Bizkaiko Ogasunak jakinarazi du sindikatuak kolaboratzen ari direla

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek dio ELAri azterketa «egokitu» zaiola, «besterik gabe»
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua eta Unai Rementeria ahaldun nagusia.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua eta Unai Rementeria ahaldun nagusia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2018ko otsailak 9
Ogasunaren jarduera normalarekin lotu nahi izan du Bizkaiko Foru Aldundiak eta EAJk berak ELAri erresistentzia kutxaren inguruan egindako informazio eskaera. Atzo, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak jakinarazi zuen sindikatuak «erabateko kolaborazioa» eskaintzen ari direla. 2014. eta 2017. urte artean kutxa horien bidez egindako ordainketen datuak jakin nahi ditu Bizkaiko Ogasunak, nork jaso duen dirua eta zenbat, atxikipenak modu zuzenean egin ote diren argitzeko. Euskal ogasunek ez dute horrelako eskaerarik egin orain arte, berehala itxi zen Arabakoaren saio bat salbu, orain urte batzuk, Caballitoren greba luzearen harira.

«Eskaera hori Ogasunaren eguneroko lanaren zati bat da, bestelako arrazoirik gabe», esan zuen Iruarrizagak. «Jarduera eta sektore askotara igortzen dira horrelako eskaerak», Ogasun diputatuaren arabera; eta gogoratu zuen zergadun zehatzei buruz ezin duela hitz egin. «Horrela egin behar bada, egoerak gaurkotzeko egiten dira eskaerak».

Kontua da ELAren eta EAJren arteko harremanak oso gaiztotuak daudela gaur egun, eta zaila dela sindikatuaren eta alderdiaren arteko harreman gatazkatsu horretatik kanpo azaltzea ELAri egindako interpelazioa. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak esan duenez, «38 urtean ogasun guztien irizpideak bete ditu» sindikatuak. Hark dio gaur arte kutxen ordainketak ez direla lan errendimendu gisa hartu. Edonola ere, garbi utzi du ogasunak informazio guztia baduela.

Ortuzarren afiliazioa

Batera edo bestera, Bizkaiko Ogasun diputatuak esan zuen sindikatuek «erabateko kolaborazioa» eskaini dutela, eta ez dagoela «horretan inolako arazorik». Ogasunaren ohiko jarduera izan ala ez, Andoni Ortuzarrek eztena sartu zion ELAri egoeraz galdetu ziotenean, atzo. Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuan ez dutela zertan «kexuka ibili» esan zuen Onda Vasca irratian; «azterketa egokitu zaie, besterik gabe», esan zuen.

Ordezkaritza handiena duen sindikatuko afiliatua da EAJko burua, eta aitortu zuen sindikatua uztea pentsatu duela inoiz, «zuzendaritzak nahi duena, alegia», baina ez, ELAko kide gisa jarraituko du oraingoz. «Haiek baino lehenago iritsi nintzen, eta ez dut amore emango».

Bizkaiko Ogasunak erresistentzia kutxaren bidez grebalariei egindako ordainketak zergapetu nahi izatea erabat normala iruditzen zaio Ortuzarri. «Denontzat da normala, eta sindikatuentzat ere horrela izan behar du». Ogasunaren informazio eskaerak «ez dauka oinarri politikoa», EAJko presidentearen arabera. Auzi horretan ez duela zerikusirik, alegia, grebak egin ahal izateko kutxa oinarrizko tresna bat izateak. Horrela izan zen Bizkaiko zahar etxeko langileen gatazka luzean, iaz, adibidez.

Andoni Ortuzarrek gogoratu zuen Kontu Auzitegiak «pezetaz pezeta» zaintzen duela EAJren atal ekonomikoa, eta ELAk ez lukeela zertan ibili protestan. EAJko buruak uste du sindikatuko kide gisa ordaintzen duen kuotaren zati bat erresistentzia kutxara joango dela, «zilegi den tresna batera», baina diru hori «gardena izatea» nahi du. «ELAk ez luke Foru Ogasunaren beldur egon behar», erantsi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna