Olatu Talkak Dylan omenduko du, eta biolentzia sexista gaitzetsiko

Musikako, arteko, arkitekturako eta beste arlo batzuetako 183 ekitaldi hartuko ditu Donostiako jaialdiak. Hilaren 25, 26 eta 27an egingo dute
Olatu Talka ekimenean parte hartuko dutenetako batzuk eta antolatzaileak, atzo, Donostian.
Olatu Talka ekimenean parte hartuko dutenetako batzuk eta antolatzaileak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 22
Donostia 2016 egitasmoak utzitako ondare garbienetako bat da: Olatu Talka jaialdia. Aurten bederatzigarren aldiz egingo dute, maiatzaren 25, 26 eta 27an. Olatu Talkak askotariko egitasmoak hartzen ditu, guztiak ere kultur jarduerekin loturikoak: musika, dantza, arkitektura, historia, zeramika eta abar. Orotara, 183 ekitaldi egingo dituzte hiru egunetan: 300 talde edo eragile aritu dira antolaketa eta prestaketa lanetan, eta 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute «modu aktiboan» Olatu Talkan. Horiek datu nagusiak, Jon Aizpurua Olatu Talkako zuzendariak eta Eneko Goia Donostiako alkateak atzo egindako aurkezpenean aletuak.

Musikak tarte zabal bat izango du jaialdian. 40 kontzertu inguru izango dira hiriko gune desberdinetan, baina Basoka jaialdiak jasoko du arreta berezia. Basokak helburu hauek izan ditu: Miramongo basoa ezagutaraztea, eta akustikoan oinarritutako emanaldien «gertutasuna» lantzea. Aurtengoari «bestelako jite bat» eman nahi izan diote: Bob Dylan musikari estatubatuarrak 77 urte beteko ditu maiatzaren 24an, eta hari omenaldia egitea erabaki dute, Zorionak Dylan egitasmoaren bitartez. Emanaldia maiatzaren 26an izango da, larunbata (18:00-21:00). «Dylan erreferentzia handia da musikari askorentzat, eta pentsatu genuen aukera egokia izango zela bestela elkartzea zaila izango zen hainbat musikari elkartzeko», azaldu zuen Aizpuruak. 25 musikari inguru ariko dira Miramongo basoan, eta bakoitzak Dylanen abesti bat joko du, nork bere erara: «Batzuek ingelesez abestuko dute, baina izango dira euskaraz eta gaztelaniaz abestuko dutenak ere». Basokan izango dira, besteak beste, Joseba Irazoki, Ane Leux, Eneritz Furyak, Iker Lauroba, Mikel Azpiroz eta Rafael Berrio.

Amaiera ekitaldia

Jaialdia ekainaren 27an amaituko da. Ekitaldi nagusia Donostiako Zuloaga plazan egingo da, 13:30ean, eta bortizkeria sexistaren aurkako emanaldi bat egingo dute. Harituz elkartearen ekimenez milaka lagunek ehundutako lau kilometroko bufanda agertuko dute, eta, bufanda hori oinarri hartuta, dantza ikuskizun bat prestatu du Elene Carreto dantzariak. Olatz Salvador musikariaren Korapilatzen kantua hartu dute oinarritzat.

Musika eta dantza emanaldiek, oro har, leku garrantzitsua izango dute Zuloaga plazan: goizean, Izarrak Plazara ekimeneko 12-17 urteko gaztetxoek hartuko dute oholtza; eguerdian, Beira taldeak kontzertua emango du, eta Nebraska dantza taldeak emanaldia egingo du; eguna amaitzeko, kontzertu sorta bat izango da, Indidxabak, Last Fusion eta Mushkum taldeekin. Gainera, Elene Carretok berak eta Unai Urritiak Desafioa 19:55 obra aurkeztuko dute.

Arkitektura jasangarriarekin eta auzolanarekin lotura duen proiektu bat bururatuko dute igandean bertan, Añorgan, herritarrek parte hartu duten prozesu baten bitartez plaza «txukundu» eta beraien beharretara moldatu baitute, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea gidari. Plaza hori zabalduko dute, eta izena jarriko diote, orain artean ez baitzuen: «Prozesua garrantzitsua da Añorgarentzat. Plazak espazio publikoak dira, eta oso garrantzitsua da plaza horien erabilera moldeak eta arauak herritarrekin adostea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna