Batez ere, motibatzailea

Eusebio Sacristan izango da Realeko entrenatzailea, eta 2017ko ekainera arte sinatu du. Lehen Mailan ez du eskarmenturik, baina zuzendaritzaren apustua da.
Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Eusebio Sacristan entrenatzaile berria elkar agurtzen, atzo, kontratua sinatu ondoren.
Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Eusebio Sacristan entrenatzaile berria elkar agurtzen, atzo, kontratua sinatu ondoren. REALA

Jon Eskudero -

2015eko azaroak 10
Berriro ere hutsetik abiatzeko, entrenatzaile profila errotik aldatuko du Realak. Eusebio Sacristan izango da txuri-urdinen hurrengo gidaria, gutxienez 2017ko ekainera arte, eta gaur arratsaldean zuzenduko du lehen lan saioa, Zubietan (16:00). David Moyesen bestelako ezaugarriak ditu Eusebiok eta, batez ere, motibatzailea da. Atzo egin zituen lehen adierazpenak taldearen webgunearentzat, eta izaera hori azaleratu zitzaion: «Taldea dinamika txar batean murgilduta dago, eta orain, dinamika hori aldatzea da lehentasuna. Talde honek gauza handiak egin ahal izateko ezaugarri guztiak ditu».

Eusebiok badaki nora datorren. Bartzelonan txuri-urdin ohi asko izan zituen alboan, eta haiek azaldu zioten zein den taldearen idiosinkrasia. Jokalari eta teknikari gisa ere askotan aritu da Donostian. Reala Lehen Mailara igo zen egunean, esaterako, bera zegoen aurkariaren aulkian. «Zale bikainak ikusi nituen, taldearekin bat egiten. Hiriak ere txunditu ninduen, banderekin... Ligak irabazi zituen talde hura ere badatorkit burura, denok buruz genekizkien hamaikako haiekin. Ni harro nago talde hau entrenatzeaz; ohorea da, eta berriz ere une politak bizitzeko itxaropena dut».

Eusebio ez da iritsi berri bat futbolaren mundura, baina Reala du Lehen Mailan lehen entrenatzaile postuan entrenatzeko aurreneko aukera. Juan Carlos Andres izango du laguntzaile, eta konfiantzazko prestatzaile fisikoa ekarriko du. Eskarmentu falta leporatuko diote hasieratik, baina, Jokin Aperribairen lan taldearen ustez, hori ez da oztopo, estrategia baizik. Ibilbide luzerik gabeko entrenatzaileek lan ona egin izan dute Realean azken urteotan. Besteak beste, Martin Lasarte inoiz Europan entrenatu gabea zen, ezta Phillippe Montanier ere Espainiako Ligan. Jagoba Arrasatek berak Realean egin zuen debuta, eta taldea Europarako sailkatu zuen.

Bartzelona-Vigo-Bartzelona

Jokalari gisa erretiroa hartu ondoren, Eusebiok argi zuen futbolari lotuta jarraitu nah zuela. 2003tik 2008ra, Bartzelonako lehen taldean aritu zen, Frank Rijkaardekin, eta, ondoren, Celtako entrenatzaile izendatu zuten, 2009ko martxoan. Hura izan zuen benetako lehenengo erronka. Celta Bigarren Mailan zegoen, ez zegoen garai gozoan, eta, sasoia amaitzeko bi jardunaldi falta zirela, mailari eustea lortu zuen Eusebiok. Hurrengo denboraldia ere Galizian egin zuen, eta mailari eutsi zion Celtak. Hori bai, Administrazio Kontseiluarekin izandako ika-mika batzuk zirela medio, ez zuen kontratua berritu.

Hala, 2011ko ekainean Bartzelonara itzuli zen, bigarren taldearen entrenatzaile kargua hartzeko. Lehenengo denboraldian, lan ona egin zuen, taldea zortzigarren postuan sailkatuta. 2012-2013ko sasoian ere ez zen gaizki ibili, eta bederatzigarren amaitu zuen Bartzelona B-k. Hori bai, loraldia 2013-2014ko denboraldian iritsi zitzaion, hirugarren sailkatu baitzuen taldea. Bartzelonaren bigarren taldeak inoiz lorturiko emaitzarik onena izan zen. Ordea, txanponaren beste aldea egokitu zitzaion iragan sasoian. Emaitza txarrak zirela eta, aurtengo otsailean kargutik kendu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna