Bankiako 2011ko kontuek benetako egoera ezkutatu zuten

Jon Fernandez -

2014ko abenduak 5
Bankiak, diru publikotik 22.000 milioi euroko erreskatea jaso zuen bankuak, eta haren filial BFAk kontuak apaindu zituzten 2011n burtsan kotizatu ahal izateko. Horixe ondorioztatu du Espainiako Bankuak txosten batean: finantza erakundeko kontuek eta burtsaratzeko erabilitako jaulkipen liburuxkak finantza erakundearen benetako egoera ezkutatu zutela. Txosten hori Bankia auzi-ko Fernando Andreu instrukzio epaileak eskatuta egin dute Espainiako Bankuko bi kontulari adituk. Rodrigo Rato zen Bankuko presidentea kontuak apaindu zituztenean, baina Jose Ignacio Goirigolzarri egungo presidentearen lehen kontuetan ere okerrak aurkitu dituzte.

Bankiako 2011ko lehenengo kontuek ez dituzte Espainiako Bankuaren arauak betetzen txostenaren arabera, «kontu akatsak daudelako». Bankiak 252,57 milioi euroren irabaziak izan zituela jazo zuen kontuetan, baina paper horren atzean 1.830 milioi euroren galerak ezkutatu zituen Ratoren erakundeak. BFAk ere 4.570 milioiren galerak zituen, baina soilik 30 milioirenak deklaratu zituen.

Bankiaren alegazioak

Espainiako Bankuaren txostenak ez du soilik Rato seinalatu, Goirigolzarriren kudeaketa ere zipriztindu du. 2012an bankari bilbotarrak 2011ko kontuen gainean egindako berrazterketak ere ez du Espainiako Bankuaren araudia betetzen, kontulari adituen arabera, ez zituelako berankortzat hartu hainbat bezero zerrenda, eta ez zituelako arriskutzat hartu hainbat higiezin sustatzaile. «Ni iritsi baino lehenagokoak dira txosteneko kontu guztiak», argudiatu du Goirigolzarrik.

Txostenean gaineratu dute ulergaitza dela Bankia eta BFAren ikuskatzaile zirenak —Deloitte konpainia eta Francisco Celma— kontuetako akatsez jabetu ez izana. Bankiak iragarri du aztertuko duela Espainiako Bankuaren txostena, eta gaineratu du txosten horren kontrako alegazioak aurkeztuko dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna