Macronek FDJ, Engie eta Parisko aireportuak salduko ditu

Iker Aranburu -

2018ko ekainak 14
Frantzian 1986az geroztik izan diren gobernu guztiek bezala, Emmanuel Macronenak ere enpresa publiko batzuk pribatizatuko ditu. Ez da izango, sindikatuek salatu duten bezala, SNCF trenbide konpainia publikoa, sinbolismo txikiagoko hiru enpresa baizik: ADP Parisko aireportuen kudeatzailea, FDJ Française des Jeux zori jokoen monopolioa eta energia arloko Engie (Gaz de Franceren eta Suezen batuketa).

Frantziako Gobernuak oraindik ez du jakinarazi enpresa horien zer zati salduko duen, eta baliteke denbora behar izatea kopuruak jakiteko, ezin baitu hiru enpresa horien akzio gehiago saldu legea aldatu gabe. Araua aldatzeari ekingo dio lehenik, astelehenean aurkeztuko duen lege proiektu baten bidez.

Jakina da, ordea, Parisek zer egin nahi duen pribatizazioen bidez lortuko duen diruarekin: zati bat zorra kitatzeko erabiliko du, eta beste bat enpresetan I+G sustatzeko funts publiko bat sustatzeko.

Frantziako Estatuak ADPtik eta Engietik lortuko du diru gehien. Bi taldeak jada partzialki pribatizatuta daude —Engieren heren bat gordetzen du, eta ADPren %50,6—, eta burtsan kotizatzen dute. Akzio publikoek 16.700 milioi euro balio dute. FDJn, berriz, estatuak bere esku dituen akzioek 3.100 milioi balio dute (FDJren %72).

SNCF, publiko

Asteartean Les Echos egunkariari eskainitako elkarrizketan, Bruno Le Maire Finantza ministroak argi utzi zuen arrazoi ideologikoak ere badirela enpresak pribatizatzeko: «Uste dugu estatuak hobeto defendatzen duela interes publikoa arauen bitartez enpresen kapitaletan izaten baino». Horrek ez du esan nahi, ordea, Macronen gobernuak uko egiten diela parte hartze publiko guztiei. «Subiranotasun nazionalari dagozkion jardueretan egon behar du estatuak, hala nola nuklearrean eta defentsan, baina baita SNCFren moduko zerbitzu publiko nagusietan ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna