Mondragon. Kongresu nagusia

Haserre eta etsipen oihuak

Ordaindu eta Eskuratu elkarteetako 500dik gora kaltetuk «erantzukizuna eta negoziazioa» eskatu dute Mondragonen kongresu atarian.
Eskuratu eta Ordaindu elkarteen protesta, atzo, Donostiako Kursaalaren atarian.
Eskuratu eta Ordaindu elkarteen protesta, atzo, Donostiako Kursaalaren atarian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2014ko abenduak 16
Jose Antonio Izquierdo Basauritik Donostiara etorri ziren hiru autobusetako batean etorri zen atzo aitaginarrebarekin. Eskuratu elkartea Edesa dioen peto urdina jantzita zihoazen biak Kursaalera bidean, urdinezko jende uholde txiki eta zaratatsu baten erdian. Txilibitu hots eta oihu jarraien erdian ez zen erraza elkar entzutea, baina Izquierdok bere historia kontatu nahi zuen. Edesako beharginak ziren bere emaztea eta aitaginarreba, ekarpenetan inbertitu zituzten aurrezkiak, eta orain sosik barik daude. «Nik 30.000 euro jarri nituen eta 2.400 berreskuratu nituen. Nire aitaginarrebaren egoera txarragoa da, 180.000 euro inguru galdu ditu». Mondragonen kongresuaren atarira iritsi zirenerako bertan ziren Gipuzkoako Ordaindu elkarteko ehunka kaltetu ere. 500dik gora lagun zeuden Kursaal aurrean. Izquierdo ere pankarten atzean jarri zen, berea eskatzeko. «Konfiantza traizionatu dute. Denek eman behar lukete aurpegia».

Mondragon taldeko 2014ko kongresura bazkide talde bat sartu zen aldiro nabarmen indartu ziren txistuak eta garrasiak. Baita irainak ere. Aldarrikapen eta salaketa ugari egin zituzten kaltetuek: Sotil eta Markaide, negoziazioa!, EAJ-Bildu, lapurraren alde! eta Mondragon taldea Euskal Herriaren lotsari!, besteak beste. Mikel Olabe Ordainduko eledunak azaldu zuen guztira 1.500 inguru direla Fagor Etxetresnen borondatezko ekarpenen, merkataritzako maileguen eta ekarpen berezien kaltetuak, eta 54 milioi euro zor dizkietela.

Euren aurrezkiak itzultzeko eskatu zieten Fagor Etxetresnetako zuzendaritza ohiari eta baita Mondragonekoari ere. Baina zail dute bidea. Joan den urrian Pedro Malagon epaileak ebatzi zuen Fagor Etxetresnen zuzendaritzak ez daukala erantzukizun juridikorik porrotean; horrek, dirua berreskuratzeko espero zuten bidea itxi zien. Epaiaren ostean, Mondragonek ere bere erantzukizuna ukatu zuen: «Ez du zentzurik bere kooperatibari bazkide-banakoek egindako ekarpenen itzulera Mondragoni eskatzeak».

Demokrazia faltaz

Jarrera horren kontra daude erabat Ordaindu eta Eskuratu. «Borondate kontua» delakoan daude, eta behin eta berriz eskatu diote negoziazioa Mondragoneko zuzendaritzari. Baina ez dute erantzunik jaso. «Kooperatibistak gara, eta justizia eskatzen diogu Mondragoni. Justiziarik eta egiarik gabeko kooperatibismoa ezinezkoa da», Olaberen ustez. Mondragonen «demokrazia falta» salatu zuen, eta korporazioaren TUlankide aldizkariak Ordainduren hainbat artikulu argitaratzea ukatu diela. «Horregatik, aldizkari alternatibo bat atera dugu: TUlangabe».

Olabek berretsi zuen «Mondragonen kooperatibismoa logikoa balitz», eurekin negoziatuko lukeela. Baina bide demokratikoa ezeztatu dietela nabarmendu zuen. Beraz, dirua berreskuratzeko aurrerantzean bi bide geratuko zaizkiela azaldu zuen: mobilizazioa, erantzukizuna eskatzeko, eta bide judiziala.

Behin kongresuaren atea itxita ere, kanpoan jarraitu zuten kaltetuek zarata batean. Bulebarrera bidean manifestazioa hasi aurretik kazetariei begira zeuden kaltetuetako asko, eta haiengana hurbildu zen bakarren bat. «Kontatu ezazue hedabideetan corralito bat bizitzen ari garela. Inork ez du kontatzen gure drama», haserreak hartuta ari zen Maria Jesus kooperatibista. 200.000 euro inbertitu zituen. «Txanpon zikin bakar bat ere ez daukat orain». Alarguna da, bere alaba gurpildun aulkian dago, suhia langabezian, eta bi biloba mantentzeko. «Alabaren medikutarako ere ez zaigu iristen». Kaltetutako erretiratu askok, jateko ere ez dutela gaineratu zuen. Oso minduta zegoen Maria Jesus: «Lotsagabe batzuk dira!».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna