Ibon Fernandez Iradi. Euskal presoa

«Erabakia politikoa da; zigorra eteteko baldintza guztiak betetzen ditut»

Larri gaixo dauden hamar euskal presoetatik Frantziako espetxeetan dagoen bakarra da Ibon Fernandez Iradi. Auzitegiek hamaikagarren aldiz esan diote bateragarria dela bere gaitza espetxeko baldintzekin. Bera ezezkoan da.

inaki petxarroman
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Hamahiru urte daramatza preso Ibon Fernandez Iradik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971). Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2011n, Frantziatik Espainiara aldi baterako estraditatu zutenean. Orduz geroztik, hamaika aldiz eskatu du aske uzteko, bere gaixotasunari aurre egiteko baldintzarik ez dagoelako kartzela barruan. Berriki eman diote Frantziako auzitegiek beste ezezko bat, eta giza eskubideen Estrasburgoko auzitegiko atea jotzeko prestatzen hasi da. Lannemezango espetxetik erantzun dio BERRIAk idatziz igorritako galdetegiari.

Frantziako Apelazio Auzitegiak berriz bota du atzera zu askatzeko egin diozuen eskaera. Zer balorazio egiten duzu azken epai horretaz?

Bi ondorio nagusi atera ditugu: lehena, epaiketa hasi baino lehen erabakia hartua zutela; eta, bigarrena, lehenari lotua, ez zutela nahi, noski, ni ateratzea. Epaiketa nola joan den ikusita, erabakia jaso baino lehen, bagenuen aipatu dizudanaren susmoa, eta, ebazpena jaso eta haren terminoak ikusita, guztiz berretsi da. Beraz, gure ustez, zigorraren etetea jasotzeko baldintza guztiak betetzen ditudan arren, epaiketa hasterako zeukaten epaileek erabakia hartuta, eta hori nola jantzi zuten arazo bakarra.

Epaileak ebatzi du zure gaitza espetxeko bizi baldintzekin bateratzeko modukoa dela. Zuk kontrakoa diozu. Zergatik?

Auzitegiek berek bidalitako hiru aditu medikuek, eritasunari aurre egiteko zein zaintza mota behar nuen zehazteko orduan, irizpide batzuk aipatu zituzten. Adibidez, besteak beste, zenbatean behin jaso behar ditudan neurologoaren kontsultak eta fisioterapia saioak: urtean behin, gutxienez, neurologoarekin kontsulta bat; eta astean behin fisioterapia saio bat. Errealitatea da, ordea, badirela hiru urte neurologoa ikusten ez dudana, eta ezinezkoa da astean behin fisioterapia saio bat izatea. Dena dela, esan dezakegu ikuspegi «tekniko» bat dela aipatutakoa, zeren eta, zentzuzko ikuspegi batetik, bistakoa da espetxean ez dagoela baldintzarik esklerosi bat modu egokian artatzeko. Aitzitik, espetxean baldintza guztiak daude eritasuna larriagotzeko eta azkartzeko.

Orain, helegite bat jar dezakezu kasazio auzitegian, eta hor amaituko da Frantziako auzibideetako bidea. Gero, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren aukera geratuko zaizu. Baduzu itxaropenik han gauzak aldatzeko?

Printzipioz, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko asmoa dugu, bai. Dena dela, lehenik Frantziako Kasazio Auzitegitik pasatu behar dugu, eta ikusi beharko da azken erabaki hori nola geratzen den. Abokatuen lana da aztertzea ea baldintzak dauden Estrasburgoko auzitegira jotzeko, baina asmoa badugu, behintzat. Itxaropenari dagokionez, auzitegitik auzitegira ibiltzeak eta haietan euskaldunok nola tratatzen gaituzten ikusteak eskarmentua ematen du, eta, beraz, nahiago dut esan bidegabekeria hauei aurre egiteko posible den esparru guztietara joko dugula eta ez garela eskuak gurutzatuta geratuko. Amore eman, behintzat, inoiz ez.

Zer moduz zaude osasunez?

Eritasuna 2011ko urtarrilean hasi zitzaidan, eta ordutik hona hainbat agerraldi izan ditut. Haien ondorioz, bi epealditan gurpil aulkian geratu naiz, eta elbarritasun maila bat daukat. Ditudan hainbat lesiok ez dute atzerabiderik, eta hainbat sintoma egunero kudeatu behar izaten ditut: gorputzaren ezkerralde guztian mina daukat eta ukimen sentsibilitate arazoak dauzkat, parestesiak. Horrez gain, neke fisiko handia, ahulezia hanka batean eta sarritan akufenoak ere izaten ditut —soinuak belarrietan—. Sintoma horiek kudeatzea ez da batere erraza, eta are gutxiago nire egoeran. Esklerosi anizkoitzak edozein unetan erasotzen dizu, eta, erasoa pasatu ondoren, sintoma zaharren larriagotzea eta berrien agerpena edo betikotzea gertatzen da.

Gainera, beldur zara sintoma horiek ez ote diren okertuko etorkizunean.

Bai, kezkagarriena horixe da; alegia, badakidala etorkizunean etor daitekeen guztia okerragoa izango dela. Espetxea ingurune ezin aproposagoa da okertze hori azkartzeko eta larriagotzeko. Hori guztia ondo dakite orain espetxean geratu behar dudala erabaki duten epaileek. Ederki asko dakite esklerosi anizkoitza bizi osorako eritasuna dela eta neurodegeneratiboa dela. Beraz, helarazi didaten mezua argia da: «Badakigu dagoeneko elbarritasun maila bat duzula, baina guztiz elbarri izatea itxaroten dugu, jakinik espetxean hori azkarrago gertatzeko baldintza guztiak daudela». Hori erabaki dute.

Nola eragiten dio espetxeak zure gaixotasunari?

Halako eritasun bat kalean kudeatzea konplikatua da, baina espetxean are zailagoa da. Zaintzeko behar den oinarrizko baldintzarik ez dago espetxean. Zailtasunak, oztopoak eta arriskuak eguneroko ogia dira, eta nonahi topatzen dituzu, gainera. Espetxean presoen artean sarri egoten den edozein infekzio (gripe, gastroenteritis, katarro edo dena delakoa...) harrapatu eta eritasuna gaiztotuko den beldurra izaten duzu, neurologoa ezin izaten duzu ikusi, beharrezko fisioterapia saio kopurua izateko aukerarik ez daukazu, ospitalera larrialdiz ateratzeko zailtasunak daude... Beraz, preso guztiek duten espetxe zigorraz gain, bestelako zigor bat ere badut gainean: nire osasuna okertzea dakarren egoera bat pairatzea. Preso guztiok amesten dugu askatasuna berreskuratuko dugun egunarekin, baina larri gaixo gaudenok badugu beste kezka bat: gure egoera fisikoa txarra bada, eta jakinda bizitza osoan zaintzak beharko ditugula, zein osasun egoeratan eskuratuko dugun askatasun hori.

Lorentxa Gimon askatu zuen Frantziak. Zu zergatik ez?

Hori epaileek esan beharko lukete, baina nik nire interpretazioa emango dizut. Guri buruzko erabakiek motibazio politiko handia izaten dute; batzuetan, oso agerikoa, eta, besteetan, ez hainbeste. Nire ustez, halako erabakiak hartzen dituztenean, kostu-onura irizpideak kontuan hartuta egiten dute. Hau da, kasu bakoitzak ditu bere ezaugarriak, baldintzak eta testuingurua. Hori guztia kontuan izanik, erabaki jakin bat hartzeko, termino politikoetan neur daitezkeen kostu eta onurak hartuta erabakitzen dute. Lorentxaren kasuan, zigorraren amaiera gertu zuen, eta haren prozedura baldintzapean askatzeko eskaera bat zen. Nire kasuan, berriz, zigorraren bukaera urrun daukat oraindik, eta ezin dut baldintzapean askatzeko eskaerarik egin. Pentsatzen dut kasu bakoitzak dituen ezaugarriak, horrek politikoki daukan eragina eta momentu bakoitzean helarazi nahi duten mezua kontuan hartuta etorri direla erabaki ezberdinak.

Zu ez askatzeko arrazoia politikoa dela iruditzen zaizu?

Bai, politikoa iruditzen zait, zigorra eteteko baldintza mediku guztiak betetzen ditudalako, bai nire osasunari dagokionez, eta baita ere espetxean zaintza egoki bat jasotzeko dauden gabeziei dagokienez. Ezetza, beraz, arrazoi politiko batengatik baino ezin daiteke izan.

Baduzu hori esateko arrazoirik, susmoetatik harago?

Apelazio auzitegian eduki nuen aurreko epaiketan, fiskalak, bere txostenean, inolako lotsarik gabe idatzi zituen argudio politiko eskandalagarriak. Atzetik halako argudioak izaten direla badakigu, baina normalean ez dituzte esaten, eta are eta gutxiago idazten. Oraingo epaian itxura gehiago zaindu dute, eta ezetza argudio medikuekin janzten saiatu dira oro har. Baina ikusten duzunean, alde batetik, epaileek ezezkoa erabaki dutela epaiketa hasi aurretik; eta, bestetik, arrazoi mediku guztiak, eta baita epaileek izendatutako adituen irizpideak ere, zigorraren etetearen aldekoak direla, eta, hala ere, ezezko erabakia hartzen dutela, bada, argi geratzen da erabakia politikoa dela.

Zurearen antzeko kasu batzuetan, kontrakoa ebatzi izan dute Frantzian.

Bai, Frantziak ez zuen eragozpenik izan Maurice Paponi zigorra eteteko osasun arrazoiengatik. Maurice Papon Girondeko Prefekturako idazkari nagusia izan zen nazien erregimenaren kolaborazioaren garaian. Ondoren, Parisko polizia prefeta izan zen 1960ko hamarkadan eta ministro 1970eko hamarkadan. Milaka judu gas kameretan akabatzen zituzten guneetara deportatzeagatik zigortu zuten, eta, baita ere, 1961. urtean, polizia prefeta zela, ehunka manifestari Sena ibaira botata hiltzeagatik. Frantziak ez dizkigu ezarri nahi euskaldunoi Paponi ezarri dizkion irizpide berak.

ETAk armak utzi zituenetik bost urtera, onerako aldatu al da presoen egoera Frantzian?

Nire kasuaz hitz egingo dizut. Adibidez, epaileek ezezko bat ematen dutenean, arduradun politikoek erabili izan dute independentzia judizialaren argudioa. Nik hori ez dut sinesten,baina badira argudio mota hori biluzten duten beste datu batzuk ere. Esate baterako, euskal preso politiko gehienei, espetxera sartu orduko, «bereziki zaindu beharreko presoaren» etiketa jartzen digute, niri egin zidaten bezala. Etiketa hori ministerioak hartutako erabaki baten ondorioa da, hau da, erabaki politiko hutsa.

Zein eragin dauka izendapen horrek zuengan?

Niri, esate baterako, etiketa horrek zaildu egiten dit espetxetik kanpo mediku kontsultak izatea eta arazo handia da, esate baterako, larrialdiko ospitaleratze baten kasuan. Borroka armatua duela bost urte desagertu bazen ere, Frantziako Gobernua ez da gai izan etiketa hori kentzeko, eta, horretan epaileek ez dute zerikusirik. Esan beharrik ez dago hori ez dela Frantziako Gobernuak mantendu edo larriagotu duen erabaki bakarra, bestela, ikusi besterik ez dago preso politikoen sakabanaketa egoerak nola jarraitzen duen.

Preso gaixoen aldeko mobilizazioak ugaritzen ari dira. Itxaropena baduzu gizartearen bultzada horrekin?

Azken aldian gizarte aktibazioa nabari da, eta txalotzeko modukoa izateaz gain, norabide onean doa. Larritasun handiko egoerak daude preso gaixoen artean, ahalik eta azkarren konpondu beharrekoak, eta horiek konpontzeko, ezinbestekoa da gizarte aktibazioa. Ildo horretan, eta, ikuspegi pertsonalago batetik, oso eskertuta nago jaso ditudan elkartasun mezu eta adierazpen guztiekin, zein ekimen ezberdinetan parte hartu duen jende guztiarekin. Bereziki aipatu nahiko nuke Ipar Euskal Herritik jaso dudan sostengu handia eta nire herrian, Lasarte-Orian, hainbat herritarrek egindako lan itzela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.