Azkena, misterioari eutsiz

'Ume galduaren historia' euskaratu du Fernando Reyk, Elena Ferranteren tetralogiako laugarrena

Adiskide paregabea osatzen duten lau liburukiak, euskarazko bertsioan. BERRIA.
Gorka Erostarbe Leunda.
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ageriratu zuten hedabideek, iazko urrian, Elena Ferrante idazle italiarra (Napoli, 1943) egiazki Anita Raja itzultzailea dela. Rajak berak baieztatu ere bai, baina horrek bere literaturarekiko ikuspegia ez zuela moldatuko ere argi utzi zuen. «Bai, ni naiz Elena Ferrante. Baina horrek, nire ustez, ez du ezertan aldatzen irakurleek Ferranteren liburuekin duten harremana. Liburu hauek Elenarenak izango dira hemendik aurrera ere, ez nireak». Nazioarteko sona eman dion eta Italiako literaturaren azken urteetako fenomenorik handiena bilakatu duen Adiskide paregabea nobela osatzen duten lau liburukiez ari zen Ferrante hori esatean.

Lau liburuki horietako hiru Fernando Reyk ekarri ditu euskarara, baita Igelak oraintsu plazaraturiko Ume galduaren historia azkena ere. Ferranteren «literatur balio ukaezina» nabarmendu du Reyk, urte luzez gordetako anonimotasunak sortutako efektu enigmatikoaren gainetik: «Jakin-minak, Elena Ferranteren atzean nor zegoen jakin nahiak, berezitasun ttantta bat erantsi dio bere obrari, baina ez dut uste espres bilatutako efektua izan denik». Are gehiago, itzultzaile jarduerari erreparatuz, gogoeta propio bat ere eragin dio: «Itzultzaileak beti bilatu behar duenez itzalean egotea, oharkabean pasatzea, kasu honetan idazleak ere hori bilatzeak zer pentsatua eman dit. Behingoagatik, biok desira bera genuen, eta itzultzaileok are serioago hartu behar genuen oharkabean pasatu nahi hori. Ferranteren ustez, liburuak eman behar du bere berri. Gure itzulpenak ere horixe bilatu behar zuen: liburua euskal irakurleen esku utzi behar genuen, eta bilatu behar genuen irakurlea istorioarekin txoratzea, batere galdetu gabe nork itzuli duen».

Ez du debaldekoa pluralean hitz egitea. Itzulpenaren ardura nagusia Reyrena izan den arren, lankidetza azpimarratu baitu. «Oso aberasgarria izan da, oso lagungarria, hiru buru aritu baikara elkarri laguntzen eta zuzentzen: Miren Iriarte, Xabier Olarra eta hirurok».

Adiskidetasun biribildu bat

Reyk itzuliak dira tetralogia osatzen duten Adiskide paregabea eta Abizen berriaren historia lehen bi liburukiak ere, eta Miren Iriartek euskaratu zuen Ihesi doana eta gelditzen dena hirugarrena.

Bi emakumeren arteko harremanaren ibilbidea kontatzen da tatralogian, zahartzaroaren talaiatik, eta Napoli kokagune nagusitzat hartuta. «Esan dezakegu Italiako eta Europako gizartearen bilakaera eta gizarte osoaren erretratua ere badela liburua», esan du Reyk. Lina Cerullo Lina du protagonista nagusia tetralogiak; Elena Greco Lenu-ren adiskidea da, hain zuzen ere. Nobelan, bi adiskide horien harremanak eta mende erdi pasatxoan izandako tirabira guztiak nola gertatu diren kontatzen dira, lau alditan banatuta —2.000 orrialde dira guztira, gutxi gorabehera—.

Adiskide paregabea-ren lehen liburukiak haurtzaroa du ardatza; Abizen berriaren historia-n gaztaroaz ari da Ferrante, batik bat; helduarorantz egiten dute protagonistek Ihesi doana eta gelditzen dena hirugarrenean. Eta helduaroa eta zahartzaroa harrapatzen ditu Ume galduaren historia-k. «Esan nezake zoragarri ixten duela nobela Elena Ferrantek. Misterioa bizirik dago nobela guztian, eta, bukaeran kontu asko argitzen badira ere, irekita geratzen da nobela, misterioak bizirik jarraituko baitu neurri batean».

Lehen liburutik laugarrenera, idazketa moldean «ez dago aldaketarik», Reyren hitzetan, ezta «bere lehengo liburuen aldean ere». Izan ere, Ferrantek arrakasta eta oihartzuna 2011. urtean lortu bazuen ere —orduan argitaratu zuen tetralogiaren lehen liburukia—, lehenago ere idatziak zituen liburuak; ondoren film bilakatutako L'amore molesto (1992), esaterako. Honela definitzen du Ferranteren idazketa Reyk: «Italiera normala da. Lehenago euskaratu ditudan beste liburu batzuetan ez bezala, ez du kutsu dialektikorik. Oso idazketa zinematografikoa du. Ez da barrokoa, eta tonua eta sintaxia euskarara ekartzeko problema batzuk izaten dira beti, baina ez dut uste zailtasun ikaragarriko itzulpena denik».

Bai azken liburukia, bai tetralogia osoa BERRIA dendan eros daitezke —www.berria.eus/berrialaguna/denda/—.

LIBURUAK

Ume galduaren historia.22 euro (18,7 euro BERRIAlagunentzat).

Tetralogia. 72 euro (68 euro BERRIAlagunentzat).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.