Aberastasuna banatzeko gatazka gehiago behar direla dio ELAk

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Lan gatazkek gora egin behar dute. Hori da ELAk atzo egin zuen agerraldian nabarmendu nahi izan zuen mezua. «Inoizko aberastasunik handiena sortzen ari garen honetan, Euskal Herrian 2008an baino 100.000 lanpostu gutxiago dauzkagu, eta lan errentek 2,5 eta 3,3 puntu artean galdu dituzte aberastasun banaketan». Horrela azaldu zuen Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak. Sindikatuak egindako kalkuluen arabera, soldataren banaketa duela hamar urtekoaren parekoa balitz, lan errentetan 1.600 milioi euro gehiago banatu beharko lirateke. «Baina ez da halakorik gertatzen».

Igeregik ohartarazi zuen lan gatazkek gora egin beharko dutela egoera bideratzeko. Soldatetan galdutako erosahalmena negoziazio kolektiboaren bidez berreskuratu beharko baita, haren ustez. «Itunak baldintzak hobetzeko tresna izan daitezen lortu behar dugu; ez dugu bolaluma-sindikalismorik egingo». Hau da, ahal beste langileri babesa emango dioten hitzarmenak sinatu baino gehiago, edukiak dituzten itunak sinatuko dituztela aurreratu zuen: prekarizazioari aurre egingo dioten itunak, eta ekonomiaren hazkundea soldatetara iritsiko direnak. «BPGaren araberako hazkundea eduki behar dute soldatek»; hau da, %3 ingurukoa.

Jaurlaritzari abisu bat ere egin zion Adolfo Muñoz idazkari nagusiak: «Sindikatuak ahultzeko asmoarekin, ez diezaiotela gehien duenari gehiago eman». Hala,«euskal eskumari» galdera zuzena egin zion: «Botere ekonomikoak eskatzen dion papera betetzeko prest dago?». Hala balitz Adegiren proposamenei men egingo liokeela gogorarazi zion: langileek enpresaburuekin lan baldintzak banan-banan negoziatzea. Eta hori atzerapausoa litzateke, sindikatuaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.