Txinak MMEra jo du berriz, AEBen muga zergen kontra

Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Xiren hitzaldiak itxaropen pixka bat sortu du, Txinaren eta AEBen arteko gerra komertziala negoziazio baten bidez konponduko ote den. Itxaropen txikia da, Trumpen ingurukoek esaten baitute beranduegi dela negoziazioetarako, eta Pekinekin hitz egiteak ezer gutxirako balio duela.

Elkarrizketa horiek agian Munduko Merkataritza Erakundearen aterkiaren azpian egingo dira. Izan ere, Txinako Gobernuak organo horretara eraman ditu AEBek iragarri dizkion muga zergak.

Apirilaren 5ean jarri zuen lehen salaketa Txinak AEBen aurka, Washingtonek bere 1.333 produkturen inportazioei iragarritako %25eko muga zergaren aurkakoa. Atzo iritsi zen bigarrena, eta altzairuaren %25eko muga zergari eta aluminioaren %10ekoari dagokio.

Munduko Merkataritza Erakundearen arauen arabera, 60 egun izango dituzte bi aldeek desadostasunak elkarrizketaren bidez konpontzeko. Halakorik ez balego, Txinak eskatu ahal izango du gatazka sortzeko panel edo batzorde bat osatzea. AEBek badute organo horren sorrera blokeatzeko aukera.

Pekinek argudiatu duenez, AEBek ez dute azalpen «arrazoizkorik» eman altzairuaren eta aluminioaren inportazioak zigortzeko. Soilik esan dute produktu horien inportazioa asko handitu dela, eta horrek AEBetako ekoizleei kalte egiten diela. Halaber, kexu da Txina AEBek zenbait herrialde eta bloke komertzial salbuetsi dituela muga zerga horietaz, hala nola Europako Batasuna, Kanada, Mexiko, Hego Korea eta Brasil. Kanadaren eta Mexikoren auzia NAFTA merkataritza itunaren birnegoziazioan konpondu nahi du Donald Trumpek. Beste herrialdeena konpontzeko, berriz, apirilaren amaieran bukatuko den epe bat eman du AEBetako presidenteak. EBk erantzun dio ez dagoela denborarik desadostasunak konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.