Lur Gil.
Gasteizko Jaiak. ATERKIAREN BABESPETIK

Blusak eta neskak, zirkuan bezala

2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Tokia hartu, erne, ikuskizuna hastera doa. Haur, guraso zein adinekoek erne begiratzen diete zirkuko protagonistei, txalo artean eta irria aurpegitik kendu ezinda. Zirku normal bat ematen du, animalia eta akrobatekin, baina ez, iaztik ez dago elefanterik, ez tigrerik zirkuan, legedi berria indarrean jarrita; eta haiek zuten lana norbaitek hartu behar. Gasteizko jaietan arrakasta handien duen zirkua kalean dago egunero, erdigunetik zezen plazara desfilatzen duten blusa eta nesken kuadrillena.

Oihura errotua da Gasteizen zezen plazara joateko eta itzultzeko ibilaldia. Kuadrillaka antolatuz, zeinek ikuskizun handiagoa eskaintzeko lehian, jendez inguraturik. eta begirada guztiak irabaziz. Gasteiztarra ez den batentzat, zentzurik gabeko ekitaldia izango da, dudarik gabe; zezen plazara joatea, gero zezenketara ez joateko; eta hura bukatuta, berriz bildu, erdigunera bueltatzeko. Zertarako joaten dira. orduan? Galdera ona da hori, blusa eta neska askok beren buruari inoiz egin ez diotena seguruenik. Baina beharrik ere ez, inongo jaitan ez baita normalena ekitaldi guztiei arrazoi bat bilatzea.

Batzuk festa giroan, nora doazen ere jakin gabe, eta kale bazterretan, jendetza; ordu erdi lehenago lekua hartuta, ibilaldiaren xehetasun txikiena ere ez galtzeko. Ohitura da batzuentzat ibilaldia egitea, eta ohitura besteentzat ikustera joatea. Zentzugabekeriari arrazoia emanez, noski. Egunero errepikatzen den ikuskizuna da, egunero antzezlan bera, protagonista berak; azken egunetan, lehenengoan baino nekatuago eta makurtuago agian, baina lana behar bezala eginez. beti.

Beste galdera on bat da zer demontre egiten duten blusek eta neskek zezenketa bitartean, plazara joan baina ez direnak sartzen, zertara joaten dira? Tabernarik ez balego, ziur naiz inor ez zela joango haraino, zezenketa noiz bukatuko zain egotera, baina oso denbora gutxi irauten du blusa edo neska batek tabernatik kanpo.Taberna behar dute. Tabernak desagertzen diren eguna heltzen bada, hondamendia etorriko da.

Tabernak ezinbestekoak diren bezala, zirkua ere hala da Gasteizen. Jaiak ez lirateke berdinak blusa eta neska gabe. Maitatuak dira kuadrillak, bestela ez litzateke hainbeste jende joango ibilaldia ikustera, baina ez dakit nork daukan zentzu gutxiago, ibilaldia egiten duenak edo ikustera joaten denak. Nik, bitartean, hain ekitaldi xelebrea izanik, ikusleak ikustera joatea proposatzen dut, hori baita afera honen gauzarik harrigarriena, ikusleak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.