Katalunia. ANALISIA

'Ioldi artikuluarekin' bueltaka

Auzitegietako korridoreetan ez galtzeko oinarrizko gida 
Juan Carlos Ioldi —erdian—, 1987ko otsailaren 26an, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean lehendakarigai gisa hitzaldia egiten, inbestidura saioan.
Juan Carlos Ioldi —erdian—, 1987ko otsailaren 26an, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean lehendakarigai gisa hitzaldia egiten, inbestidura saioan. BERRIA

Martxelo Otamendi -

2018ko otsailak 6
Nekez pentsatuko zuen Juan Carlos Ioldik, euskal preso politikoa zela, Eusko Jaurlaritzako Herri Batasunako lehendakarigai izateko proposamenari baiezkoa eman zionean, Espainiako lege baten artikulu bati izena ematen bukatuko zuela. EAJ hautsi berritan, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren 1986ko azaroan. Ardanza, bere aurreneko hauteskunde nagusitan, izan zen jeltzaleen lehendakarigaia, eta Ioldi seigarren zen Gipuzkoako zerrendan. EAJk 17 eserleku lortu zituen —15 galdu zituen EAren sorreraren ondorioz— eta Herri Batasunaren zerrendak, 13.

Ioldi espetxean zegoen, baina epaiketa egiteke zegoenez, artean ustezko gaizkilea zen. Nafarroako Auzitegi Probintzialeko magistratuek baimena eman zioten 1987ko otsailaren 26ko osoko batzarrera joan eta Herri Batasunako hautagaiaren diskurtsoa emateko.

Oso aurrekari arriskutsua izan zen Ioldirena, akusazio larriak zeuzkan kondenatu gabeko preso bat hautagai, hautetsi eta gobernu autonomiko bateko lehendakari izan zitekeelako. Aukera hori ezeztatzeko, Prozedura Kriminaleko Legea aldatu zuten Espainiako Kongresuan 1988ko maiatzean, beste aldaketez gain, 384 bis artikulua erantsia: kazetari eta legelarien ahotan, Ioldi artikulua deritzana. Delako 384 bis artikuluaren arabera, talde armatuko kide izatea, edo terrorista izatea edo matxino izatea salaketa daukan hautetsi bati kargu publikoaren izaera eteteko bi baldintza bete behar dira: instrukzio epaileak hautetsi horren aurkako espetxeratze agindua ematea eta auzipetze autoa egotea.

Behin-behineko espetxealdian dagoen hautetsiaren kasuan, ezinezkoa da inhabilitazioa aplikatzea. Kondenarekin batera etor liteke inhabilitazioa, sekula ez ikerketa aldian. Epaiketa aurretik kargu publikoaren etetea bakarrik erabaki liteke, ez inhabilitatzea.

Estrategia juridikoa marraztuta daukate Espainiako Gobernuak eta estatu egiturek. Urgentziazkoa da Rajoyrentzat, Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu Llarenak kargu publikoaren izaera kentzea, etetea, matxinoei. Behin izaera hori galduta, ezin izango direlako izan ez parlamentari eta, are gutxiago, kontseilari edo lehendakari. Argitaratu denaren arabera, martxo bukaerarako eduki lezake Llarenak prest auzipetze autoa, eta, horrekin, kargu publikoaren etetea emateko lehen baldintza beteko litzateke.

Zer eragin dauka Ioldi artikuluak Kataluniako prozesuaren atxilotu, espetxeratu eta iheslarientzat? Hiru egoera desberdinetan daude kaltetuak. Batzuk ihes eginda, beste batzuk baldintzapeko askatasunean, eta beste batzuk behin-behineko espetxealdian.

Bruselako taldean bost daude, baina hiruk uko egin diote parlamentari izateari —JxCko Clara Ponsatik eta Lluis Puigek, eta ERCko Meritxell Serretek—; hortaz, hiru horiengan Ioldi artikuluak ez dauka inolako eraginik. Aitzitik, bik, Carles Puigdemont lehendakariak eta Toni Comin Osasun kontseilariak, eutsi egiten diote kargu publikoaren izaerari. Llarena magistratuak auzipetze autoaren barruan Puigdemont eta Cominen espetxeratze agindua sartuko du, eta, horren ondorioz, eten egingo du bi iheslarien kargu publiko izaera. Beranduenez, martxoaren bukaerarako galduta izango dute biek hautetsi kategoria. Auzipetze autoa kaleratu aurretik ere ezinezkoa du Puigdemontek lehendakari izatea, Llarena magistratuak debekatu egin diolako Kataluniako Legebiltzarreko lehendakari Torrenti Puigdemonten izendapen delegatua edo telematikoa egitea. Eta Puigdemont bere kabuz Katalunian agertzen bada, atxilotu eta kartzelara sartuko du Llarenak, eta, inork ez du dudarik egiten, ez dio onartuko baldintzapeko askatasuna. Eta, halako batean, Llarenak egindako estradizio eskaeraren ondorioz Belgikak Puigdemont atxilotu eta Espainiari ematen badio, zuzenean sartuko dute kartzelara, eta han edukiko du epaiketa eguna arte.

Beste bi hautetsi kartzelan daude: Oriol Junqueras lehendakariordea (ERC) eta Jordi Sanchez diputatua (JxC). Aurreikuspena beteta, Llarena magistratuak martxo bukaeran auzipetze autoa kaleratzen duenean, bi hautetsi preso horiei eten egingo diete, Ioldi artikuluaren apikazioaz, kargu publiko izaera, bi baldintzak betetzen dituztelako: kartzelan egongo dira eta auzipetze autoa indarrean egongo da.

Kartzelan dauden beste biak ez dira kargu publiko. Joaquim Form (JxC) Barne kontseilariak utzi berri du diputatu akta, eta Jordi Cuixart ez zen aurkeztu hauteskundeetara.

Hirugarren taldea baldintzapeko askatasunean dauden diputatuek osatzen dute. Auzitegi Nazionaleko Lamela epaileak kartzelatu egin zituen, eta, aste batzuk pasatutakoan, Auzitegi Goreneko Llarena magistratuak baldintzapeko askatasuna onartu zien auzi osoa beretzat hartu zuenean: JxCko Jordi Turull, Josep Rull eta Lluis Guino, ERCko Raul Romeva eta Dolors Bassa. Diputatu horiei, ez daudelako kartzelan, ezin izango diete kargu publiko izaera eten, nahiz apirilean Llanera magistratuak auzipetze autoa kaleratu.

Llarena epaileak erabiliko duen 384 bis artikuluak talka egingo du Kataluniako Legebiltzarraren 24. artikuluak dioenarekin. Azken artikulu horren arabera, diputatu katalan batek kargua galtzeko derrigorrezkoa da sententzia irmo bat egotea inhabilitazio zigorrarekin. Zer nagusituko da talka horretan? Legebiltzar baten arautegia edo Espainia osorako rangoa daukan legea?

Atzo jakin genuen, Bruselan bilera egin eta gero, adostasuna lortzekotan direla JxC eta ERC Puigdemontek etorkizun hurbilean joka lezakeen rolaz. CUPek baiezkoa ematen badio irtenbide horri, Puigdemont lehendakari legitimoa izango litzateke, eta Bartzelonan egongo den gobernu operatiboa Bruselatik kudeatuko luke. Alegia, bi lehendakari egongo lirateke.

Zein izan liteke Espainiako Gobernuaren eta estatu egituren estrategia akordio hori zapuzteko? Llanera magistratuak ahalik eta azkarren prestatzea Puidemonten estradizio eskaera Belgikari, Lamela epaileak egin eta Llanerak berak kendu zuen eskaera, oraingo honetan Belgikako justiziak onar ditzakeen delituetara zorrotz mugatuta. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna