Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea «Familia proiektu horientzat albiste guztiz positiboa da»

Publizitatea

Gizartea

Itziar Alkorta. Doktorea Zuzenbide Zibilean

«Familia proiektu horientzat albiste guztiz positiboa da»

 

2017-09-13 / Arantxa Iraola

Zuzenbide Zibilean doktorea da Itziar Alkorta, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea, eta aditua laguntza bidezko ernalkuntzarekin lotutako auzi legal eta etikoetan. Poza adierazi du Paristik heldu den albistearen harira, baina kontuotan «ñabardurei» ere arreta handiz erreparatu behar zaiela oroitarazi du.

Frantziako legeriak ezarritako mugen ondorioz, atzerrira jo behar izan dute andrazko askok lagundutako ernalkuntza teknikak egitera. Europako legeei so, oso atzeratua da Frantziakoa?

Legeak dio teknika horien bitartez terapia egin behar dela; teknika horiek ez direla biologikoki lortu ezin daitezkeen haurdunaldiak teknologikoki aurrera eramateko alternatiba bat, baizik eta ugalketa arazoak dituzten bikoteei ematen zaien laguntza mediko bat. Hori da printzipioa.

Abiadura ezberdindun legeriak daude Europako Batasunean?

Hori da. Abiadura ezberdinak, eta irizpide ezberdinak. Espainiako legeak, 1988an urtean sortu zenean, hasieratik esan zuen teknika horiek badirela giza ugalketa arazoak medikoki tratatzeko modu bat; baina dio, era berean, emakumeak, bakarrik egonda ere, eskubidea duela ama izateko. Hori erreboluzio bat izan zen, eta horrek bide bat egin du gure gizartean. Euskal Herrian bertan, familiak eraikitzeko bide bat izan da. Ez da gauza bera egin Frantzian eta Alemanian. Batek esan dezake Espainiakoa progresista dela; haiena, berriz, kontserbadorea. Nik ere halaxe uste dut; printzipioz, balioak aztertuz, nik ere hala uste dut. Baina, aldi berean, egon dira gure hautu progresistaren zenbait ondorio ez hain progresista, nire aburuz, behintzat.

Esaterako?

Paraleloki Espainian, bereziki Mediterraneoan sortu diren kliniken jardunaren ondorioz, horietan artatzen dituzten emakumeentzat —nagusiki Frantziakoak, Alemaniakoak eta Ingalaterrakoak— Espainiako emakumeen obuluak saltzeko industria bat sortu da. Beraz, bai; abiadura ezberdinetan ari gara, baina hautuak ez dira neutroak; ez da zuzena esatea, beste ñabardurarik gabe, gurea progresista dela; haiena, kontserbadorea. Hemen 1988an egin zen hautuak ekarri dituen ondorioak larriak izan dira andre askorentzat; komertzializazio fase batean sartu da laguntza bidezko ernalkuntza egiten duen medikuntzaren antolaketa.

Alde horretatik, Frantziak berezko legeria lantzea ona da...

Horretara noa. Ongi egiten bada, obuluen donazioa irizpide altruistekin egiten bada, eta turismo erreproduktibo horri mugak jartzeko egiten bada, hobetu egingo da emaitza. Baina ezin da ukatu: ekimen horren atzean dagoen interesetako bat da lagundutako ugalkortasun klinikena, ikusten baitute egun galtzen ari direla negozioaren zati bat. Aldaketaren alde jardun dutenen artean emakumeak, feministak eta homosexualen taldeak daude, baina, bereziki, alorrean diharduten kliniketako medikuak.

Nolanahi ere, egun ama izan nahi duten eta Frantziako legeria eragozpen duten andre askorentzat albiste ona da Paristik heldu berri dena, ezta?

Oso albiste ona. Eta, oro har, gai hauetako nazioarteko politikaren ikuspegitik ere albiste ona da; ona da herrialde bakoitzak politika zentzuzkoak lantzea ugaltzeko arazoen eta familia sortzeko alternatiben inguruan. Ez da planteatzekoa bakoitzak bere herrialdean balio batzuen mendean dauden politikak aurrera eramatea; horren efektua da emakume frantziarrek muga pasatu behar dutela gauza bera lortu ahal izateko, eta horri gero ez zaiola inolako soluziorik ematen. Horregatik, ume horientzako eta familia proiektu horientzako ere albistea guztiz positiboa da.

Haurdunaldi subrogatuen inguruko debatearen antzekoa da...

Gauza bera da. Nazioarteko jokoan bakoitzak bere ardurak hartzea da kontua, jakinda atzean interes ekonomikoak daudela.

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak