Bi agerraldiko antzerkilaria

Igandean beteko dira 50 urte Pello Sarriegi antzerkilaria hil zela. 1936ko gerraren aurretik agertu zen lehen aldiz herri-antzerki mundura; gerraostean, bigarrengoz.

Pello Sarriegi, datatu gabeko argazki batean. BIDEGILEAK BILDUMA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Pello Sarriegi Larburu (Hernani, Gipuzkoa, 19061968) Hernaniko Eusko Batzokia taldeko kide gisa igo zen lehenengoz taula gainera. Espainiako II. Errepublika urteak ziren. Toribio Altzagaren lanak-eta antzezten aritu zen.

Gerraren etenaren ostean, 1955 inguruan, euskarazko antzerkiari heldu zion berriz ere. Goi-Alde taldearen sortzaileetariko bat izan zen. Eugenio Arozena antzerkizalearen arabera, Hernani izan zen 1950eko urteetan Tolosatik Hondarribiara, Zarauztik Oiartzunera eta Leitzatik Donostiara sortu zen «kultur kurpilaren ardatza», bertan antolatutako hitzaldi, kantaldi eta abarren bitartez. Gurpil horretan hasi zen Pello Sarriegi antzezlanak idazten: Joxe Mariren urre puxkak (1961), Etxerako... nor? (1964), Ama izaten lanak dira orratik! (1964), Biotzaren neurria (1965), Jokaldi txar bat (1966) eta Zauritutako lorea (1967). Nekez idatzi ere, 1936ko gerlan ezbeharrez jasotako tiro baten ondorioz. «Gerla amaitu zenean, besoaren bizia ere gerlak eraman zuen. Eskubiko besoa ezgauza gelditu zitzaion eta antzerkiak idazteko makinatxo bat erosi zuen. Ezkerreko eskuarekin tekleatzen zuen bere Olivetti makinatxoan, eta hizkiz hizki idazten zuenez, askotan egun oso bat pasatzen zuen orri bat idazteko», dio Goi-Alden lagun izan zuen Jesus Mari Olanok, Gabriel Aresti. Euskal Antzertian. Biola eta mailuarekin (2000) liburuan.

Galtzaile, sortzaile

Hura ez zen izan gerrak Sarriegiri utzi zion arrasto bakarra. Jeltzale agerikoa zenez, gerra amaitu ostean, bota egin zuten 1936ko uztaileko kolpe militarra arte lantoki izan zuen galdarategitik. Zikuniagako paper-fabrikan hartu zuten lanerako, Francoren aurka ibilitako beste asko bezala. Hango lan orduetatik kanpo, kulturgintzan hasi zen. «Egun batean, Sarriegi etorri zen [Juanito Olano] nire osabarengana(...) Hirurok aho batez erabaki genuen antzerki talde bat Hernanin prestatu behar genuela». Hala jaio zen Goi-Alde taldea, Jesus Mari Olanoren hitzetan. Taldearen izena bera Sarriegik proposatu omen zuen. Gazte askok egin zuten bat taldean. Ardatza antzerkia izanik, beste lan batzuetan ere jardun zuten, «euskal kulturaren eskasia gainditzeko». Sarriegik horretan jokatutako rola, Olanoren esanetan, ez zen nolanahikoa izan: «Antzerkizale porrokatua zen. Sasoi batean, bera zen Hernaniko antzerki mugimenduaren arima, egilea, antzezlaria, kudeatzailea, eta ez dakit zenbat ekintzatan zebilen».

Goi-Aldekoek gerra aurreko antzerkilarien ekarpena nabarmendu nahi izan zuten lehen taularatzean. Toribio Altzagaren bi lan jokatu zituzten horretarako. Baita arrakasta lortu ere. Sarriegiren lanen artean, berriz, Goi-Aldek bakarra taularatu zuen, Pako Sudupek Bidegileak bilduman hari buruz ondutako alean: Jokaldi txar bat.

Sarriegik harreman zuzena izan zuen bi antzerkigile garaikiderekin: Nemesio Etxanizekin eta Jazinto Karraskedorekin. Etxerako... nor?, hain zuzen ere, azken horrekin batera idatzi zuen. Maisutzat, baina, Altzaga izan zuen. Nabaria da haren eragina Sarriegiren lanetan. «Kristau balioek santuturiko baserri-bizitza kaleko diruzalekeriari eta balio kristauen galerari kontrajartzea ez dira, noski, Pello Sarriegik asmatuak, baina bai hark arrunt erabiliak», Pako Suduperen iritziz. Horretan, Sarriegik bat egiten zuen erabat gerraurrean ezagutu zuen antzerkiarekin.

Beste ikusmolde bat

Beste mundu ikuskera bat loratzen ari zen, baina. Horren erakusle, Gabriel Arestik 1961eko abenduan Donostian emandako Nola erein teatroaren gaurkotasuna euskaldunen artean hitzaldia: «Gertatzen da gaurko euskal teatroa eztela gaurkoa, joan den mendekoa baizik. (...) Gure teatroa moralista da, badirudi sermoi edo prediku bat entzuten dugula, euskal komedia bat ikusten dugunean». Munduko antzerkiari begiratzeko eta gaiak eta giroak aldatzeko garaia zela sinesten hasi zen antzerkizale asko. Eta elkarren arteko harremanak estutzen hasi ziren. Topaketa batzuk egin zituzten 1964an Zaldibarren (Bizkaia). Euskal Herriko osoko 50 talde elkartu ziren bertan. Goi-Alde taldekoak ere bertan izan ziren. Aresti bera ere gonbidatu zuten Hernanira, 1967an, hitzaldia ematera, eta hark 1961en idatzitako Mugaldeko herrian eginiko tobera taularatzeko lanari ekin zioten. Ez zuten sekula taularatu, baina. Arestiren antipodetan zegoen Sarriegiren Zauritutako lorea izan zen Goi-Aldek prestatu zuen azken drama. Hori ere ez zuten estreinatu.

1968ko ekainaren 10ean hil zen Sarriegi, 62 urte zituela. Hala bukatu zen 1936ko gerrak erasandako antzerkizalearen bigarren agerraldia. Hiru egun lehenago, tiroketa batean, Txabi Etxebarrieta etakidea eta Jose Pardines guardia zibila hilotz gertatu ziren Tolosako Benta Haundin (Gipuzkoa). Horren ondoriozko protestei erantzunez, Camilo Alonso Vega Gobernazio ministroak salbuespen egoera ezarri zuen. Gidoia erabat aldatu zen, eta Goi-Alde desagertu egin zen. Ez zen bakarra izan, Olanoren hitzetan: «Han-hemenka talde bat edo beste gelditu bazen ere, frankismoaren zentsura ere gogortu egin zen. Bestalde, esan behar da antzerki mugimenduaren osatzen zutenek nahiago izan zutela kalera irtetea frankismoaren aurka borrokatzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.