Ametsa oraindik ametsa da

Martin Luther King hil zutela mende erdia bete den honetan, haren borroka gogoratzeaz gain, eskubide zibilen bidean oraino egiteko asko dagoela aldarrikatu dute AEBetan.

Martin Luther Kingen heriotzaren 50. urtemugaren harira hura hildako hirian, Memphisen, Tennesseen, atzo egindako elkarretaratzea. RICK MUSACCHIO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Washington. 1968ko abuztuaren 28arekin. Abraham Lincoln presidentearen oroitarriaren itzalean, 250.000 lagunen aurrean, historiara pasatuko ziren hitzak aireratu zituen Martin Luther Kingek: «Duela dozenaka urte, amerikar handi batek, zeinaren itzal ospetsuaren pean gauden, Independentzia Deklarazioa sinatu zuen. Dekretu hori injustiziaren garretan zimeltzen ari ziren milaka milioi esklabo beltzentzat itsasargi bat izan zen. Egunsenti pozgarria izan zen gatibualdiaren gau luzea amaitzeko. Baina ehun urte geroago, beltza oraindik aske ez den egoera tragikoan gaude».

Martin Luther Kingen I have a dream (Amets bat daukat) hitzaldiaren pasartea gogoan izan zuten atzo milaka lagunek, haren heriotzaren 50 urtemugan. Memphisen, haren oroitarriaren itzalean elkartu zirenek, amets hori oraindik ere ametsa dela pentsatuko zuten, esku artean, ekintzailearen beste diskurtso baten pasarte bat idatzita zituzten afixak bazituzten ere. I am a man (Gizon bat naiz).

King hil ondoren hamar egunez luzatu ziren mobilizazioen leloa izan zen I am a man. Memphisen hil zuten, apirilaren 4arekin, 1968an, arratsaldeko seiak eta minutu batean; hoteleko 306 gelako balkoira atera zelarik, parean zegoen eraikin batetik tiro egin zioten. Zabor biltzaileen greba babesteko diskurtsoa ematekoa zen biharamunean, baina balak masailezurrean jo, eta zurien herrialdean beltzen ahotsa isilarazi egin zuten.

Ordutik jai eguna da apirilaren 4a Ameriketako Estatu Batuetan. 39 urte bazituen ere, jada mito bat zen. King Atlantan jaio zen, 1929an, eskoletan, autobusetan, antzokietan edo ura edateko iturri publikoetan ere, zuriak eta beltzak bereizi egiten zituzten garaian. Birraitona, aitona, aita eta anaia bezala, Eliza baptistako predikatzailea zen, baina haren diskurtsoak ez zituen soilik jainkoaren hitza zabaltzeko baliatu; izan ere, injustizien aurka ahotsa goratu zuen, eta arrazakeriaren kontra eta justizia sozialaren eta eskubide zibilen alde egin. Kapitalismoaren, inperialismoaren eta militarismoaren kontra ere mintzatu zen, eta erresistentzia zibilaren defendatzaile sutsua bihurtu.

Ondarea

Haren borrokak ondorioak izan zituen. Washingtongo diskurtso historikoa eman eta urtebetera, 1964an, indargabetu zituzten segregazio legeak. Eskubide Zibilen Agiria onartu zen urte hartan, besteak beste, arrazagatik laneko bazterketa debekatzen zuena, eta, handik urte batera, boto eskubidea aitortu zitzaien zuriak ez ziren estatubatuarrei.

Mende erdian alor askotan urrats handiak egin direla onartzen dute eskubide zibilen aldeko elkarteek, baina, arraza arrakala oraindik ere zabalik dagoela salatzen dute. Pew Research Centerrek egindako ikerketaren arabera, estatubatuarren %61k uste dute oraindik ere bidea egiteko dagoela beltzen eta zurien artean berdintasuna lortzeko. Ehuneko hori %88ra iristen da beltzei galdetzen zaienean.

AEBetako argazkia, bada, zuri-beltzez dago pintatuta. Gaur egun herritarren %13 dira beltzak, 40 milioi orotara; baina zuriekin alderatuta, pobre izateko arrisku bikoitza daukate beltzek. Zurien batez besteko ondarea 800.000 dolarrekoa da, baina beltzena 154.000 ingurukoa da, eta langabezia tasa ere polarizazioaren erakusgarri da: %11koa da beltzen artean eta %6koa zurien artean. Era guztietako bazterketa pairatzen dute alor ugaritan.

Eta Donald Trumpen agintaldiak ez du bide horretan lagundu. Hauteskunde kanpainan hainbat promesa egin bazituen ere—«kalera atera, ogia erostera joan, eta ezin duzu tirokatuta amaitu», esan zuen ekitaldi batean—, presidenteak ez du beltzen oniritzia, eta horren erakusgarrida hauteskundeetan boto beltzaren %8 baino ez zuela jaso. Barack Obamaren ostean, herrialdeko lehen presidente beltzaren ostean, komunitate beltzarentzat desafio bat bihurtu zen haren antitesia izan zitekeen agintari populista. Barne zatiketa soziala sakondu izana da errealitatea; arrazen arteko harremanek okerrera egin dutela diote herritarren %60k.

Trumpen agintaldia

Trumpek Kingen «justizia eta bake legatua» nabarmendu zituen atzo, baina orain arteko erretorikarekin arraza bazterketaren mamua zabaldu du berriz ere. Charlottesvilleko gertakizunen harira esandakoen ostean, white supremacy nagusitasun zuriaren kontzeptuaz hitz egiten hasi zen berriz.

Charlosttesvillen eskuin muturreko taldeek indar erakustaldia antolatu zuten abuztuan, esklabotzari eustearen alde borrokatu zen jeneral baten estatua kentzekoa zutelako. Eskubide zibilen aldeko mugimenduek kontramanifestazio bat antolatu zuten, eta protesta tragedia bihurtu zen. Eskuin muturreko manifestari batek emakume beltz bat hil zuen autoarekin. Trumpek bi aldeak egin zituen erantzule.

Baltimorren ere liskar handiak izan dira. Iaz, 343 hilketa izan ziren hiri horretan, kopuru altuena 1993tik. Eta polizien esku hildako beltzen kopurua da beste arazoa; soinean armarik ez duten gazte beltzak dira zigorrik gabe geratzen diren polizia zurien eskuetan hiltzen diren gehienak.

Trumpekin handia izan da eskuin muturreko taldeen gorakada —900 eta mila gorroto talde inguru daude—, baina, egia da, boomerang efektua ere izan duela, eta erresistentzia zibila sendotzen ari dela. Kingen lekukoa hartu nahi duen belaunaldia esnatzen ari da. Black Live Matters mugimendua, esaterako, ekintzaile iraultzailearen legatua bizirik mantentzeko hitza eman zuen atzo, kaleetan elkartu ziren milaka gazte ameslariren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.