Realeko belar hockey taldea

Sinestearen garaipena

Txuri-urdinek bederatzigarren liga titulua irabazi dute, Juniorri penaltietan irabazi ondoren. Sufrituta lortutako titulua izan da, baina etorkizunari begira bultzada handia izatea espero dute jokalariek.

Realeko jokalariak titulua ospatzen. REALA.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Lortu duguna handia izan da. Egunak beharko ditugu barneratzeko».Patricia Maraña eta Marina Helguera Realeko belar hockeyko jokalarien hitzak dira. Bien ahotsetan nabari dira poza eta bezperako parrandaren zantzuak. Ez da harritzekoa. Igandean, liga eskuratu zuten. Talde txuri-urdinaren bederatzigarren titulua da. Bakoitzak izan du bere berezitasuna, eta honek ere bai. Bi jokalarien hitzak entzunda, «sinestearen eta sufritzearen» liga izan da. Izan ere, jaitsierako kanporaketak jokatzeko borrokan egotetik titulua irabaztera pasatu dira. «Ospakizuna izugarria izan zen: zelaian, autobusean... Iritsi, eta Donostiako parte zaharrera joan ginen. Ordu txikitan joan gara etxera».

Poloren aurkako finalerdia bezala, Juniorren aurkako finala ere penaltietan erabaki zen. Baina, oraingo honetan, arauzko denbora 1-1 amaitu zen. Txuri-urdinek Guineak 18. minutuan sartu zuen gola berdindu behar izan zuten.«Galtzen joan arren, atsedenaldian geure buruari esan genion ez genuela etsi behar. Oraindik bigaren zati osoa geratzen zen, eta liga ez zegoen galduta», azaldu du Helguerak. Bien ustez, psikologikoki izan duten «indarra» erabakigarria izan da titulurako: «Ziurrenik, edozein kontu taktiko edo tekniko baino gehiago», dio Helguerak.

Marañak gaineratu du asko lagundu diela denboraldian bizi izandako garai txarrak eta trebatzailearekin egin duten lanak. «Ikasi dugu gugan sinesten, bakarka zein talde gisa, eta amore ez ematen. Baita bakoitzak bere ardurak hartzen ere. Ni kanpoan izan naiz sasoiko zati batean lan kontuengatik, eta itzultzean alde handia nabaritu nuen hor. Ziur nago denboraldiko beste une batzuetan ez genuela aurrera aterako finala bezalako partida bat».

Helguerak trebatzailearekin izandako lehen bilera ekarri du gogora: «Paper batean nola sentitzen ginen eta taldearengandik ezer espero genuen idazteko eskatu zigun, eta denak ziren nahiko mezu ezkorrak. Lur jota geunden. Baina pixkanaka guregana iristen jakin du, eta hark esandakoak guk uste baino eragin handiagoa izan du gugan».

Final-laurdenetan Complutense kanpoan utzi izana izan zen behar zuten azken bultzada: «Kanporaketa hori gaindituta, konturatu ginen edozer gauza zela posible. Presiorik gabe eta konfiantza handiz joan ginen Lauko Finalera. Beste aurkariek guk baino presio gehiago zuten».

Finaleko aurkaria Club de Campo —ligako talderik indartsuena— izan beharrean, Junior izateak ere ez zituen aztoratu, Marañak azaldu duenez: «Ez genion horri erreparatu nahi izan, baizik eta gure lanari. Denboraldi hasieran zera gertatzen zitzaigun, asko erreparatzen geniola arerioari, eta estrategia mental hori ez zen egokia».

Defentsan egindako lana eta penaltietan erakutsitako egonarria ere funtsezkoak izan zirela uste du: «Beste askotan baino konfiantza gehiagorekin jaurti nuen nik penaltia, eta nire taldekideak ere hala ikusi nituen». Helguerak egindako lana nabarmendu du Marañak. Izan ere, atezainak bi penalti geratu zituen finalerdietan eta finalean: «Gakoa erori gabe eustea da, eta burua hotz izatea. Lasaia izateak asko laguntzen dit. Gainera, taldekideekpenalti guztiak sartzeak konfiantza eman zidan», dio Helguerak.

Partida amaieran bizi izandakoa ez dute aise ahaztuko. «Nik ez nekien negar edo irri egin. Gogoan dudan bakarra da korrika joan nintzela taldekideekin biltzera. Niretzat lehen liga da, eta handia da Reala bezalako harrobiko talde batekin lortzea. Beste talde askok baino baliabide gutxiagorekin gauza handiak lortzeko gai da», adierazi du Helguerak. Bigarren liga da Marañarentzat, 2013an ere irabazi baitzuen: «Biak izan dira bereziak: lehenengoa urte askoren ostean lortu genuelako, eta presio handia kendu genuelako gainetik. Baina hau ez dut sekula ahaztuko. Gauza handia eta oso berezia izan da Liga irabaztea taldekide hauekin, hainbeste urte aritu bainaiz haiekin. Realaren balioak helarazi zizkigutenak eduki nahi ditut gogoan. Orain guri dagokigu horiek transmititzea, eta horretan ari gara lanean». Onartu du askotan ez dela erraza: «Baina orain gazteak konturatu dira egindako lanak merezi izan duela. Titulu bat irabazi dute, eta jabetu dira guk esanaren garrantziaz».

Espero du halaber, dauzkaten baliabideak hobetzeko balio izatea: «Entrenatzeko zelai erdi bat baino ez daukagu, eta astean hirutan baino ezin dugu erabili, beste talde asko baitaude. Ondorioz, askotan hainbat arlo tekniko eta taktiko ezin ditugu behar bezala landu. Bada proiektu bat Zubietan hockey zelai bat egiteko. Merezi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.