso urduri daudela gurekin. Eta ez soilik UPN edo PP, baita PSN ere. Izan ere, gure hautagaitzak argi eta garbi hitz egin du hasiera-hasieratik: aldaketa nahi dugu. Erabatekoa. Eta gauzak horren argi adierazita jendeak babesa eman badigu, haiek ere aldaketa nahi duten seinale.

Iñigo Errejonek Boschen hautagaitza babestu zuen. Ildo alternatiboak irabazi du Nafarroan?

Hautagaitza ez-ofizialaren etiketa hedabideek jarri ziguten, ez Podemosen barruko inork. Nire ustez, Errejonek Boschi emandako babesak arrazoi sinpleago bat dauka: hautagaitza horretako kideak ezagutzen zituen, konfiantzazkoak ziren. Izan ere, Podemoseko barne antolakuntzako arduradunak lanez gainezka ibiltzen dira, eta ez dituzte hautagaitza guztiak zehatz-mehatz ezagutzen. Guk, bestalde, hautagaitza azken unean aurkeztuta, ez genien aukerarik eman gurekin elkarlana sustatzeko. Hemendik aurrera, haiekin hitz egin eta loturak sendotuko ditugu.

Horrek esan nahi du, balizko gobernu alternatibo bat osatzeko aukera badago, askatasuna izanen duzuela nahi dituzuen itunak sinatzeko?

Bai. Esan izan da Podemosen Kontseilu Hiritar Nagusiak atzera bota ditzakeela Nafarroan hartutako erabakiak, eta ez da egia. Kontseilu hori eztabaidarako foro bat da. Gauzak azaltzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera ematen duen organoa. Ni neu ere izanen naiz han, Nafarroako idazkari nagusia naizen aldetik.

Baina beto eskubidea dauka organo horrek...

Bai, baina salbuespen egoeratan bakarrik aplikatuko da. Ez da orokorrean ezartzen den formula bat. Podemosen estrategia nagusiaren kontrako itunei soilik eragiten die. Beraz, kasu bakoitza banan-banan aztertu beharko da, baina gure konpromisoa kontuan hartuta; hau da, Nafarroan sinatutako itunak errespetatuko direla, guk beste erkidego batzuetan sinatzen direnak errespetatzen ditugun bezalaxe.

Beraz, 2007ko abuztuko folletoia ez da zuekin errepikatuko?

Gobernu alternatiboaren osatze prozesuan Ahal Dugu baldin badago, behintzat, ez. Podemos ez da Ferraz, eta gu ez gara PSN.

Zure hautagaitzaren aurkezpenean esan zenuen ez duzula akordiorik sinatuko UPN, PP eta PSN alderdiekin. Zergatik?

Nafarroan alderdi horiek izan direlako orain arte boterea maneiatu dutenak; eta Espainian, berriz, neurri antisozialak aplikatu dituztenak: bizi osorako kartzelaldia ezartzen duen Zigor Kodea; pertsonen beharren gainetik bankuen zorra lehenesten duten legeak; lan erreformak... Hori guztia sustatu dutenekin ezin dugu itunik sinatu.

Eta oposizioko beste alderdien artean, baduzu lehentasunik?

Ez. Gehiengo soziala ordezkatzen duten alderdi guztiekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest nago. Eta irizpide hori ez dut balizko gobernu itun batera mugatu nahi. Gure eguneroko jardunean ere jarrera hori mantendu beharko genuke.

Nafarroako Ahal Dugu-ren hautagaia Laura Perez izanen da?

Zintzo diot: ez dakit. Ez dut erabakirik hartu, niretzat politika ez delako kargu soil bat. Irakasle edo abokatu lanetan nabilenean politika ari naiz egiten, borroka sindikala ere politika da... Mundua eraldatzeko modua da politika, eta forma anitz har ditzake. Oraindik ez dut erabaki nora eraman nahi dudan nire borroka.

Zu euskalduna eta euskaltzalea zara, baina alderdikide batzuek eginiko adierazpenek zalantzak sortu dituzte Ahal Dugu-k sustatu nahi duen hizkuntza politikaren inguruan...

Nik aukera izan dut militante askorekin hitz egiteko, Erriberan adibidez, eta hasiera batean euskararekiko sentsibilitate gutxiago zutela ematen zuen arren, haiekin solastatu ostean ikusi dut gure kezka eta nahi berberak dituztela: euskara ikasteko aukera Nafarroa osora hedatzea, erabilera normaltzea... Zentzuzko gauzak, finean.

Gai sozialak egon dira zure aldarrikapen nagusienen artean. Gobernura iritsiz gero, zeintzuk izanen dira hartuko dituzuen lehenbiziko neurriak?

Lehenik eta behin, foru komunitateak duen zorraren auditoria bat egin nahi dugu, horretarako Kontuen Ganberak eginiko txostenak oinarri hartuta: zenbat diru zor dugun, nori zor diogun eta zergatik. Hori guztia argitu behar dugu, pagatu beharrekoak pagatzeko, bai, baina ordaindu behar ez duguna ere ezagutzeko eta diru hori beste nonbaitera bideratzeko. Bestalde, behar larriak dituzten herritarren erreskate bat ere bultzatu nahi dugu. Azkenik, eskura ditugun konpetentzien jakitun izan behar dugu: esparru juridikoan, ekonomikoan zein tokiko administrazioan, hamaika baliabide dauzkagu, eta orain arte ez ditugu erabili. Oso baliagarriak izan daitezke, hemengo arazoei erantzun zehatzak eta eraginkorrak eman ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna