«Ded Maroz, egonkortu dadila errubloa behingoz!»

Negu gordinaren erdian, errusiar askok irribarre ironiko batekin aurre egiten diote errubloaren balio galtze handiari, gogoan baitute 1998. urtean are krisi handiagoa jasan zutela.

Ded Maroz edo Errusiako Bizarzuri, Moskuko BDNH parkearen sarreran. OLATZ URKIA.
Olatz Urkia
Mosku
2015eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gabonetako festa ofizial luzeak amaitu eta Errusia errealitatera itzuli ondoren ikusi du oporren aurretik zuen arazo nagusietako batek bere horretan jarraitzen duela. Urte berriak errubloari bultzada bat emango zion itxaropena egon bazegoen Moskuko kaleetan, baina ez da horrelakorik gertatu: urtarrilaren 1ean, euro baten truke 68 errublo eskuratzen ziren. Atzo, berriz, 75 euroren bueltan zebilen dibisen trukea egiten duten bulegoetako pantailetan, nahiz eta azken asteotan Europako diru bakarra ere balioa galtzen ari den.

Errusiako diruaren debaluazioaren arrazoi nagusia petrolioaren merkatzea da. Errusiaren esportazioen %70 petrolioari eta gasari lotuta daude, eta barne produktu gordinaren zati handi bat eragiten du haren ustiakuntzak. Petrolioa merkatzeak bi ondorio nabarmen ditu: batetik, Errusiako Estatuaren diru sarrerak gutxitu egiten ditu, eta, bestetik, agerian jartzen du Errusiako ekonomiaren ahulgune nagusietako bat, erregai fosilen ustiaketaren menpekotasuna alegia.

Lehengaien merkatuen inguruko berriak ez dira onak. Brent petrolio upel batek 115 dolar balio zuen joan den udan, eta horren erdia baino gutxiago gaur egun. Iragan astean 45 dolarreraino ere jaitsi zen, baina susperraldi txiki bat izan du azkeneko egunotan, eta 49 dolarren azpitik salerosi zen atzo. Errusiarentzat agian okerrago dena da analista gehienen arabera makalaldia ez dela izango egun edo aste batzuetarako kontua, eta petrolioa antzeko prezioetan salerosiko dela hurrengo hilabeteotan.

2015a, festa giroan

Zenbaki makroekonomikoak ilunak izanagatik, urtero bezala festa giroan ekin zioten urte berriariMoskuko biztanleek. Ardoa, xanpaina, kabiarra ez ziren falta izan, moskutarrek erabaki baitzuten begiak ixtea inflazio handiaren aurrean (%11,4 2014. urtearen amaieran). Oso nabarmena izan da bitxi dendetan gertatutakoa: urteko lehen egunetan Moskuko bitxi dendak jendez gainezka egon dira, errubloan duten konfiantza galduta errusiarrek nahiago izan dutelako dirua bankuetatik atera eta ondasun materialetan gastatzea.

Haien artean egon da Aleksander Nikolaevitx analista. Errubloa berriz behera doala ikustean, segituan diru kantitate handi bat atera du bankutik Moskuko erdialdean duen apartamentuan obrak egiteko. «1998an, egun batetik bestera bankuan nuen diru guztia galdu nuen; orain nire apartamentuak duen balioa galdu nuen dirutan; den-dena».

Ez da beldurra duen bakarra; Vladimir Levtxenko finantza analistak Ejo Moskvi irrati kateari esan zion errubloarentzako hilabete zailenak oraindik iristear daudela. Haren iritziz, apirilerako edo maiatzerako dolar bakar batek 95 errublo erosi ahal izango ditu (65 dolar atzo).

Hala ere, horrelako iritzi negatiboak ez dira asko. Gehienak ziur daude ez dela berriro gertatuko abenduaren 16aren moduko egun drastiko bat: astearte hartan errubloak bere balioaren %25 galdu zuen euroarekin edo dolarrarekin alderatuta.

Atzerrira? Datorren urtean

Urtarrilaren 11 izan zen oporretako azken eguna Errusian, eta eguneroko zereginetara bildu aurretik aisialdiko azken orduez gozatzera jende andana bildu zen BDNHra, munduko patinatzeko pistarik handiena duen Moskuko parkea. Pare bat neska elkarri argazkiak ateratzen ari dira Ded Maroz irudikatzen duen estatuaren aurrean. Errusiako Bizarzuri partikularra da Ded Maroz. Gazteek barre egiten dute, eta beren jarrera onenak erakusten dituzte kameraren aurrean. Ez dirudi kezka handirik dutenik. «Eta errubloaren balio galtzea?», galdetu, eta irribarre ironiko bat marraztu du bere aurpegian Daxak: «Bai, gure errubloa... Aurten ez gara atzerrira joan Gabonetako oporretan, errubloa erori denez bikoitza balio baitu guretzat atzerrira ihesaldia egiteak. Lehen, bidaia baten kostua 1.500 dolar ingurukoa izanda, errublotan zera izango zen guretzat... 50.000 bat errublo. Orain, gure dibisak erdia balio duenez, 1.500 dolar 100.000 bat errublo bihurtu dira. Hau da, lehen, atzerrira bidaia bat egiteak hilabeteko soldata balio zuen niretzat; orain, bi hilabetekoa». «Hori da 2015erako eskatu dugun nahietako bat», bota du lagunak: «Ded Maroz, egonkortu dadila errubloa behingoz!». Biak, barre egin, eta besotik helduta patinatzeko pistarantz abiatu dira.

Daxak bezalaxe, errusiar askok hurrengo baterako utzi dute atzerria, eta, horren ondorioz, barneko turismoa izugarri handitu da. Urte berriaren lehenengo egunetan Mosku turista errusiarrez gainezka egon da.

Pospoloak, azukrea, gatza

Sotxin ere neguko turismoak bultzada izugarria jaso du aurten: Roza Khutor eski estazioan hotel guztiak bete-beteta egon dira abenduaren 31tik urtarrilaren 12ra arte. Hortaz, errubloaren debaluazioa ona izan da barneko turismoarentzat, baina zorigaitzekoa turista errusiarrak atzerrira bidaltzen dituzten agentzientzat. Batzuek negozioa itxi behar izan dute; besteek ahal duten moduan aurrera jarraitu dute, eskaintza berezietan sostengatuz. Adibidez, Onlinetours agentziak bere webgunean prezio deigarriak argitaratu ditu errusiarrak atzerrira bultzatzeko intentzioarekin: Egiptora sei gau, hegazkina eta bi pertsonarentzako lau izarreko hotela, 40.000 errublotan (530 euro).

Errusiarrei errubloak susto handiagoak eman dizkie lehenago, eta ondo ezagutzen dute jada istorio hau; agian horregatik, nahiz eta 2015aren hasieran errubloa den gai nagusi, oraindik ez dago dramatismo handirik Moskuko kaleetan. Denek dute gogoan 1998ko krisia, eta oraingoan hobeto aterako direla uste dute.

Iritzi hori zabaltzen du gobernuak ere. «Krisi honetatik ere aterako gara. 1998. urteko krisia, huraxe izan zen benetakoa. Orduan, errubloaren bat-bateko balio galtzeak sortutako beldurrarengatik errusiarrek masiboki erosten zituzten azukrea, gatza eta pospoloak. 2015. urtean ere beldur horrek erosketa masiboak egitera bultzatu ditu errusiar asko, baino oraingoan ez dute azukrerik, gatzik ezta pospolorik erosi, urrea, autoak eta etxeak baizik», nabarmendu du Aleksei Uliukaevek, Errusiako Ekonomiaren Garapenerako ministroak, Ejo Moskvi irrati katean.

«Erantzunak? Iraganean»

Errusiarrei ez ezik, errubloarendebaluazioak asko eragiten die herrialde harekin harreman komertzialak dituztenei, edo Errusian inbertitu dutenei. Tartean dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa batzuk, eta horiei laguntzen saiatzen da Jana Obodova, SPRI Eusko Jaurlaritzaren Industria Garatzeko eta Bultzatzeko Baltzuak Moskun duen bulegoaren arduraduna. Joan den astean lanera itzuli zenetik, goizero egoten da errubloaren gorabeherei begira. «Errusia orain etapa ekonomiko korapilatsu bat ari da igarotzen. Irailetik abendura errubloak bere balioaren %30 galdu du dolarrarekiko eta %25 euroarekiko; joera horrek aurrera jarraitzen du orain. Horrek guztiak euskal enpresei ere eragin die, inportazioak murrizten dituelako». Hala ere, Obodovak nabarmendu du errusiarrei egiten diela kalte gehien, batez ere herritar xeheei, Errusiak elikagai eta oinarrizko produktu asko inportatzen dituenez haien erosahalmena murriztu baita. Egoera horretan, hiru irtenbide posible ikusten ditu SPRIko ordezkariak: «Errealitate eta prezio berrietara egokitzea, merkatu berriak bilatzea edo bertako fabrikazioa hedatzea. Azken hori bide luze-luze eta konplexua da». Edonola ere, Errusia krisitik aterako dela uste du. «Erantzunak iraganean aurki daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.