Albistea entzun

Sergei Hernandez. Iruñeko kontsignetako langilea

«Turistak asko eskertzen du zerbitzu hau»

Sanferminetan, ezer ez da berdin. Sanfrantzisko ikastetxea turistek motxilak utz ditzaten egokitu dute, eta, askotan, atzerritar asko pilatzen dira bagajea uzteko. Edota eguerdiko eguzkiari ihes egiteko.
BIDATZ VILLANUEVA

Bidatz Villanueva Etxague -

2015eko uztailak 14 - Iruñea

Sergei Hernandezek (1995, Krasnodar, Errusia), gaztea den arren, leku asko ezagutu ditu, eta hizkuntza asko ikasi; kontsignetan lan egiteko funtsezko gaitasuna da hori. Danimarkan egin zituen ikasketak, eta horregatik mintzo da, halaber, ingelesez, alemanez eta danieraz. Bigarren urtea da Sanfrantzisko ikastetxean egokitutako kontsignetan lan egiten duela sanferminetan. Haren aburuz, «lan eramangarria» da, baina, askotan, «aztoratua» ere bai.

Zein da eskaintzen duzuen zerbitzua?

Bereziki, datozen turistei motxilak gordetzean datza gure lana, festa egitera joan daitezen. Mapa bat ere ematen diegu, eta dituzten zalantzei erantzun. Eraso sexisten aurka Sanferminak Berdintasunean taldeak atera duen eskua ere ematen diegu. Hemendik, erasorik gerta ez dadila sustatzen dugu. Hainbeste jende datorrenez atzerritik, arlo horretan zein egoeratan gauden eta zer jarrera dugun uler dezaten laguntzen du hori banatzeak.

Arropaz aldatzeko kabinak ere badaude bertan.

Bai, aukera ematen baitiegu motxila hemen utzi eta nahi dutenean hartu eta itzultzeko. Txupinazoaren ondoren, esaterako, arratsaldean, zikin-zikin eginda etortzen da jendea arropaz aldatzera, eta atseden pixka bat hartzera. Dutxa publikoak ere badaude, garbitu nahi izanez gero.

Zenbatu duzue zenbat jende datorren?

Iaz, esaterako, 1.300 lagunek erabili zituzten kontsignak. Aurten, asteburua baino lehen, 850 turista zenbatu genituen. Ostiraletik igandera, 500 pertsona gehiago izan dira, gutxienez.

Ordainpeko zerbitzua da, baina prezioa sinbolikoa da gehiago?

Motxila bat 24 orduz uzteak 4,6 euro balio du. Zerbitzuak ez du etekina lortzea helburu; irabaziak beste leku batzuetan bilatu behar dira. Udalak kontsignekin egiten duena funtsezkoa iruditzen zait turistentzat. Etekinak lortzea bigarren mailako afera bat da.

Lankide asko zarete?

Hamabi lagun gara, eta launaka egiten ditugu txandak. Nahiko eramangarriak dira.

Lasaiak?

Unearen arabera. Batzuetan, ilara luzeak sortzen dira, eta azkar ibili behar dugu lanean. Gainera, zenbaitetan, turistak ez dira ohartzen hauek kontsignak direla, eta ez turismo bulego bat edo objektu galduen gunea. Jende asko dagoenean, eta galdetzen hasten zaizkizunean, kaos bat da, jendea itxoiten dagoelako. Telefonoa kargatzera datoz hainbatetan. Hau ez da horretarako lekua, eta gustatuko litzaiguke kargatzen uztea, baina, bati baietz erranez gero, denek nahiko lukete. Dena den, ahalik eta gehien laguntzen saiatzen gara.

Izan duzue liskarrik noiz edo noiz?

Nik daramadan denboran, bederen, ez. Egia da iaz gizon bat etorri zela builaka. Motxila utzi nahi zuen, baina ordaindu gabe. Segurtasunean dabilenak kaleratu behar izan zuen. Izan ere, beti dago norbait zaintzen, liskarrik gerta ez dadin. Orokorrean, turistak asko eskertzen du zerbitzu hau, laguntza eskaintzen baitiegu. Iaz, emakume batek gosari, bazkari eta afariak ekartzen zizkigun.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»

Unai Etxenausia

'Geu, afrikarrok' aurkeztu du Arrosagaraik, zenbait gazteren istorioak biltzen dituen erakusketa bat, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Madrilgo komentu batean

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako Gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara, 1960ko hamarkadan. Han lana eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. 'Marta plana' deitu zioten, eta 'El avión de las novias' dokumentalean jaso dute.

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.

 ©OIER ARANZABAL

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Urtzi Urkizu

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.