Israelen drone bat bota ostean, palestinarrei armak agindu dizkie Iranek

Xabin Makazaga -

2014ko abuztuak 26
Egiptok Israelgo Gobernuari eta palestinarrei beste su-eten bat hitzartzeko eskaintza egin dien arren, gerra hegazkinak Gaza bonbardatzen ari dira oraindik. Asteburuan erasoak gogortu egin zituen Tel Avivek; hamahiru solairuko eraikin bat ere eraitsi zuen igandean, eta atzo hamar lagun hil zituzten; jada 2.120 dira palestinar hilak, duela 49 egun Israelek Hegi Babesgarria zigor operazioa hasi zuenetik. Okupazioaren kontrako borrokan, ordea, auzoko eragile batek eragin zuen arreta atzo: Iraultzaren Zaindarien aireko indarren komandanteak, Amir-Ali Hajizadeh jeneralak, jakinarazi zuen Iranek «palestinarren armatzea azkartu» egingo duela.

Igandean Natanzeko zentral nuklearrera bidean zihoan Israelgo drone bat eraitsi zuten Irango lurretan, eta Amir-Ali jeneralak atzo adierazi zuen ordainarazi egingo diotela Teheranen aire eremua urratu izana: «Zisjordaniaren armatzea azkartu egingo dugu, eta [Israelen aurkako] erantzun bat emateko eskubidea gordetzen dugu. Halakorik berriro gertatuz gero, behar bezala erantzungo dugu». Israelgo armadak ez du baieztatu espioitzarako drone bat eraitsi diotenik Iranen.

Su-etenerako proposamena

Egiptok su-eten baterako proposamena egin die Israelgo Gobernuaren eta palestinarren ordezkariei, AFP agentziak iturri ofizialak aipatuta zabaldu duenez, Gazako blokeoa amaitu eta zerrendara giza laguntza eta eraikuntza materialak sartu ahal izateko. Iturri horiek adierazi dutenez, palestinarrak, Hamaseko ordezkariak barne, eskaintza onartzeko prest agertu dira Israelek ere onartzen badu.

Gazaren kontrako zigor operazioak 460.000 palestinar etxea uztera behartu ditu, NBEk jakinarazi duenez, eta milioi erdi haurri eskolara sartzea galarazi die. Izan ere, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, Israelen bonbardaketek 219 eskolari kalte egin diete —22 erabat eraitsi dituzte—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna