«Hemengo argitaletxeek egindako esfortzua txikia izan da»

Maider Galardi
Donostia
2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Nahieran sortu dute Jon Mikel Udakiolak, Martin Etxeberriak eta Xabier Etxeberriak 7 korapilo liburua, baina zailtasunak izan dituzte ondoren, argitaratzeko. Urtebete eman dute argitaletxez argitaletxe produktua aurkezten, baina azkenean erabaki dute autoekoizpenaren bidea urratzea. Horregatik sortu du Udakiolak Txipibooks zigilua, bestela kaleratu ezin daitezkeen liburuei aterpea emateko.

«29 argitaletxetan ezezkoa jaso ondoren, erabaki genuen marka bat sortzea liburua Interneten saltzeko», azaldu du Udakiolak. «Askatasun handia ematen du sortzaileentzat, baina, noski, diru asko jarri behar da», aitortu du Etxeberriak. 7 korapilo eleberri grafikoa saltzeko abiatu zuten Txipibooks, baina dagoneko baditu Udakiolak beste bi liburu ere: «Orain dela 25 urte sortutako pertsonaia baten ingurukoa da bata, eta ia 30 urte ditu besteak». Interneten bigarren aukera bat izango dutela uste du.

Hala ere, bi sortzaileak penatu dira jaso duten babes txikiagatik: «Hemengo argitaletxeek egin duten esfortzua txikia da». Azaldu dutenez, oro har komikigintzak jasaten duen tratua da hori: «Badaude sortzaile bikainak, baina argitaletxeek, lanak erosi beharrean, esaten digute Frantziara joateko». Bertan eskubideak saldu, eta, ondoren, arrakasta izanez gero, Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxeek erosten dituzte lanak: «Hemen ez dago Frantzian dagoen ohiturarik», nabarmendu du Etxeberriak.

Edonork erabiltzeko zigilua

Hortaz, oztopo nagusia komikiak argitaratzeko garaian dagoela uste dute Udakiolak eta Etxeberriak. Horregatik, marrazkilariak nahi du Txipibooks marka nahi duen orok erabiltzea: «Ez dakit zein ibilbide izango duen, baina norbaitek erabili nahi badu, ni prest nago uzteko».

Bien bitartean, proiektu berrietan daude Etxeberria eta Udakiola. Lehenak komiki proiektu kolektibo berri bat du esku artean, anaiarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.