Cebek patronalak enplegu eskaintza publiko «masiboak» kritikatu ditu

Garcinuñoren ustez, «lehia oso desorekatua» egiten diote lanpostu horiek sektore pribatuari

Cebeko ordezkariak, Iñaki Garcinuño presidentea erdian, joan den urtarrilean egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ivan Santamaria.
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Cebek patronala ez dago pozik Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dituen lan eskaintza publikoekin. Iñaki Garcinuño Bizkaiko enpresaburu elkarteko presidentearen irudiko, «eskaintza masibo horiek ez diote ekintzailetzari laguntzen». Sektore publikoak pribatuari lan baldintzetan egiten dion lehia «oso desorekatua» dela salatu du, halaber.

Forum Europan hitzaldia egin zuen atzo Garcinuñok, eta, beste gai askoren artean, lan eskaintzak hartu zituen hizpide. Zehaztu zuen ulergarria zaiola erakundeek orain halako deialdiak egin behar izatea, azken urteotako «lehortearen» ondorioz, baina ohartarazi zuen sektore pribatua ezin dela horretan lehiatu, hasierako urteetan administrazioetan eskaintzen diren soldatak edo ordutegiak nabarmen hobeagoak direla onartuta.

Enpresa berrien sorrerari kalte egiten dio egoerak, patronalaren arabera. «Ahalegina eta arriskua eskatzen du enpresa bat abiatzeak, sarritan etorkizun profesionalaren kalitatea aisialdi orduetan eta askatasunean neurtzen duen gazteria batentzat», ziurtatu zuen Garcinuñok, eta ekintzailetzaren bultzada berreskuratzea «premiazkotzat» jo zuen.

Osasunean eta hezkuntzan deialdi publikoak martxan jarri ditu Jaurlaritzak. 96.235 pertsona aurkeztu dira Osakidetzak eskaini dituen 3.335 lanpostu betetzeko. Kontuan hartu behar da langile publikoak ordezkatzeko aukera mugatu duela Espainiako Gobernuak azken urteotan.

Lan baldintzen eztabaidari buruz ere aritu zen Cebekeko burua, Confebaskek astelehenean argitaratu zuen inkestan oinarrituta. Horretan, bost enpresatik batek zioen zailtasunak dituela lanpostuak betetzeko, hautagaiek uste dutelako eskaini zaien soldata eskasa dela. «Oso zaila iruditzen zait azaltzeko Euskadin lan baldintzak, soldatak barne, prekarioak edo txarrak diren ideia faltsua nola errotu den», azaldu zuen, eta inguruko lurraldeen gainetik daudela ziurtatu zuen.

Garcinuñok onartu zuen «ziur aski» bizitzaren kostua handiagoa dela Euskal Herrian, soldatak bezala, «baina hori ez du zertan euskal enpresak finantzatu». Sektore publikoarekin alderatu zuen egoera, berriro. «Funtzionarioen soldatak herritarrek ordaintzen dituzte, eta gehiegikeriarik badago, herritarrek ordaintzen jarraituko dute. Enpresetan, bezeroek ordaintzen dituzte soldatak, eta lehiakortasuna murrizten duen gehiegikeriarik badago, enpresaren parte garen guztiok ordainduko dugu: enpresaburuok eta langileek».

Inkestari lotutako beste datu bat ere atera zen. Enpresen %42k diote hautagaien «jarrera, prestasun edo interes falta» kontratatzeko zailtasun modura. Garcinuñok ukatu zuen gazteek lanaren aurrean duten jarrera kritikatu dutela, baina «egiaztatu» dute horiek direla enpresek bilatzen dituzten ezaugarriak: «Nahiago dute gazte motibatu bat eta taldean lan egiten dakiena, arduratsua, titulazio oso ezagunak dituen beste baten aldean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.