Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Literaturia. Jesus Mari Olaizola, 'Txiliku'. Idazlea

«Ondo entzun eta kontatzeko, asko entzun eta kontatu behar da»

Beharrak bultzatuta hasi zen ipuinak idazten Txiliku, 1974. urte inguruan, eta behin hasita, ezin utzi. Kontalaritzat du batez ere bere burua. Egindako lan hori eskertuko diote Literaturian.
NEREA URANGA / UROLA KOSTAKO HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2018ko maiatzak 24

Jesus Mari Olaizola Txiliku (Zarautz, Gipuzkoa, 1951) zein den eta euskal literaturan zer egin duen kontatu beharrik ez dagoela diote Literaturiako antolatzaileek, baina lan hori aitortu egin nahi diote, omenaldi batekin. Non eta bere herrian. Antolatzaileak aspaldi jarri ziren harremanetan herriko eskolekin, eta, besteak beste, Txilikuren hainbat ipuin irakurri dituzte azkenaldian, umeek jakin dezaten zeini eta zertarako egingo zaion igandean omenaldia. Juan Kruz Igerabideren ipuin kontaketa izango da 11:30ean, eta, segidan, kioskoaren atzean bilduko dira haurrak —kioskoa ere haren liburuen azalekin apainduko dute—. Hantxe, liburu-trukea egin, eta Imanol Urbietaren kantu batzuk abestu ostean, Manu Urbietak egindako oroigarri bat emango diote idazleari, eta umeek manifestu bat irakurriko dute.

Haur eta gazte literaturan egin duzun «ekarpen erraldoiagatik» omenaldia jasoko duzu Literaturian. Nola hartu duzu albistea?

Nik askotan kontatzen dut beti gustatu izan zaidala irakurtzea eta idaztea, baina irakasle hasi nintzenean, ez zegoen euskaraz irakurtzeko gauza askorik. 5. mailan hasi nintzen ni, eta 5. eta 6. maila horietan material gutxi zegoen. Gainera, erabiltzen ziren liburuak nahiko serioak eta haurrentzat gogor samarrak ziren. Orduan, euskarako eskolak ematen nituenean, tarteka ipuin bat kontatzeko ohitura hartu nuen. Burua ez da beti era berean egoten, eta zerbait bururatutakoan, apunte batzuk hartzen nituen, hurrengoan zer kontatua izateko. Horrelaxe hasi zen nire idazteko kontu hori.

Pasatu dira urte batzuk ordutik.

1974an hasi nintzen irakasle, eta orduantxe hasiko nintzen idazten, esan bezala, pixka bat beharrak eraginda. Niretzat mundu oso ezaguna zen, beti gustatu izan zaidalako irakurtzea eta idazteko zomorro hori ere baneukalako, eta, behin hasita, hor joan dira urte asko. Irakaskuntza utzi ostean, testu liburuen editore izan naiz urte mordoxka batean, hori izan da nire bizibidea. Testugintzan denetik egin behar izaten da, eta tokatu zitzaidan hainbat ipuin idaztea ere irakurgai moduan. Nire ogibideak beti izan du halako harreman bat idaztearekin.

Helduentzako ipuin liburuak idazten dituztenek askotan entzun behar izaten omen dute «nobela noizko?» galdera. Zuk helduentzat ere idatzi izan duzu, baina badago antzeko gutxiespen bat haur eta gazte literaturarekiko?

Garai batean poesiak ere bazeukan orain ez daukan halako ospe bat. Gero etorri zen nobelaren kontua, eta nobela izan da genero nagusia urte askoan. Modak ere izaten dira. Lan aldetik, beste maila bateko lana da nobelarena. Niretzat idaztea gehiago izan da afizioa ofizioa baino, eta nobela batek beste era bateko kontzentrazioa eskatzen du, beste denbora bat gauzak lotu eta abar egiteko. Esango genuke profesionaltasun handiagoa eskatzen duela, nahiz eta euskaraz idazteak nahiko zaila egiten duen horrelako kontu bat. Orduan, gutxietsita haurrentzako liburuak? Ez dakit, baina ez nuke lantutik bizi nahi.

Haur literaturan zer moda egon dira?

Aldaketa handia egin du haur literaturak. Lehen, lotura handia zeukan narrazio tradizionalarekin. Hiru zatitan garatzen ziren ipuinak. Gero, Gianni Rodariren Grammatica della fantasia izeneko liburua etorri zen Italiatik, eta garai horretako jendea asko markatu zuen. Beste momentu batean, Alemaniako literaturak gai gordinak ekarri zituen haurrentzako, lehen aipatu ere egiten ez zirenak: tratu txarrak, bortxaketak, desegindako familiak... Gero, fantasiak indarra galdu zuen, eta abar. Nik uste dut bizirik dagoen genero bat dela, eta, gure zorionerako, eboluzio bat darama.

Zu zeu ere aipatutako estilo horietako batean baino gehiagotan ausartu izan zara.

Bai, ez dakit saiatu naizelako edo tokatu ere egin zaidalako, gauza batzuk enkarguz egiten nituelako.

Zutaz esan izan da estilo zuzen eta arrunta erabiltzen duzula, eta saiatzen zarela deskribapen luzeegiak ez egiten, haurrak ez aspertzeko. Zeuk nola definituko zenuke zure estiloa?

Nik lehen hainbat liburutan oso gustura irakurtzen nuen, esate baterako, nolakoa zen Brasilgo oihana. Hori testuaren bidez jaso behar zen. Badu abantaila bat idatziak: deskripzioa norberak egiten duela, norberak jasotzen, eraikitzen edo antolatzen du. Baina horrek, bestalde, badauka etsai handi bat: irudia, gaur egun, edozein tokitan dagoela, eta nolabait gure ametsetarako gogo hori askoz ere errazago ase dezakegula. Alde horretatik, beste zerbait eman behar dio idazten duenak irakurleari, ez dezan oztopo egin nolabaiteko kontakizunarekin. Niri beti iruditu izan zait izan naizela kontalari bat, idazlea baina kontalaria, istorioak kontatzen dituena, eta hor daukadala nik nire estiloa, ez sakontasunean edo gauzei beste zerbait bilatzeko nahian, berritasunean... Saiatu izan naiz kontakizunen bat hartu eta irakurlea kontakizun horretako parte egiten.

Askotan aipatu izan duzu baserri giroan-eta kontu-kontari ibiltzen zinetela. Kontatzeko abilezia hori galtzen ari dela iruditzen al zaizu?

Beste gauza askotan bezala, horretarako ere orduak sartu behar dira. Kontalari ona izateko senak badu eragina, baina entzun ere egin behar da, eta norberak kontatu egin behar du; ondo entzun eta kontatzeko, asko entzun eta kontatu behar da.

Gaur egun, zer darabilzu esku artean?

Gauza bat badago asmorik ez edukitzea baino okerragoa: asmo asko edukitzea, eta nik orain gauza pilo bat dauzkat esku artean. Beharbada halako batean etorriko zait halako epifania bat edo, eta esango dut: «Hemen dudan material honekin jada buelta gehiago eman beharrik ez dago». Beharbada iritsiko da momentu hori, baina orain txori asko dauzkat buruan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Miren Garate

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.