Nafarroa, oraindik alertan

Bizkaian eta Gipuzkoan larrialdi egoera kendu duten arren, Nafarroan adi jarraitzen zuten atzo, Erriberarako iragarritako uholdeengatik. Larragan, eliza bateko horma bat erori zen

Bi gizon, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), hazitako ibaiari begira. GORKA RUBIO / FOKU.
Samara Velte.
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko egunetako irudiak ikusita, azken orduotako albiste nagusietako bat izango da, akaso, 48 orduz tai gabe aritu ondoren, Euskal Herriko leku batzuetan atertu soilik ez, eguzkia ere atera zela atzo. Gipuzkoan eta Bizkaian, bederen, atsedenaldi txiki bat eman zuten euriteek, urtegiak euren onera itzultzeko­adinako su-eten justua. Ez zen hala izan, ostera, Nafarroan: han alerta maila igo zuten, gauean Erriberan iragarritako uholdeengatik.

Goizean goiz, larrialdi egoerari erantzuteko bilera egin zuten atzo Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilariaren taldeak lurraldeko larrialdi zerbitzu nagusiekin. Amaieran prentsaren aurrera atera zen Isabel Anaut Babes Zibilerako zuzendaria: Ebro ibaiak Castejonen (Nafarroa) 2.500 metro kubo ur gaindi zitzakeela ohartarazi zuen, eta uholdeak 2013 eta 2015ekoen antzekoak izan zitezkeela. Argak Funesen bart gauerdian jo behar zuen goia; Ebrok, Castejonen, goizeko 03:00 aldera; eta Tuteran, gaurko 08:00etan. Castejongo iragarpena uste baino lehenago bete zen: gaueko bederatzietarako, gainezka egin zuen ibaiak, eta N-113 errepidea itxi behar izan zuten.

Gune horietan ez ezik, ibaiak «esperotako moduan» portatu zirela jakinarazi zuen Beaumontek. Alegia: Argak eta Egak gainezka egin zutela Iruñerrian eta bigarren mailako hainbat errepidetan, normalean kostara ehun kilometroko bidaia egiten dutenei hondartza etxe albora eramateraino. Arratsalderako, sumatzen hasiak ziren lehenbiziko kalteak: Faltzesen, Pilon deituriko mendiko bide ezagunean lur-jausia izan zen; Zangotzan, abandonatutako etxebizitza bateko zati bat erori zen; eta Larragan, eliza bateko horma bat.

Apiril osoko euriaren %85

Ezohiko euriteak izan dira azken egunotakoak: Urumean, esaterako, apiril arrunt batean hilabete osoan egingo lukeen euriaren %85 egin du 36 orduan. Berastegin (Gipuzkoa), 243 litro ur bota zituen astearte eguerditik ostegun goizera; Otxandion (Bizkaia), 125; eta Lasarten (Gipuzkoa), 121. Zenbakiak iruditara itzulita: Urumea eta Zadorra gainezka, Ebroren emaria ia zazpi metroko altuerara helduta, eta Irati, bost metrotik gora. Goiz erdirako, itxita zeuden hainbat errepide: Nafarroan, Iruñetik Tuterarako N-121 errepidea eta Iruñerriko hainbat gune —besteak beste, Zizurren, Arrotxapea auzoan eta Landabengo industrialderako sarreran—. Gipuzkoan, tokiko foru aldundiaren arabera, N-1, N-634 eta GI-627 errepideetan erregistratu dituzte kalterik larrienak. Legorreta eta Itsasondo artean luizia izan da, eta zirkulazioa errepide zaharretik desbideratu behar izan dute. Zarautz eta Getaria arteko kostako bidean ere lurra jausi da menditik, eta autoek errei bakarretik joan behar izan dute harrezkeroztik. Azkenik, Eskoriatzako saihesbidean, bidea bera hondoratu da erreka azpitik igarotzen den gune batean. Gutxienez zazpi astetarako lanak izango dituzte hura konpontzeko, foru aldundiaren arabera.

Urtegiak, husten hasita

Azken egunotako euriteak direla eta, euren gaitasunaren mugara heldu dira Euskal Herriko urtegi nagusiak. Donostia hornitzen duen Añarbe urtegia (Arano, Nafarroa), esaterako, erabat beteta zegoen atzo eguerdirako; hortik aurrera sartu zen ura jasotzeko, hiru uhate metaliko gehigarri erabili behar izan zituzten. Arratsaldean, Urumea ibaiaren maila «motel, baina gutxitzen» hasi zela ikusirik, urtegia husteari ekin zioten, Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziak jakinarazi zuenez. Segundoko zazpi metro kuboko abiaduran egin dute, «ibaiaren ur mailak onartzen duen neurrian».

Bilbo eta Gasteiz hornitzen dituen Ulibarri urtegia (Araba) ere ia goraino bete zen atzo eguerdirako: 146 hektometro kuboko edukiera izanda, 141 urez beteta zeuden, urtegi horrek ordurako hainbat egun husten zeramatzan arren. Prozesu horren ondorioz eta euriaren eraginez, Zadorra ibaiak gainezka egin zuen kontrolatu gabeko hainbat gunetan, eta kalteak eragin zituen Gasteizko Abetxuku auzoan. Datozen egunotan, Ulibarrin segundoko 60.000 litro husten jarraituko dutela jakinarazi du uraren agentziak. Ondorioz, alerta egoera orokorra jaitsi arren, arreta berezia mantenduko dute Zadorra eta Urumea ibaietan, urtegien huste-prozesuek eragin ditzaketen goraldiengatik.

Datozen orduak lehorragoak izango direla espero dute meteorologia eta larrialdi zerbitzuek, eta horrek urtegiak deskargatzea erraztuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.