Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Hitzak, argazkiak eta modu berriak

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Denbora da eraberritzeko premia hotsek euskalgintza hartua dutela. Beste bultzada bat behar dela, beste kemen bat, beste modu batzuk. Ezagutzaren arloan jarri dela indarra urteotan, eta erabilerak hartu behar duela pisua. Baldintzak sortu behar direla horretarako. Bidegurutzea esan izan diote. Edo eraberritzea, edo krisi aktiboa. Beste era batera ere bai: aurreko urteetako lana oinarri hartuta —iraupen fasea esan izan diote—, ezagutza zabaldu izana baliatuta, beste urrats batzuk jartzea mahai gainean. Euskararen Eguna gaur. Urtearen balantzea egiteko egun aproposa.

Aldatu dira gauza batzuk iazko Euskararen Egunetik aurtengora. Kemena agertu da: herriz herriko euskaltzale sarea goraldi bidean jarri dute aktibaziorako egitasmoek. Moduak ere hasi dira aldatzen: lankidetzarako atea irekita sumatzen dute gero eta eragile gehiagok. Bultzada da erronka: zer aldatu, emaitzak hobetzeko.

Aldaketa politikoak

Iazko Euskararen Egunak ekarri zituen berritasun batzuk. Nafarroako Gobernuak ekitaldi batzuk antolatu zituen lehen aldiz. Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, berriz, dokumentu bat plazaratu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek, goiburu honekin: Zer egin dezaket nik euskararen alde?. Hainbat eragilek bat egin zuten harekin —euskalgintzako gehienek ere bai—. Parez pareko harremanik ez zuen izan, edonola ere: instituzioek taxutu, eta euskalgintzak bat egin.

Aldaketa garaiak ziren. Gobernu berria orduantxe osatua zen, eta halako lehen ekitaldia zuen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak. Artean jakinaraztekoa zuen zein izango ziren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan. Mezu bat eman zuen ekitaldian: «Lankidetza praktikatu nahi dugu». Handik bederatzi egunera, abenduaren 12an, euskarazko hedabideen diru laguntzen ebazpena sinatu zuen sailburuordetzak, artean arduradun berriak izendatu gabe zeudela; hiru urteko ebazpena, sektorearekin adostu gabea —BERRIAri inoizko diru laguntzarik eskasena—. Hilaren 17an Hizkuntza Eskubideen Protokoloa aurkeztu zuen Kontseiluak; sailburuordetzak ez zuen inor igorri.

Aste hartan bertan, abenduaren 23an, jakinarazi zuten aldaketak zetozela sailburuordetzara: Miren Dobaran izendatu zuten.

Abenduaren 3ko mezuari eutsi zion Zupiriak BERRIAn: «Benetako gogoa nabari dut beste era batera lan egiteko». Dobaran: «Gobernuak ezin du hizkuntza politikan eragin bakar-bakarrik badoa».

Urte berriarekin, Euskal Elkargoaren sorrera. Hizkuntza politika, EAJko Beñat Arrabiten esku.

Nafarroan pauso gehiago. Administrazioko euskara dekretua eta 45 herri eremuz aldatu izana. Euskalgintzak eskatu baino pauso murritzagoak izan dira, Euskararen Legearen menpekoak.

Uztailaren 3an, urrats bateratua: Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza hitzarmena, jomuga hauekin: hezkuntza eta helduen euskalduntzea, erabilera, sustapena, ikerketa, eta Europako finantzaketa. Bi egunera, inkesta soziolinguistikoaren aurkezpena, Baionan, hiru erakundeek bat eginda. Joera berretsi du: ezagutza gorantz, baina erabileran egiturazko aldaketarik ez. Hurrengo astean, kaleko erabileraren neurketaren emaitzak: atzeraka ari da euskara kalean.

Hitzak eta argazkiak

Mugimenduak agertu dira eragileen artean ere. «Legealdi honetan lankidetza egoki bat aurkitu behar da, hizkuntza politika eragingarri bat abian jartzeko», esan zuen Jaurlaritza berria izendatzean Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Lankidetza galdegin zuen, ohar bat eginda: «Elkarlana. Baina benetako elkarlana. Bada garaia behingoz». Izan dira mugimendu gehiago aurten; Euskal Herrian Euskaraz taldearen dokumentua: Euskal Herri euskaldunari ateak ireki. «Jauzi kualitatibo eta kuantitatiboak» eskatu ditu. «Jarrera eraikitzaileagoa» izan beharra aipatu dute.

Aldaketak agertu dira administrazioaren eta eragileen arteko harremanetan. Otsailean, aurreko taldeak ebazpena sinatu eta bi hilabetera, jakinarazi zuten euskarazko hedabideen arloa ituntzeari buruzko lan mahai bat osatu zutela Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hekimen elkarteak. Hor ari dira oraindik. Apirilean, inoiz ikusi gabeko argazkia: euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariak elkarrekin Korrikan, lekukoa elkarri pasatuz. Maiatzean, Udaltop topaketan, hizkuntza ohiturak astintzeko proposamen bat aurkeztu zuten elkarrekin Topaguneak eta Jaurlaritzak —inoiz baino jende gehiagok parte hartu zuen Udaltopen—. Joan den astean, Euskaraldiaren aurkezpena, Bilbon: Euskal Herri osoko erakundeak eta euskalgintzakoak elkarrekin.

Aldatu da egoera iazko Euskararen Egunetik. Argazki eta hitz berriak agertu dira. Hitz berdintsuak ere bai alde batean eta bestean. Kontseiluak orain bi aste «konplizitatea» eskatu zien erakundeei, eta politiken «sakoneko berrikuspena». Jaurlaritzako ordezkariek ere ahotan hartu dute «konplizitatez» aritu beharra.

Hitz horiek mamitzeko garaia dator orain. Administrazioaren esparruan, Nafarroako hezkuntzako zerrenda bakarra auzitan jarri du oposizioak, Ezkerraren babesez, eta Jaurlaritzak aurki du aurkeztekoa hizkuntza eskakizunen auzia. Akuilu lana izango du funtzio euskalgintzak, eta aurrerapausoen aurrean «konplizitatez» aritzea. Erakundeek ere bai: euskalgintza abangoardian ari den egitasmoak babestea, bultzatzaile izatea, «konplizitatea» praktikatzea. Hitzez eta egitez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.