Egipto. Presidentetza hauteskundeak

Zatiketaren hauteskundeak

Astelehenean eta asteartean presidentea aukeratuko dute Egipton. Bi hautagai daude: Abdel Fatah al-Sisi jeneral ohia, eta Hamdin Sabahi nasserista. Anaia Musulmanek boikoterako deia egin dute.

Ane irazabal
Kairo
2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Al-Sisiren garaia iritsi da. Botoen zilegitasuna baduela aldarrikatzeko prest dago Defentsa ministro ohia. Inkestek eta kaleko iritziek ez dute zalantzarako tarterik uzten: egiptoar gehienek armadako buru ohiaren alde bozkatuko dute hilaren 26an eta 27an.

2011ko iraultzatik bosgarren aldia da Egiptoko herritarrek boto eskubidea praktikan jarriko dutena. Oraingoan, ordea, demokraziaren aldeko aldarrikapena biziki itzali da. Mohamed Mursi presidentearen kontrako estatu kolpeak urtebete beteko duen honetan, Egiptoko gizartean nagusi dira zatiketa eta frustrazioa.

Hala diote azken ikerketek. Pew Research Center erakundeak emandako datuen arabera, egiptoarren %54k uste dute garrantzitsuagoa dela erregimen egonkor bat izatea, gobernu demokratiko bat baino. «Ez dugu lanik aurkitzen, eta ez dugu jatekorik. Zinez uste duzu askatasuna dela gure lehentasuna? Egoeraren larritasuna ikusita, luxu bat da demokrazia». Reham el-Gharably, Al-Sisiren kanpainako boluntario baten hitzak dira horiek.

Presidente izateko bi hautagaiek ere, Hamdin Sabahi politikari nasseristak eta Al-Sisik berak, tarte gutxi eskaini diote demokraziaren aldeko aldarrikapenari. Segurtasun nazionala eta egonkortasun ekonomikoa izan dira kanpainaren oinarriak.

Ikusminik eta ilusiorik ez dute eragin hauteskundeek. «Hautagai bakarra dagoela dirudi. Sabahiri ez diogu arretarik eskaini», Heba Ahmed kazetariaren iritzia. Al-Sisiren poster erraldoi bat seinalatzen ari da Ahmed: «Bi presidentegaiak ez daude baldintza berean, hori argi dago».

«David eta Goliat»

Edonola ere, mariskal ohia ez da hauteskunde kanpainan agertu. Ez mitinik, ez prentsaurrekorik. Al-Sisik ez du jendetzaren aurrean hitz egin, eta horrek kritika batzuk eragin dizkio. «Islamisten erasoen jomugan dago, eta ez du inoren bizitza arriskuan jarri nahi», azaldu du haren kanpaina koordinatzen duen Ramy Salah ekintzaileak. Mursiren kontrako protesten sustatzailea izan zen Tamarrod (Errebolta) mugimenduko kidea da Salah: «Al-Sisik nahiago du hauteskunde kanpainan jasotako dirua beste proiektu batzuetan inbertitzea».

Bestalde, Sabahiren programa politikoak ez du inolako oihartzunik izan. Aurrekontu gutxirekin eta boluntarioen lanari esker eginiko kanpaina izan da. Ahmed Khalil, politikari nasseristaren prentsa arduraduna da: «Estatu sakonak babestutako presidentegaiaren aurka lehiatzen ari gara. David eta Goliaten arteko borroka bezalakoa da».

Bien bitartean, atzerrian bizi diren egiptoarren botoek erabateko emaitzak utzi dituzte. Hauteskunde Batzordeak eskainitako datu ofizialen arabera, erbesteko boto-emaileen %94,5ek Al-Sisiren alde egin dute.

Baina hauteskundeetan zenbatekoa izango da parte hartzea? Hori da herritarren eta politikarien ahotan dabilen zalantza. Izan ere, Pew Research Center-ek datu argigarri bat eman du: herritarren %72 ez daude pozik Egiptoren bide politikoarekin.

Horri lotuta, bozei boikota egiteko deialdiak indarra hartu du, bai islamisten orbitan, bai talde iraultzaileen artean. Boikotaren aldeko kanpainarik sutsuena Anaia Musulmanen hurbileko taldeek egin dute: «Ez dugu iruzur honetan parte hartuko. Mohamed Mursi da Egiptoko presidente legitimoa», irizten dio Diaa el-Sawyk, Estatu Kolpearen Aurkako Gazte Mugimenduko bozeramaileak.

2012ko hauteskundeetan presidentegai izan ziren Abdel Moneim Abul Futuh islamista moderatuak eta Khaled Ali politikari ezkertiarrak ere boikota iragarri dute. «Iraultzaren aurreko diktadurara itzuli gara», esan du Alik.

Iragan urtarrileko erreferendumean gertatu zen bezala, gazteen parte hartze baxua iragarri dute adituek. «Agintariak errepresio politikoaz baliatu dira egiptoar gehienen ahotsak isiltzeko», esan du Apirilak 6 mugimendu iraultzaileak. Taldearen sortzaileak diren Ahmed Maher eta Mohammad Adel ekintzaile gazteak espetxeratuta daude, protesten aurkako lege berria haustea egotzita.

Hauteskunde gardenak diren ala ez jakiteko, beharrezkoa izango da nazioarteko behatzaileen iritzia ezagutzea. Carter Center-ek ez du baimenik jaso ordezkaritza bat bidaltzeko, eta Europako Batasunak hamaika zailtasun izan du bere 150 behatzaileak Egipto osoan zabaltzeko. Halere, jarrera politiko argirik hartu gabe segitzen du Bruselak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500