Krisi politikoa Grezian. Hauteskunde aurreratuak

Beste aukera bat Greziarentzat

Gobernuaren hautagaiak ez du parlamentuaren babesa lortu presidentetzara heltzeko, eta Samarasi hauteskundeak aurreratzea beste aukerarik ez zaio gelditu.

Inkestetan, Syriza da faborito
Antonis Samaras Greziako lehen ministroa parlamentuan, presidentea hautatzeko bigarren bozketa saioan.
Antonis Samaras Greziako lehen ministroa parlamentuan, presidentea hautatzeko bigarren bozketa saioan. YANNIS KOLESIDIS / EFE

Samara Velte -

2014ko abenduak 30
Parlamentuaren babesa galduta, hauteskundeak aurreratzea beste aukerarik ez zaio geratu Antonis Samaras Greziako lehen ministroari. Bere alderdiko Stavros Dimasek ez ditu nahikoa boto bildu legebiltzarkideen artean, ezta hirugarren bozketa saioan ere; orain, gobernuak hamar eguneko epea dauka parlamentua desegin eta bozetara deitzeko. Samarasek iragarri du jada urtarrilaren 25ean egingo dituztela. Inkesten arabera, lehia estua izango da gobernuko Demokrazia Berria alderdiaren eta ezkerreko Syrizaren artean.

Espero izatekoa zen Dimasen porrota; oposizioak hitzartuta zeukan hari biderik ez ematea. Urte amaierarekin, krisia lehertu da bestela ere hauskor eta herrenka zebilen gobernuko koalizioan. Parlamentuak gero eta sarriago eman die bizkarra Samarasen proposamenei, eta, orain, haren presidentegaia ere ez du onartu. Karolos Papulias egungo presidenteari martxoan amaituko zaio agintaldia; legebiltzarkideek hiru saio egin dituzte azken asteotan haren ordezkoa aukeratzeko, baina Dimasek —aurkeztutako hautagai bakarra izanagatik ere— ez du bakar batean ere lortu gutxieneko babesa. Parlamentua osatzen duten 300 diputatuetatik guztiak presente egon arren, soilik 168k bozkatu dute azken bi itzulietan Dimasen alde; eta hark 180 behar zituen, gutxienez, presidente bihurtzeko.

Lehen ministro kontserbadorearen Demokrazia Berriak 127 ordezkari zeuzkan legebiltzarrean; Pasok koaliziokide sozialdemokratak, beste 28. Behinola Greziako alderdi nagusi izandako bi taldeen arteko koalizioa ozta-ozta heltzen zen eserlekuen erdietara; ez, ordea, behar zituen bi herenetara. Horregatik, diputatu independenteak limurtzen saiatu zen Samaras azken itzuliaren aurretik. «Orain presidentearen alde bozkatzen ez duenaren ardura izango dira inork nahi ez dituen hauteskundeak», ohartarazi zien joan den larunbatean. Dimasen aurkako boto bakoitza Syrizaren mesederako izango zela argudiatu zuen: «Azken hiru urteotan odola isuriz eraiki ditugun erreforma guztiak hankaz gora gera litezke egun bakar batean». Atenasetik ez ezik, Europako Batzordetik ere ohar zorrotza egin zieten Greziako legebiltzarkideei, «ardura» eskatuz; eta, Bruselaren urduritasuna neurtzeko termometro baten gisan, burtsako indizeak ere behera egiten hasi ziren parlamentuko bozketaren bezperan.

Gobernuburuaren mehatxuak gorabehera, diputatu bakar batek ere ez zuen botoa aldatu atzoko bozketan, eta gehienak Dimasen aurka agertu ziren. Europako Batasuneko komisario ohia Bruselatik gertuegi ikusten dute askok, Samaras Troikaren mezularitzat duten bezalaxe. Atzoko saioan, haren alde bozkatu ez zuten diputatuak txaloka eta oihuka hasi ziren emaitzaren berri jakin zutenean. Lehen ministroak 132 diputatu horiei egotzi die «inork nahi ez dituen gertakarien» errua: «Egin genezakeen guztia egin dugu errepublikako presidentea aukeratzeko eta hauteskundeak saihesteko; izan ere, herritar gehienek desio ez duten arriskua dakarte».

Syrizak du giltza

Estatuburuaren funtzio nagusia errepresentatiboa da Grezian, baina parlamentuaren bi herenak ez badira ados jartzen, konstituzioak hauteskundeak aurreratzera derrigortzen du. Syrizak iragarrita zeukan ez zuela hautagairik aurkeztuko, eta, horren ordez, gobernua bozetara deitzera behartuko zuela zuzenean. Oposizioko alderdi nagusiaren helburua Samarasen agintea bera kolokan jartzea da, eta dagoeneko hasi da hauteskunde kanpaina prestatzen. Aste honetako bozketa «lehenbiziko garaipena» izan dela adierazi du Alexis Tsipras alderdiko buruak: «Oposizio demokratikoko alderdi eta diputatuek erakutsi dute ezin zaiela xantaiarik egin. Murrizketa politikak eta akordioak iraganeko kontua dira jada, eta etorkizuna hasi da».

Boto asmoei buruzko galdeketetan aurretik doa Syriza, tarte txikiarekin bada ere: duela bi aste argitaratutako inkesta batek botoen %28 iragartzen zizkion, Demokrazia Berriari baino 6,5 puntu gehiago. Dena den, bien arteko tartea txikitzen doa —joan den asteburuan 2,4 punturen aldea baino ez zeukaten—; itxura guztien arabera, Greziako boto-emaileak polarizatzen doaz, eta bi muturren artekoa izango da kanpainako lehia nagusia.

Syrizak gobernuaren programa ekonomikoa du jomugan, eta, neurri batean, haren aurkako kritikei esker indartu da hainbeste azken urteotan: Bruselak eta Berlinek diotena txintik atera gabe indarrean jartzea egozten die Atenasko «merkelistei». Bere alde ditu murrizketen eta erreformen ondorioz lanpostua galdu edota diru sarrerak apaldu zaizkien milioika herritar, baita gazte asko ere —erdiak langabezian daude—. Krisiari aurre egiteko burujabetza nazionala defendatzen du, eta berriz negoziatu asmo ditu Greziako Gobernuak Europako Batasunarekin eta NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin adostutako erreskate planen baldintzak. Nolanahi ere, azken urteotan dezente leundu du diskurtsoa, batez ere Europako Batasunari eta euroari dagokionez. Gobernura helduz gero, Greziako bankuek gordailuak bermatuta izango dituztela adierazi du Tsiprasek, eta bere alderdia Europako beste herrialdeekin negoziatzeko prest dagoela: «2014a ez da 2012a. Banku sistemikoek talka probak gainditu dituzte, egonkortzera egin dute, eta guztiak daude Europako banku sistemaren barruan».

Demokrazia Berriak, berriz, egonkortasun ekonomikoaren promesarekin egin ohi du kanpaina, krisitik ateratzeko errezetak Bruselaren eta Atenasen arteko adostasunarekin helduko direla argudiatuz. Datozen hauteskundeetan ere ideia horri eutsiko diola dirudi. «Orain egonkortasuna berreskuratu behar dugu», esan du Samarasek, NDFrekin sinatutako akordioa gogora ekarriz: «Herriak ez du onartuko memorandumen garaietara itzultzerik».

Gobernuko alderdi kontserbadorearen promesek, ordea, helduleku eskasa dute Greziaren azken urteotako garapen politikoari begiratuz gero. 2010ean eta 2011n sinatutako murrizketa planek protesta jendetsuak eragin zituzten, eta krisia etxeetatik instituzioetara eraman zuen: 2012ko hauteskundeen ostean, hautagai bakar batek ere ez zuen beharrezko babesa lortu presidente izateko —orain gertatu antzera—, eta berriro deitu behar izan zuten bozetara. Harrezkero, gehiengo justuarekin agintzen du Demokrazia Berriak, Pasok Mugimendu Sozialista Panhelenikoaren babesarekin.

Sozialdemokratek Greziako alderdi nagusia osatzen zuten garai batean. Gaur egun, ezer gutxi geratzen da Pasokek orduan jasotzen zuen babesetik: joan den hamarkadako krisi ekonomikoak alderdiaren erabateko gainbehera eragin zuen, eta orain 28 eserleku baino ez ditu 300 diputatuko parlamentuan. Hainbat kide esanguratsuk alderdia utzi dute eta formazio politiko berriak sortu dituzte; besteak beste, Georgios Papandreu buruzagi ohiak. Evangelos Venizelos presidente berriak argudiatu du bere alderdiari «garestiegi» ordainarazi diotela krisi ekonomikoa, eta aurrerantzean ere «egonkortasunaren bermatzaile» izateko asmoa daukala.

Oposizioko gainerako talde gehienak, ordea, ez dira gobernuko koalizioarekin fio; askoren aldarrikapenak gertuago daude Syrizaren leloetatik, kontserbadoreenetatik baino. Greziar Independenteak alderdiak, esaterako, batasun nazionala eta burujabetza eskatu ditu: «Prozesu berri baten hasiera da bozketaren emaitza, herrialdeak norabidea alda dezan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna