Iranek eta Saudi Arabiak «aro berri bat» hasi dute

2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Bai nik bai Saudi Arabiako Atzerri ministroak uste dugu bilera honekin aro berri bat has litekeela gure bi herrialdeen arteko harremanean», adierazi du Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak, Saud al-Faisal Saudi Arabiako diplomaziaburuarekin elkartu ondoren, New Yorken. Hassan Rohani Irango presidente denetik —iazko abuztutik— bi herrialdeetako Atzerri ministroek egindako lehenbiziko bilera izan da.

Irango IRNA agentziaren arabera, Al-Faisal IS Estatu Islamikoak sortutako egoerari buruz mintzatu da bileraren ondoren. Egoera «zaila» dela adierazi du, baina era berean «aukera bat» sortu duela Iranen eta Saudi Arabiaren arteko harremana hobetzeko. «Uste dugu aukera on hau baliatu eta iraganeko okerrak albo batera utziz gero krisi hau arrakastaz gainditu dezakegula».

Monarkia sunita da Saudi Arabia, eta Iran, berriz, errepublika xiita. Ekialde Hurbilean, islamaren bi adarren arteko gatazketan erreferentziazko herrialdeak dira. Iranek behin baino gehiagotan egotzi dio Saudi Arabiari ISri laguntza ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.