Ispiluak apurtu ostean

Urte hauetan anorexia eta bulimia kasuak ugaritu egin direla igarri dute eritasun horien aurka diharduten profesionalek. Gainditu arren, sarri egunez egun borrokatu behar dute eriek, irudiarekiko «obsesioan» berriz ez amiltzeko. BERRIAk gaixotasuna atzean utzi duten bi neskaren bizipenak bildu ditu.

Nerea Ibarzabal Salegi.
Bilbo
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Amorrua ematen dit iragarkietako emakume argalak ikusteak. Pasatu dudana pasatu eta gero, berriro lehen nintzen bezalakoa izan behar dudala esaten didate?». Maitek [ez du bere benetako izena eman nahi izan] anorexia eta bulimia izan zituen duela lau urte, 14 urte zituela. Gaixotasunaren ondorioz, derrigorrezko bigarren hezkuntzan ikasturte bat errepikatu behar izan zuen, eta barnetegi batean ikasten egon zen aldi batez, bere herritik urrun. Maitek gainditu du jada eritasuna. Hautsi zituen ispiluak, baina lehengo isla hura berari jarraika sumatzen du maiz erakusleihoetan. Sendatu orduko, argaltasuna jainkotzat duen gizartera itzuli behar izan du; ez da erronka zail hori duen bakarra.

«Gero eta kasu gehiago gertatzen dira». Hori da Idoia Martinez psikologoaren balantzea; baina datuen konfidentzialtasuna dela eta, elikadura desoreka horien inguruko estatistika zehatzik ez dago. ACABE Elikadura Jokaera Nahasteak (Anorexia-Bulimia) pairatzen dituzten pertsonentzat eta haien familiartekoentzat lanean diharduen elkartean lan egiten du; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan anorexia eta bulimia duten pertsonei eta haien familiei laguntzen diete. Gipuzkoan, urtean, 70 anorexia eta bulimia kasu berri erregistratzen ditu Osakidetzak, eta gaixorik egon arren ezer esaten ez duten pertsonen kopurua ere handia dela dio Martinezek. Bakoitzaren izaerak du gaixotasunean eraginik handiena, haren ustez, baina onartu du zerikusi handia dutela gizarteak inposatutako edertasun ereduek ere: «Egia da: gaixotasun hau leku eta garai honetakoa da».

Pasatutakoa kontatzeak lasaitu egiten duela uste du Amaia Lekunberrik, eta lasaitasun horrekin deskribatu du 13 urterekin jateari nola utzi zion. Heltzen ari zen gorputza findu nahia laster bilakatu zen obsesio, eta ospitalean sartu behar izan zuten azkenean, bolada baterako. 18 urterekin eman zioten behin betiko senda-agiria: «Banekien han ez zidatela ezer sendatuko. Pisu egonkor bat lortzean, alde egin nuen». Orain, 25 urte ditu, eta, anorexia gaindituta izateaz gain, argi dauka gizarteak andrazkoen gorputzei ezarritako baldintzak direla gaixotasun horren oinarria.

Galbidearen hasiera

Maitek zulora bultza egin zion beste norbait ere izan zuen alboan: «Nire mutil-lagunak hankak loditzen ari zitzaizkidala esaten zidan, eta haren ametsetako neska bihurtu nahi izan nuen». Gutxiago jaten hasi zen, egunean entsalada batekin bakarrik irauteraino; kirola egiten zuen ahal zuen guztietan —goizaldean abdominalak egitera altxatzen zen maiz— eta jan eta jarraian oka egiteko ohitura hartu zuen. «Bulimiarekin arazo handiagoa izan dut anorexiarekin baino», oroitu du. Azkenean, mutilaren iritzia bigarren mailan geratu zen: «Argaltzearena neure buruarekin nuen erronka bihurtu zen».

Anorexiaren lehen abisuak gorputzak ematen ditu: ilea galtzen da, lo egiteko zailtasunak egoten dira, eta hilekoa ez da etortzen, besteak beste. «Hilekoa joateko arrazoia ez jatea zela ulertzean, ez nuen nahi berriro etor zedin, loditu egin nintzela adieraziko zuelako», aitortu du Maitek.

Martinez psikologoak 20-30 urte bitarteko neskak tratatzen ditu batik bat, baina 14 urteko gero eta neska gehiagok jotzen du ACABEra. Gaixoen soslai orokorra marrazten saiatu da Martinez: «Autoestimu txikia duten emakumeak dira, beren buruari asko eskatzen diotenak. Izaera oso zorrotza badute, handiagoa da anorexia izateko aukera; oldarkorrak badira, bulimian erortzea errazagoa da. Biak txandaka ere ager daitezke». Mutilei dagokienez, erien kopurua «askoz txikiagoa» da: «Hogei gaixotik bakar bat izan ohi da mutila, gutxi gorabehera».

«Antisistema» eta «feminista» gisa definitzen du bere burua Lekunberrik, eta uste du ikuspuntu hori anorexiaren eta bulimiaren erako gaixotasunak sendatzeko giltza izan daitekeela: «Gaitz horiek dituzten mutil baten eta neska baten tratamenduek ez lukete berdinak izan behar, azken finean genero arazo bat ere badelako». Eriei buruzko topikoekin ere ez dator guztiz bat: «Beti esaten da ikasle onak izaten direla, apur bat argaltzen hasten direnak egoerak eskuetatik ihes egiten dien arte. Baina ez da hori bakarrik». Andreen aurkako «indarkeria estrukturala»ikusten du Lekunberrik nahasmenduen erroan, neskek txikitatik marrazki bizidunak ikustearekin batera jasaten dutena.

Horregatik, ez du medikuen eta psikologoen «oroitzapen bikainik». «Funtzio garrantzitsu bat betetzen dute, baina buruko arazoa nola tratatzen duten ez zait gustatzen. ACABE eta antzeko elkarteak biktimismoan oinarritzen dira». Gaur egun beste medikuntza mota batzuetara joko lukeela uste du Lekunberrik, homeopatiara esaterako, gaixotasunak pertsonalki eta genero ikuspuntu batetik tratatuko dituzten lekuren batera.

Tentazioak hor dirau

Gaixotasunen sendatze prozesua luzea izaten da gehienetan, eta berriro erortzeko arriskua handia da. Anorexia eta bulimia gainditzeko bi faktore ezinbesteko daude, Martinezen ustez: «Batetik, gaixotasunaren eboluzioa; ez baita gauza bera sintomekin bi urte daramatzan baten osatzea edo zortzi urte daramatzan batena. Bestetik, sendatzeko bakoitzak daukan gogoa dago».

Berriz tentazioan erortzea erraza dela argi du Maitek; «Osatu eta gero ere, janariarena nire ahulezia dela sentitu dut hainbat garai zailetan». Lekunberrik ere hor ikusten du arazo handiena: anorexia gainditu duen hori«gaixorik» dagoen gizartera itzultzen baita berriro. «Ezin gaitu harritu pertsona horiek lehengo testuingurura itzuli eta berriz gaixotzeak, alkoholez inguratuta bizi den alkoholikoa erortzeak harritzen ez gaituen bezala». Argi eta garbi du: «Sistema begi kritikoz aztertzen ikasi ezean, zaila da nahasmenduak guztiz gainditzea».

Maiteri «lotsa» ematen dio gaixorik zegoen garaiko argazkiak ikusteak, baina harro dago eritasuna gainditzea lortu duelako: «Edozer ordainduko nuke berriro mundu horretan ez erortzearren». Gaixotasunak izaera goitik behera hausten duela dio Lekunberrik, baina horrek hutsetik berreraikitzeko aukera eman ziola aitortu du: «Agian, gaur ez nintzateke feminista izango anorexia izan ez banu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.