Tragedien ahotsen ahotsa

Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarrak irabazi du Literaturako Nobel saria.

Aurrenekoz saritu dute fikziozkoa ez den genero bat landu duen egile bat
Svetlana Aleksievitx, atzo, sariaren berri jaso ostean, Minsken (Bielorrusia).
Svetlana Aleksievitx, atzo, sariaren berri jaso ostean, Minsken (Bielorrusia). TATYANA ZENKOVITX / EFE

Gorka Erostarbe -

2015eko urriak 9
Svetlana Aleksievitx sarituta, literatur erreportajearen generoa aurrenekoz saritu du Suediako Akademiak. «Haren obra polifonikoak garaiotako sufrimendu eta ausardiari monumentu bat ezartzen dio», argudiatu du. Idazle eta kazetaria da Aleksievitx. Sobietar Batasun izandakoan eta hura desagertzean geratutako errealitatean bertako gizon eta emakumeek bizi izandako hainbat tragedia erretratatu ditu bere obran, errusieraz, eta kazetaritzatik gertuko lengoaia tresnatzat izanik: besteak beste, Sobietar Batasunaren puskatzea, Txernobylgo tragedia nuklearra, Afganistango gerra eta egungo hainbat gatazka.

Kirolen tankerako ikuskizunetik geroz eta hurbilago daude literatur sariketak, eta apustu etxeek faboritotzat ematen zuten Aleksievitx. Bakarren batek beteko zuen lodi diru zorroa, baina besterik da sariak balioko ote duen berezko duen eginkizunerako, sarituaren obra han-hemen ezagutarazi eta zabaltzeko. Euskarazko letretan nahiz ingurukoetan ez du oihartzun handirik izan orain artean haren lanak. Euskarara ekartzeko dago oraindik. Aleksievitx izana da Euskal Herrian, 2004an; BERRIako kolaboratzaile Miel A. Elustondok elkarrizketatu ahal izan zuen. Honako hau esan zion idazleen konpromisoaz, besteak beste: «Gu, idazleok, mundua baketzeko gaude. Ez dugu jenderik hil behar, baina bai zenbait ideia. Hortik datoz eta okerrak. Izan ere, horixe da nik onartzen dudan gerra bakarra, ideien kontrakoa».

Ukrainako Stanislav herrian —egun Ivano-Frankivsk— jaio zen, 1948ko maiatzaren 31n. Gurasoak irakasle zituen, biak ala biak, eta aita militarra ere bai. Hura armadatik erretiratzean, Bielorrusiara jo zuten, eta han ikasi zuen kazetaritza 1960ko hamarkadako amaieran, Minskeko Unibertsitatean. Hainbat hedabidetan egin zuen lan, baina Ales Adamovitx idazle bielorrusiarraren abaroan literaturarantz egin zuen. U vojny ne Ïenskoe lico (Gerrak ez du aurpegi femeninorik) liburuarekin jo zuen lehen danbatekoa. 1983an idatzi zuen, baina ez zioten argitaratu 1985era arte, sobietar heroismoaren inguruko klixeak kritikatzeagatik eta zerion gordintasunagatik. Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten emakumeei eman zien ahotsa, haietako asko elkarrizketatu ondoren. «Gizakiaren historian 3.000 gerratik gora egon dira, baina denak izan dira kontatuak gizonezkoaren talaiatik» esan izan du.

«Nobela-ebidentzia»

Aditu askoren ustez, literatur genero berri baten sortzaile ere bada Aleksievitx. Maisutzat zuen Adamovitxek berak «nobela kolektibo» edo «nobela-ebidentzia» moduan izendatu zuen haren narratiba. Dokumentaletik gertuko lengoaiaz, sobietarrren eta postsobietarren ahotsak bildu, eta ia-ia haren presentziaren aztarnarik utzi gabe, jario daitezen uzten du, monologo edo ahots koralak erabiliz. Sobietar Batasunaren errealitatearen inguruko esperientzietan oinarritu du bere lana, berak «gizon gorria» edo «homo sovieticus» deiturikoari erreparatuz. Drama handiari heltzen dio, baina begi mira istorio konkretuetan jarriz, herritarren esperientzia bakan suntsigarriak islatuz eta beti heriotzaren kronika osatuz.

Aleksievitxek jarrera kritikoa du Bielorrusiako Gobernuarekin eta haren presidente Aleksandr Lukaxenkorekin; zeresana sortu zuten duela bi urte, Alemanian sari bat jasotzean, bielorrusiar hizkuntzaz esan zituenak. «Bielorrusiera hizkuntza rurala eta heldugabea da literaturarako», bota zuen. Ez du begiko Errusiako Gobernua ere. «Errespetatzen ditut literaturaren eta zientziaren errusiar munduak, baina ez Stalinen eta Putinen Errusia. Eta ez zait gustatzen ukrainarrak hiltzeko eskatzen duen errusiarren %84 hori ere», esan zuen atzo, Nobel saria eskuratu zuela jakin bezain pronto egindako agerraldian (Internet bidez mundu osoan zabaldu zena).

Cinkovye mal'ãiki (Zinkaren mutilak) liburuan Afganistango gerraren esperientzia kontatu zuen Aleksievitxek, 1989an. Hildako errusiar soldaduen amak elkarrizketatu zituen hartarako. 1993an, aldiz, Zacharovannye Smertiu (Heriotzak gatibaturik) argitaratu zuen, sobietar ideia sozialistaren amaiera bizi ezinik euren burua hil zutenen inguruan, eta Txernobylgo istripu nuklearraren ondorioak islatu zituen Tchernobylskaia Molitva-n (1997) —Gaztelaniaz irakur liteke: Voces de Chernobyl, (Editorial Siglo XXI, 2006)—.

Vremja second chènd (Bigarren eskuko denbora) da orain artean argitaratu duen azkena. Iaz plazaratu zuen alemanez eta errusieraz aldi berean. Alemanian bizi da aldika.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna