Lehen alkatea, laugarrenean

Gizonezko jaio eta emakumezko gisa bizi diren transexual tradizionalei 'hijra' deitzen zaie Indian, eta haien historia luzea da oso: 4.000tik gora urte ditu lehen aipamen dokumentatuak. Atal berria idatzi du Madhu Kinnarrek historia horretan, herrialdeko lehenengo hijra alkate bihurtuko baita.
Madhu Kinnar, Raigarheko alkate hautatu berria.
Madhu Kinnar, Raigarheko alkate hautatu berria. BERRIA

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2015eko urtarrilak 6
Naresh Chauhan izen-deiturak jaso zituen jaiotzean, duela 35 urte. Raigarh herriko (Chhattisgarh estatua, India erdialdea) alkatetzarako hauteskundeak irabazi zituen igandean 33.168 boto eskuratuta eta Narendra Modi Indiako lehen ministroaren BJP Bharatiya Janata alderdiko hautagaiari, Mahaveer Gurujiri, 4.537 bozen aldea kenduta. Madhu Naresh Kinnar izenarekin lortu du kargua, ordea, hijra bat baita gaur egun. Howrah-Mumbai lineako trenetan kantu eta dantza eginez atera izan ditu sosak orain artean.

«Kinnar [eunuko] bat naiz. Nire dirutik oso gutxi jarri behar izan dut kanpainan. Jendearen babesak hauspotu nau, eta jendearen babesak eraman nau irabaztera», adierazi du Madhuk garaipenaren berri jakin bezain pronto. «Raigarhen, jendea nazkatuta zegoen BJPkoen ustelkeriarekin, eta Madhuri eman dio boza. BJPk galdu du, ez du Madhuk irabazi», esan du INC Indiako Kongresu Nazionala alderdiko Narendra Negik. «Jendearen erabakia onartzen dugu eta emaitzak aztertuko ditugu», BJPko Rajesh Sharmak.

Jendearen erabakia ez da beti onartu izan, hala ere, hautagaiak transexualak izan direnean. Madhu ez da udal hauteskunde batzuetan garaile atera den lehendabiziko hijra, laugarrena baizik. Kamla Jaan izan zen lehena, 1999ko abenduan Katniko (Madhya Pradesh) alkatetzarako hauteskundeak irabazita. Bi urte eta erdi egin zituen karguan, garapen proiektuak gauzatzeagatik eta arerio politikoen etengabeko irainak jasotzeagatik nabarmendutako agintaldian. Asha Devi izan zen bigarrena, 2000 eta 2003 bitartean Gorakhpurreko (Uttar Pradesh) alkate lanak bete ostean. Biak ala biak kargutik kendu zituzten, ordea, emakume gisa aurkeztu eta gizontzat jo zituztelako epaileek. Kargutik kendutako hirugarren alkatea Kamla Kinnar izan zen. 2009ko azaroan irabazi zituen bozak, eta Sagarreko (Madhya Pradesh) alkate egin zen. Hark ere BJPko hautagaia gainditu zuen, eta hark ere, aurreko biak bezalaxe, hautagai independente gisa aurkeztea erabaki zuen. 2011ko abenduan, epaileek ebatzi zuten alkatetza emakume bati zegokiola, eta Kinnar ez zela emakumea. Ebazpen horrek, aurrekoek bezalaxe, transexualen eskubideen aldeko ekintzaileen haserrea eragin zuen. Madhya Pradesh estatutik etorri izanak, areagotu egin zuen protesta, aitzindaria izan baita hijra komunitateko kideei politikagintzarako bidea erakusten. Ez alferrik, Madhya Pradesheko Legebiltzarrean eseri zen lehen aldiz transexual bat legebiltzarkide karguarekin: Shabnam Mausi. 1999an lortu zuen izendapena, estatuko hijra guztiek boza emateko eskubidea zeukatela legez onartua izan eta bost urtera.

Lege aldaketa

Aurreko hirurek ez bezala, legea alde edukiko du orain Madhu Kinnarrek alkatetza eskuratzeko. Iazko apirilaren 15ean, izan ere, Indiako Auzitegi Gorenak transexualei «hirugarren sexua» izatea onartu zien, ez gizonezko ez emakumezko. Transexualen eskubideen aldeko ekintzaile talde batek eraman zuen auzia epaileen aurrera. «Transexualak ere herrialde honetako hiritarrak dira. Pertsona bakoitzari dagokio bere generoa aukeratzeko eskubidea», idatzi zuten K.S. Radhakrishnan eta A.K. Sikri epaileek duela bederatzi hilabeteko epaian. «Giza eskubideen» arloko auzia dela erantsi zuten epaileek.

Ebazpenaren arabera, emakume batek gizonezko gisa —eta gizonezko batek emakumezko gisa— identifika dezake bere burua Indian, ebakuntza egin beharrik izan gabe. Eta giza eskubideen alde egiteko helburuarekin, epaileek Indiako Gobernuari eskatu zioten transexualena «sozial eta ekonomikoki garatu gabeko» kolektibo gisa trata zezala. Horrekin, azpiratutako beste kolektibo batzuekin egiten den gauza bera egiteko eskatu zuten: lanpostu publikoak eta ikastetxe plazak eskaintzea transexualei, diskriminazio positiboa gogoan —1950ean dago indarrean Indian, kasta sistemako azpiratuenei hezkuntza eta lan aukerak ziurtatzeko—. Epaia historikoa izan zen. Nepalen 2007an eta Pakistanen 2012an auzitegiek eman zituztenen parekoa. Ordura arte, hauteskunde erroldan bakarrik zeukaten transexualek «gizonezko» edo «emakumezko» ez zen beste adiera batean agertzeko aukera: «Bestelakoak». Iazko otsailaren 14an, esaterako, 28.341 boto-emailek emana zuten izena apirila eta maiatza bitartean Indian egingo ziren legebiltzarrerako hauteskundeetan boza eman ahal izateko, Bestelakoak sailkapenean.

Auzitegi Gorenaren epaiak berehala eduki zituen ondorioak. Transexualek bozkatzeko eta bozkatuak izateko eskubidea eskuratu zuten —zenbait estatutan eskubide hori onartua zitzaien lehendik—, eta Indiako Gobernua hirugarren generoa markatzeko aukera ere ematen duten agiri ofizialak argitaratzen hasi zen: nortasun agiriak eta gida baimenak, esaterako.

Hirugarren sexu hori egon badela onartu izanari esker, Bharathi Kannammak bere hautagaitza lasai aurkeztu ahal izan zuen iazko legebiltzarrerako hauteskundeetan, inork bere generoaren aitzakiarekin auzitara jo eta lortutako ordezkaritza kenduko ziolako beldurrik gabe. Tamila da Kannamma, eta Tamil Naduko estatuak 2009tik ordaintzen ditu sexu aldaketarako ebakuntzak; hirugarren sexua jasotzen du bere agiri ofizialetan; eta ikastetxeetan transgeneroentzako plazak gordetzen ditu.

Tamila da, era berean, India osoan ezagutzen duten telebista albistegi aurkezle transexuala: Padmini Prakash. Iazko abuztuaren 15ean —India Erresuma Batutik independente egin zen egunean— hasi zen lanean Lotus TV katean, tamil hizkuntzan albisteak ematen.

Jazarpena tradizio

Indian, datu ofizialen faltan, kalkuluak dira nagusi transexualen kopurua neurtzerakoan. BBC katearen arabera, bi milioi inguru transexual daude Indian gaur egun. Hor sartzen dute Prakash tamila ere. Guztien biografiek badute antzekotasunik: etxetik egotziak, baztertuak eta jazarriak izan ohi dira gizarte eredu ezarritakotik kanpokoak izateagatik. Prakash ere halaxe bota zuten etxetik, 13 urte zituenean, eta bere buruaz beste egiten saiatu zen. Babesa aurkitu zuen, dantza tradizionalak ikasi zituen, eta telebista kameren aurrean egiten duen lanagatik ezagutzen du orain jende askok. Arrakasta lortu du, eta hori ez da ohikoa transexualen komunitatean. Ezta Madhu Kinnarrek alkatetza eskuratzea ere.

Berdin dio denboran 4.000 urte atzera egin ahal izatea gizonezko gorputzarekin jaio eta emakume gisa bizitzea erabakitzen dutenen historian. Antzinakoa izanik ere hijra deitzen zaienen tradizioa, izan ere, tradizio bihurtua da halakoen jazarpena Indiak hartzen dituen lurraldeetan.

Tradizioari jarraikiz, guru baten komunitatean biziz ikasten dute hijra bihurtu nahi dutenek. Ikasleetako gehienentzat, guruarena izan ohi da lehendabiziko babeslekua, jaiotetxea jazarpen gune izana baitute. Guruaren eskutik, denboran ehunka eta ehunka urte atzera egiten duen historia eta historia horretan garatutako errituak ikasten dituzte —hizkuntza propioa ere sortua dute, urdua, persiera, hindia eta arabiera nahasiz—, dantza eta antzerkia lantzen dituzte. Tradizioaren arabera, adur onaren igorle dira hijrak. Ezkontzak, jaiotzak, etxe berriak, ibilgailuak... bedeinka ditzaten gonbidatu ohi dituzte. Dirua jasotzen dute trukean. Deabru beldurgarri gisa ikusten dituenik ere bada, ordea, eta horregatik baztertzen dituzte.

Gaur egungo Indian, bedeinkaziorik gabe bizi dira hijra ia denak. Eskolatu gabeak dira gehienak; hormonak hartzeko eta gizonezko genitalak erauzteko dirua behar izaten dute, eta gehienak sexu lanetan aritzen dira. Eskean ere bai. Bollywoodeko industrian aurkitu izan dute tokia euretako batzuek, gaizto edo arlote rol ezin estereotipatuagoak jokatuz. Azken urteetan zenbait film saiatu dira joera hori apurtzen. Duela lau urte, Erreginak! Dantzaren patua filma estreinatu zuten. Guru batek sortutako hijra komunitatearen gorabeherak azaltzen ditu, transexualak protagonista bihurtuz eta beren kontrako jazarpena agertuz. Transexualak gidoiaren erdigunean lehenago jarriak zituzten Darmiyaan (1997), Tamanna (1997) eta Shabnam Mausi (2005) pelikulekin hasitako ildotik etorri zen.

Beren bizitzetako pelikula beti gaizki buka ez dadin, transexualak hasiak dira beren eskubideen alde antolatzen. Erakunde horiek hartu dute poz handienarekin plaza politikoan ere eragiteko aukera. Ez dakite, ordea, zein neurritaraino bihur daitekeen «naturaren kontrako» sexu harremanak debekatzen dituen legearen kontrako giltza.

Kontrako legeak

2013ko abenduan, Indiako Auzitegi Gorenak indarrean eutsi zion Zigor Kodeko 377 Legeari. 1860koa, kolonizatzaile britainiarren aginte garaikoa da lege hori, eta 10 urte arteko kartzela zigorrak aurrikusten ditu heterosexualak ez diren sexu harremanentzako. Delhiko Auzitegiak 2009an indargabetu zuen, homosexualitatea legeztatzeko asmoz, baina auzitegi gorenak bertan behera utzi zuen erabaki hori hirugarren generoa onartu baino lau hilabete lehenago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna