Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz

Erreferente izan daitezela

Bigarren urtez jarraian irabazi dute Lehen Mailako Emakume Master Cup txapelketa. Astelenako harmailak txiki gelditu ziren finalak ikusteko, eta orain segida nahi dute, umeekin lan egitean baitago etorkizuna.
Leire Etxaniz ezkerretara eta OlatzArrizabalaga eskuinetara. Erdian,Promozio Mailako txapeldunak: Amaia Vicario eta Ainhoa Urien.
Leire Etxaniz ezkerretara eta OlatzArrizabalaga eskuinetara. Erdian,Promozio Mailako txapeldunak: Amaia Vicario eta Ainhoa Urien. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko martxoak 27
Azken sakea ateratzera joan, eta ikusleak zutik eta txaloka ikusi ditudanean oilo ipurdia jarri zait», onartu zuen Olatz Arrizabalagak (Gernika, Bizkaia, 1997). Bigarren urtez jarraian Emakume Master Cup txapelketa irabazi berri zuen, eta Astelena Eibarko kantxaren erdian zegoen, argazkiak nahi zituzten zaleen eta autografo bila zebiltzan umeen erdian. Leire Etxanizekin (Etxebarria, Bizkaia, 1990) jantzi zuen txapela, harekin ere bigarren urtez jarraian, eta hura ere laino batean zen. «Hau guztia oso polita izan da. Antolatzaileek lan handia egin dute; horrela jarrai dezala guztiak. Gu luzerako gaude hemen».

Txapeldunek 22-7 irabazi zieten Patri Espinarri eta Eneritz Arrietari Lehen Mailako finalean. Defentsa zorrotzarekin partida gogortzeko euren estrategiak fruitu ona eman zuen, eta nagusitasunez gailendu ziren. Goiz historikoa izan zen igandekoa, eta ulertzekoa da Arrizabalagak azken sakean zirrara hori sentitzea, 1.220 pertsonak egin baitzioten txalo. Astelenak duen eserleku kopura da hori, katedrala bete egin zelako finalean. Astelena pilotaleku historikoa da, baina aspaldiko zorra zuen emakumeen pilotarekin. Bada puska bat kitatu zuen herenegun.

Emakume Master Cupeko antolatzaileek Astelena betetzeko erronka jarri, eta sobera lortu zuten. 150 pertsona gelditu ziren kanpoan sartu ezinda. Giro bikaina egon zen goiz osoan, jokatu ziren bi finaletan. Izan ere, Lehen Mailako finalaren aurretik, Ainhoa Urienek eta Amaia Vicariok 22-20 irabazi zieten Oihana Orbegozori eta Alaitz Badiolari Promozio Mailakoan. Entzutekoa izan zen harmailetan egon zen «Antiguo! Azkoiti!» oihu lehiaketa. Ikusle animoso asko joan ziren, hainbat danbor eta guzti. Astelenako harmailetan dozena erdi bat pankarta ere eskegi zituzten finalistentzako animo mezuekin.

Iaz Emakume Master Cupeko lehen aldia jokatu zutenetik emakumeen esku-huskak gora egin du, baina, txapeldunen ustez, beste pauso bat emateko garaia da. «Behetik hasi behar da, txikiekin, kimu mailatik haurren mailara jokatzen. Tarte horretan hasi behar da; klubek eta federazioek ardura hartu behar dute lan horretan. Final honen bultzada baliatu behar da», azaldu zuen Arrizabalagak. Etxanizek ere jarduera gehiago eskatu zuen. «Torneo honen antolatzaileek lan handia egin dute; orain federazioei eta dagokie txapelketa gehiago antolatzea. Elkartu egin beharko lirateke. Denbora asko egiten dugu geldirik txapelketa batetik bestera, eta horrela zaila da». Esaterako, emakumezkoetan ez da ez GRAVNI torneorik jokatzen, ezta herri artekorik ere.

Pilota biziagoak

Txapeldunek inplikazio handiagoa eskatzen dute, baina Agirrezabalagak dioenez, bere inguruan kimuak ikusten ditu. «Bizkaiko Federazioan, eskolarteko mailan, gero eta neska gehiago ditugu. Apurka garrantzi handiagoa ematen zaio, eta, egun, 30 inguru daude. Klubeko neskak edo entrenatzaileak animatu egiten zaitu; palan hori behar dugu: erreferenteak edukitzea». Arrizabalaga esku-huskako monitore da federazioan, eta palaz ere jokatzen du. Ostiralean partida bat jokatu zuen palaz, eta larunbatean beste bat, GRAVNI torneoko partida. Donostian jokatu zuen, Atanon, eta hogei pertsona baino gutxiago bildu ziren harmailetan.

Oinarrian dago geroaren gakoa, baina Elite mailako jardunak ere bilakaera behar du. Master Cupean erabili dituzten pilotak motel xamarrak dira. Gogorragoekin jokoak abiadura handiagoa hartuko luke, baina baita eskuak errazago mindu ere. Agirrezabala horren aldekoa da. «Soinu hobeagokoak lortzea ona litzateke. Gogorragoak balira, gu ere gehiago entrenatzera behartuko gintuzke, eta hori ona da. Nire ustez, Lehen Mailako finalerdietan aritu garenok pilota gogorragoa erabil dezakegu. Lehen eta Promozio Maila bereizteko modu bat izan daiteke». Etxaniz, aldiz, gustura dago egungoekin. «Biziagoak izan zitezkeen. Partidak gogortu egiten dira, eman eta eman, baina oraingoz ondo datozkigu, irabazi egiten dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna