Durangoko 52. Azoka. Argizaiola 

Hartzailea sortzaile izateko hauspo

Argizaiola saria sortzaile berriak bultzatzeko beka bihurtuko da 2018an, atzo egindako ekitaldian azaldu zutenez

Nerea Mujika, atzo, 25 urte hauetan banatutako sariak ondoan zituela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Durango
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Azken 25 urteetan kultur alorrean urte luzez aritu direnak omentzea izan du helburu Argizaiola sariak. Sortu zenetik — 1992an— gaur arte, idazle, historialari, erakunde eta kultur eragile ugarik jaso dute saria. Argizaiola saria bera marka eta ikur izan da mende laurdenez. Aurten ez da omendurik izan, eta hurrengo urtetik aurrera omenaldi zena beka bihurtuko da, garaikur zena ereiteko golde. «Askotan esaten dugu azoka kulturaren plaza dela, azoka merkatua dela, azoka jaia dela, eta orain eragile ere izan nahi dugu, sortzaile berriei beren lanak garatzeko aukera emanez. Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta haren zabalkunderaino», azaldu zuen atzo Nerea Mujika Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteko lehendakariak, Omentzetik ereitera izeneko ekitaldian, Szenatokian. 25 urte hauetan banatutako 25 Argizaiola sariak oholtzan zeudela hitz egin zuen Mujikak.

Beka ez da abian jarriko hurrengo urtera arte. Honela azaldu zuen Mujikak: «Hasteko, lehen deialdia 2018ko irailean egingo dugu. Urte horretako azokan beka nork jasoko duen jakinaraziko dugu, eta 2019ko azokan izango dugu lanaz gozatzeko aukera. Beka batek laguntza ematea, aitortza egitea eta saritzea, hirurak batzen ditu; eta denok izango gara onuradun».

Sortzaile berrientzako beka izango da datorren urtetik aurrera martxan jarriko dutena, baina Mujikak ñabardura egin zuen: «Sortzaile berria diodanean ez naiz ari derrigorrean gazte bati buruz, ibilbide luzerik ez duten adin guztietako pertsonen inguruan baizik. Bakarka zein taldean. Diziplinak ere askotarikoak izango dira, azokak biltzen dituen guztiak. Deialdi bakoitzak adierazpen bat edo adierazpenen uztarketa bat hartuko du».

Bartolome Erzilla Durangoko musika eskolako hari laukote gazte baten saioarekin hasi zen atzoko ekitaldia, etabideo bat jarri zuten ondoren, Argizaiola sariak azken 25 urtean eman duena laburbiltzen zuena eta saridun izan direnetako batzuei ahotsa ematen ziena. Esaterako, Benito Ansolak hitz egiten du, eta, bekaz ari dela, galdegiten du: «Ni aurkeztu naiteke?». Eta Mujikaren erantzuna: «1995ean jaso zuen Argizaiola Ansolak, zinemagintzari egindako ekarpenagatik. Zergatik ez bera?». Bestetik, Anuntxi Aranak bideoan nabarmentzen du «pena» duela Argizaiola saria gehiago emango ez dutelako,noiz eta «emakumeak saritzen hasiak» zirenean. Eta Mujikaren aurreikuspena: «Bueno, beka horretan seguru emakume izen asko ikusiko ditugula».

Saritu askotarikoak

Jon Bilbaok jaso zuen lehen Argizaiola saria, 1992an, euskal kulturaren alde egindako ahaleginagatik. Ondoren etorri ziren gehiago ere. Bigarren urtean, 1993an, esaterako, Bernardo Estornes Lasa Auñamendi argitaletxearen sortzailea izan zen saritua.

1994an, lehen aldiz, erakunde batek jaso zuen saria, Euskaltzaindiak, euskal kulturaren eta hizkuntzaren alde egindako lanagatik. 1995ean, beste berrikuntza bat izan zen sarietan; izan ere, hainbat laguni eman zitzaien: Nestor Basterretxea, Koldo Larrañaga, Benito Ansola, Pio Caro Baroja, Fernando Larrukert eta Euskadiko Filmategiari. «Euskal kulturak asko izan du, urte luzeetan, ahalegin, neke, zailtasun eta epikatik. 25 urtez, gure kulturari hainbeste eman dioten horiei eskertzen ahalegindu gara Argizaiola omen sarien bitartez. Ilunean argi egiteagatik Gerediaga elkarteak bihotzez egindako errekonozimendua izan da».

Iaz banatu zuten azkenengoz saria. Euskararen eta euskal kulturaren alde anonimoki lanean aritu diren eta ari diren guztiak omendu zituen Gerediaga elkarteak. Milaka lagun horien izenean, sei pertsonak jaso zuten saria: Kepa Mendiak (Araba), Justo Alberdik (Bizkaia), Jaime Albillosek (Gipuzkoa), Mari Carmen Belazak (Nafarroa), Patxika Erramuzpek (Lapurdi) eta Jose Ramon Zengotitabengoak (diaspora).

Hemendik aurrera, sortzaile berriak bultzatuko dituzte: «Izan ere, herri honetako sortzaile berriek asko dute guri emateko: abangoardiatik bezala tradiziotik, komertzial izan edo apurtzaile. Guztiei ahotsa eta plaza eskaintzea izan da hasieratik Durangoko Azokaren helburua. Eta helburu horrekin jarraitzen dugu gaur egun ere».

Durango Udalak proiektua aurrera ateratzeko emandako laguntza eta babesa ere eskertu zuen Nerea Mujikak: « Hasieratik sinistu zuten proiektuan, eta ikusi zuten babestu beharra. Hemen ere, hartu-emanaren ideia, elkarlanaren filosofia. Ateak zabalik uzten ditugu beste bidelagunentzat ere».

Atzoko saioari Aneguria rap kantariak eman zion agurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.