Alfredo Ollero. Ubidea Leheneratzeko Biltzar Iberikoaren antolatzailea

«Ibaiak gaixo dira oraindik ere, eta behar dute txoke tratamendua»

edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ubidea Leheneratzeko Zentro Iberikoak antolatu du asteartean hasi eta gaur amaituko den biltzarra. Alfredo Ollero da erakunde horretako presidentea (Logroño, Espainia, 1964). Ibaien alde lan anitz dago egiteko oraindik ere, haren hitzetan. «Gizakiaren eta ibaien arteko oreka behar dugu, baina, oraingoz, ibaiei eman beharko genieke lehentasuna, beharra baitute».

Zein da biltzar honen helburua?

Duela lau urte egin genuen lehen biltzarra, eta oraingoaren asmoa da denbora horretan zer bide egin dugun aztertzea, aurrera egin ote dugun ikustea.

Hobera egin du egoerak?

Teoriaren esparruan aurrera egin dugu, zalantzarik gabe. Zientzialariak eta teknikariak gara hemen bat egin dugunak. Gure lan esparruan sortu dira proposamenak eta lan ildoak. Bertze gauza bat da proposamen horiek gauzatzeko prozesua. Hor zailtasun gehiago daude.

Nolako zailtasunak?

Zenbaitetan, zailtasunek aurrekontuarekin dute zerikusia. Ezin dira gauzak egin dirurik ez dagoelako. Bertze zenbaitetan, zailtasun sozialak daude, egiten diren proposamenak ez dituztelako ontzat jotzen ibaien ondoan bizi direnek. Kasu anitzetan, hala ere, zailtasunak administrazioaren esparrukoak dira. Hainbatek parte hartzen dutelako proiektu bakar batean, adibidez.

Ibaiak leheneratzeaz ari zaretenean, zertaz ari zarete, zehazki?

Hor ere bada eztabaida, zenbaitentzat leheneratzea ez baita hitz egokia. Horrek ekarriko luke ibaiak berezko egoerara itzultzea, eta hori egun ezinezkoa da. Beraz, errealistago izan behar dugu. Hau da, argi izan behar dugu ahal dugun neurrian leheneratuko ditugula ibaiak.

Neurri hori zehazten du ibaien eta herritarren arteko harremanak?

Hala da. Argi izan behar dugu, hala ere, harreman horretan ibaiak izan direla galtzaile denbora luzez. Ibaiak hagitz gaizki daude, eta, ondorioz, harreman orekatu bati buruz hitz egin baino lehen, ibaiei eman beharko genieke lehentasuna, egungo egoera txar hori hobetze aldera.

Zer egin die gizakiak ibaiei?

Hondatu egin ditugu, neurri handi batean. Europako bertze hainbat herritan ere gertatu da, baina hemen baino lehenago. Ondorioz, lehenago hasi ziren egoerari buelta ematen. Denbora gehiago daramate ibaiak leheneratzeko lan hori egiten. Hemen, ibaiak gaixo dira oraindik ere, eta behar dute txoke tratamendua, oreka hori helburu eduki ahal izateko.

Presak aipatu dituzte hainbat adituk, ibaien arazoen artean.

Presek kalte egiten diete ibaiei. Baina gizakiek erabili behar dituzte. Konponbidea ez da erraza, beraz. Bertzalde, ibaiari bere tokia kendu diogu; haren bidea moldatu dugu. Horrek ekarri du ibaiaren funtzionamenduak okerrera egitea, eta gora egitea uholde arriskuak.

Ebroko azken uholdeen harira, ibaia dragatzea eskatu zuten, berriz ere, nekazariek. Zer deritzozu?

Halako neurriek ez dute zentzurik. Ez dute arazoa konpontzen. Baina nekazariek halako eskaerei eusteak erakusten du gizartean heziketa lan handia dugula egiteko oraindik ere.

Eskaera horrekin bat egin dute hainbat politikarik ere.

Azken uholdeetan, sumatzen zen hauteskunde giroa. Boto-emaileek ibaia dragatzea eskatzen badute, baiezkoa erraten diete. Esparru horretan ere badugu lan anitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.