ELA: «Nafarroako Gobernuak UGT eta CCOOko liberatuei pagatu die»

CCOOk ukatu egin du Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez soldatak ordaindu dituela

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
ELAk salatu duenez, aurreko legegintzaldian UGT eta CCOO sindikatuetako zenbait liberatuk Nafarroako Gobernuko aurrekontutik jasotzen zuten soldata: «Ustez enplegu heziketara bideratutako zenbait hitzarmen UGTk eta CCOOk beren liberatu sindikalei ordaintzeko erabili dira zuzenean». ELAko Iñaki Zabaleta eta Mitxel Lakuntzaren arabera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez ordaintzen zieten, «sindikatu batenak diren berezko lanak egiteagatik». CCOOk erantzun du «faltsua» dela ELAren salaketa, eta berehalako zuzenketa egiteko eskatu dio.

ELAk azaldu duenez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko hitzarmenak baliatzen zituzten ordainketak egiteko. Berez, formakuntza eta berdintasuna bultzatzea da erakunde horren helburua, baina ELAk salatu du iaz sinatu zituzten lau hitzarmenetan (945.000 euro guztira) UGTreneta CCOOren liberatu batzuen soldatak ordaintzeko diru partidak daudela, batzuen kasuan soldata osoak ordaintzerainokoak, gainera.

CCOOk ukatu egin du bere liberatu batzuek Nafarroako aurrekontuetatik kobratu izan dutela. Programa horietarako kontratatutako pertsonek soslai teknikoa dute sindikatuaren esanetan. Gaineratu du hitzarmen guztiak gardenak direla.

Duela egun batzuk ELAk jakitera eman zuen Nafarroako Gobernuak24 hitzarmen adostu zituela zuzenean CEN patronalarekin, UGTrekin eta CCOOrekin (9,5 milioi euro guztira). Bada, horietako lau hitzarmen eskuratu ahal izan ditu sindikatuak. Jakinarazi du zenbait liberatu sindikalen zerrendak ageri direla akordio horietan, eta egiaztatu du Nafarroako aurrekontuetatik ordaintzen zietela. «UGTko eta CCOOko egiturazko karguak agertzen dira zerrendan, eta federazio batzuetako idazkari nagusiak eta horien zuzendaritzako kideak ere badaude», salatu du Zabaletak.

Arduradunak, tartean

Sindikatuaren arabera, auzian zipriztindutakoen artean daude CCOOko zerbitzuetako, industriako eta kimika arloko federazioetako arduradunak, nekazaritzako elikagaien arloko zein Sakanako arduradunak. «Neurri txikiagoan» azken bi horiek.UGTren kasuan, berriz, merkataritza, ostalaritza eta nekazaritzako elikagaien arloetako zenbait arduradun leudeke Nafarroako Gobernuaren eskutik soldata jaso dutenen artean, ELAren arabera.

Zabaletaren esanetan, gobernuak sindikatuekin egindako hitzarmen horiek «ez dute zentzurik», sindikatu baten berezko lanak egiteagatik ordaintzen baitie. Esate baterako, azaldu du langileei enplegu kalitatearen inguruko aholkularitza emateagatik edo hitzarmen kolektiboetan berdintasun klausulak bultzatzeagatik ordaintzen zietela. «Beste batzuek gure baliabideekin eta gure afiliatuen diruarekin egiten duguna eurek nafar guztien diruarekin egiten dute».

Lakuntzak esan du «eskandalagarria» dela Nafarroako Gobernuak UGTri eta CCOOri zuzenean ordaindu izana. Gaineratu du ordainketa horien helburua sindikatu horiek isilaraztea dela, «sindikalgintza otzanagoa egin dezaten», eta bide batez, ELAren eta LABen sindikalgintza «aldarrikatzaileagoari» aurre egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.