Josu Ximun Billelabeitia. Belako taldeko kidea

«Sarritan huts egin dugu, baina saiatzen gara hortik ikasten»

Lehenengo aldiz egingo da asteburuon Ez Dok Fest rock jaialdia, Eibarren. Belako ariko da gaur, bira handi bat hasi aurretik; laukoteak nazioartean aritzeko «apustua» egin du.
Josu Ximun Billelabeitia, Cris Lizarraga, Lore Nekane Billelabeitia eta Lander Zalakain, otsailean, Bilbon.
Josu Ximun Billelabeitia, Cris Lizarraga, Lore Nekane Billelabeitia eta Lander Zalakain, otsailean, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 31
Bideoklip berria estreinatu dute asteon, Maskenfreiheit kantuarena, aurten kaleraturiko Render Me Numb, Trivial Violence diskoa (haien hirugarrena) zabaltzen duen piezarena. Nazioarteko bira bat ere iragarri berri dute, azken hiru urteotan hartutako martxa geldiezinari jarraikiz. Belakoren ibilbidea arrakastaren irudiarekin lotzen da, baina Josu Ximun Billelabeitia taldeko gitarra jotzaileak (Mungia, Bizkaia, 1991) argi esaten du: «Irakasgai eta hutsegite askoren bidez egiten dugu aurrera». Gaur, Eibarko Ez Dok Fest jaialdi berrian ariko dira: «Euskal Herrian oso gustura jotzen dugu; lagunekin egoteko balio digu». Zuzenean jotzeko kantu zaharrak ere lantzen ari dira.

Zuen agendari begiratzea besterik ez dago erabat nazioartekotu zaretela jabetzeko.

Gure helburua izan da hasieratik kanpora joatea musika jotzera, eta apurka-apurka ari gara lortzen. Duela hiru bat urte hasi ginen Mexikora, Ingalaterrara eta halakoetara joaten. Orain, errepikatzen dugunean, ikusten dugu guztia hobera doala, lagunak eta harremanak egin ditugula, zirkuitua osatzen gabiltzala, ez goazela egoera prekarioetan, eta baldintza on samarretan jotzen dugula. Apustua egin dugu erosotasuna utzi eta kanpora irteteko.

Eta azala gogortu zaizue hor?

Bai; asko ikasten da halako esperientzietatik, batez ere zuzenekoei dagokienez. Hasieratik garrantzi berezia eman diegu zuzenekoei: kontzertu txarrak eman ditugu, soinu txarrarekin, instrumentuak gaizki erabili ditugu, lapurtu ere egin dizkigute... Hortik asko ikasten da; denetariko abenturak izan ditugu.

Molde askotako areto eta jaialdiak ezagutu dituzue. Non aritzen zarete erosoen?

Aretoetako kontzertuak gustatzen zaizkigu gehien, tamaina ertainekoak edo txikiak; jendea gertu dagoela sentitzen duzu horietan. Hor konektatzen duzu gehien publikoarekin. Egia da, hala ere, atzerrira zoazenean jaialdietan jotzea dela positiboena, hor baitago aukera jendeak egiten duzuna ezagutzeko. Esaterako, Mexikon jaialdi erraldoi batean jo genuen, eta ordu erditxo eman ziguten. Gure errepertorioko kanturik elektroniko eta anbientalenak alboratu eta gitarreroenak jotzea erabaki genuen, ia gelditu gabe. Hurrengo batean, alderantziz egin genuen. Horrela, erabakiak hartuz eta esperimentatuz goaz.

Render Me Numb, Trivial Violence lanean hainbat indarkeria molde islatu dituzue. Musikaren munduan zuen haragitan ezagutu dituzue indarkeria horiek?

Bai, balio izan digu biolentzia horiez jabetzeko. Taldea sortu genuenean ni unibertsitatean hastear nintzen, eta neu nintzen helduena. Orduko ikuspuntua ez zen hain zabala. Taldeari esker, leku askotara joan gara jotzera, denetariko jende eta giroak ezagutu ditugu, ikuspuntu oso desberdinak. Horrek guztiak eragiten du sorkuntzan ere, konposatzeko eran, letretan... Eta eragiten du taldearen nortasunean ere.

Zuen bost urteko ibilbidean, zer indarkeria ezagutu dituzue gertuenetik; generoari eta musika industriaren jukutriei lotuak?

Marrazokeria ezagutu izan dugu, bai, baina talderik gehientsuenek ere bai. Hasieran, ez zara hainbeste ohartzen, baina denborarekin eta eskarmentuarekin... Generoaren ikuspegiaz jabetzeko balio izan digu gehienbat. Taldeko bi kide neskak dira, eta hor ikusten duzu zer trataera desberdina jaso duten maiz. Taldean lau mutil bagina, ez ginateke hainbeste jabetuko. Horren eraginez, beste begirada bat dugu; etengabe zalantzatzen duzu dena, eta jabetzen zara printzipioz arruntak diren jokaerak matxismoz beteta daudela.

Musikaren industriaren zurrunbiloan ez galtzeko sortu al zenuten zigilu propioa?

Bai; dena gure kabuz kontrolatzea oso zaila da, baina gure estrategia izan da Belako Records zigilua sortzea. Kolaborazioak egiten ditugu disko bakoitzaren ekoizpenak egiteko. Saiatzen gara kolaboratzen duena ondo ezagutzen, eta konfiantzazkoa izan dadin. Batzuetan ez da asmatzen; sarritan egin dugu huts, baina saiatzen gara hortik ikasten. Lehenengo diskoarekin hanka sartze handi bat egin genuen, baina ikasi genuen ez direla gauzak sinatu behar epe luzerako, eta ez dela besteen esku utzi behar ia gehiena.

80ko hamarkadako post-punka erreferentzia izanik abiatu zineten, baina gerora estilo irekiera bat izan duzue, malgutasunez.

Bai, beti ari gara aldatzen. Estiloa ez da muga. Akaso batzuetan pasatu ere egiten gara, baina hala ateratzen zaigu. Hala ere, guri batez ere diskoak ateratzea gustatzen zaigu, lehengo LP luzeak, eta horrek eskatzen du disko osoak nolabaiteko koherentzia izatea. Ahalegin berezia egiten dugu zentzua izan dezan.

Euskarak agerpen txiki bat izan du beti zuen diskoetan. Izan liteke aurreragorako erronka?

Bai, zergatik ez. Beti gustatu izan zaigu euskarazko kantuak egitea. Azken lanean bakarra sartu zen azkenean, baina beste pare bat edo kanpoan geratu ziren. Crisi [Lizarraga] ingelesez ateratzen zaizkio kantuak; nik orain badut beste proiektu bat ere, Lukiek izenekoa, eta hartan kantu guztiak euskaraz dira. Ikusiko dugu aurrerantzean...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna