Londres eta Dublinen arteko salbuespena

Londresek neutral agertu nahi izan du Irlandako gatazkan, haren sorreran izandako eragina ahazturik bezala. Aro Iraultzailearen mendeurrenean heldu dira Erresuma Batuko bozak; haien emaitzak ezinbestean eragingo dio Irlandari.
Armada Nazionaleko soldaduak, Irlandako gerra zibilean (1922-1923).
Armada Nazionaleko soldaduak, Irlandako gerra zibilean (1922-1923). BERRIA

Samara Velte -

2015eko maiatzak 5
Erresuma Batuaren menpe egon arren, Londrestik gero eta urrunago dago Ipar Irlanda. Westminsterren agindu ohi duten alderdi nagusiek ez dituzte hautagaiak aurkeztu ere egiten hango barrutietan; eskasegi zaizkie Ipar Irlandan lor ditzaketen hemezortzi diputatuak, eta nahiago dute haiek Ipar Irlandako unionisten esku utzi. Herritarrek onartua dute zeresan gutxi dutela Londresen. Aurtengo bozek, ordea, ikusmin berezia piztu dute. Kanpainan, alderdiek Erresuma Batuaren geroari buruzko hainbat alderdi jarri dituzte zalantzan: eskuindarrenek Europako Batasunetik atera nahi lukete; Eskozian eta Galesen gehieneko autonomia eskatu dute; eta bada Ingalaterrari ere eskumen berezi gehiago eman nahi dizkionik ere.

Osteguneko hauteskundeen ondorenak ezinbestean eragingo dio Irlandari, Niall Cullen ikertzailearen arabera. Nazionalismo irlandarrean aditua da, eta Euskal Herriko gatazkarekiko loturak ikertzen dihardu EHUn; Irlandako Aro Iraultzaileari eta bake prozesuaren osteko garaiari buruzko hitzaldia eman zuen atzo Leioan.

«Ipar Irlandako bi komunitateek oso barneratuta daukate oraindik ama estatuaren ideia». Errepublikanoek hegoaldera begiratzen dute, Irlandako Errepublikara; unionistek, aldiz, Britainia Handira. Londresko parlamentuak erabateko eskumena du Erresuma Batua osatzen duten lau lurraldeei buruz erabakitzeko; konstituzio formalik ez dagoenez, legebiltzarraren erabakiek betetzen dute, praktikan, funtzio hori. Ipar Irlanda da salbuespena: gatazka armatua amaitzeko sinatutako Ostiral Santuko Akordioak (1998) propio zehazten du Ipar Irlandako estatus konstituzionala alda litekeela, baldin eta herritarren gehiengoak horren alde bozkatzen badu. Hots: ipar irlandarren erdiek eta bat gehiagok nahiko balute, teknikoki aski lukete erreferendum bat Erresuma Batutik bereizteko.

Irlandako errepublikanoak Aro Iraultzailearen mendeurrena ospatzen ari dira hilabeteotan, bereziki 1916ko Aste Santuko Matxinada. Orduan Irlanda osoa Erresuma Batuaren menpe zegoen, eta hark parlamentu bakarra zeukan: Westminsterkoa. Ordura arte bazen autodeterminazioaren alde gehiago edo gutxiago finkatutako mugimendu bat; Erresuma Batuak matxinada zapaldu zuenean, ordea, autonomia asmoak albo batera utzi eta Irlandaren independentzia eskatzen hasi ziren. Sinn Fein alderdia agindu bakarra lortzeko asmoz aurkeztu zen 1918ko hauteskundeetara: Westminsterri boikota egin eta Irlandako Errepublika aldarrikatzekoa —gaur egun oraindik uko egiten die Londresen dagozkion eserlekuei—. Alde handiarekin irabazi zuen hegoaldean, eta garaipen hartan oinarrituta aldarrikatu zuen parlamentu bereizia Dublinen. Iparraldean, ordea, unionistak nagusitu ziren. «Gehienak XVI. mendeko plantazioen garaian Ingalaterratik eta Eskoziatik joandako kolonoen ondorengoak ziren, nagusiki protestanteak», azaldu du Cullenek.

Aldarrikapen hark bi urteko gatazka armatua ekarri zuen Irlandako Armada Errepublikanoaren eta Erresuma Batuaren artean —gerora Irlandako Independentziaren Gerra deitu izan zaio—. 1921ean sinatu zuten bake ituna. Hark Australiaren eta Kanadaren antzeko estatus bat proposatzen zuen Irlandarentzat; iparraldeak aukeran izango zukeen harekin bat egin edo ez. Baina proposamen hark ere gerra zibila piztu zuen akordioaren aldekoen eta aurkakoen artean. «Ipar Irlanda propio banatu zuten, oinarri historiko eskasarekin», dio Cullenek. «Iparraldean gutxiengo nazionalista bat zegoen, gerora bazterketa sufrituko zuena. Ezker muturrak sarri salatu izan du Aro Iraultzailea, egiatan, erreakzionarioa izan zela: ez zuten herrialdea irizpide nazionalen arabera banatu, langileak bereizirik mantentzeko baizik. Agintean jarraitu zutenak aurreko eliteak ziren».

Gatazka armatuaren ostean

Ostiral Santuko Akordioaren edukia, funtsean, 1921eko bake itunaren nahiko antzekoa zen: Ipar Irlandaren «lurralde osotasuna» onartzen zuen, eta bertako herritarren esku uzten zuen estatus politikoa. Bestalde, hiru aginte instituzio partekatu sortu ziren bertatik: errepublikanoek eta unionistek osatutako parlamentua, Hego eta Ipar Irlandako ordezkariak biltzen dituen batzorde bat eta Kontseilu Britainiar-Irlandarra.

Sinn Feinek akordioa sinatu bazuen baldintza horiengatik izan zela uste du Cullenek. «Behin-behineko egoera bat izateko sortu zen itun hura. Jakintzat jotzen zuten etorkizunean hegoaldearekin batzearen alde bozkatuko zutela herritarrek». Gehiengo hori noiz helduko den da orain galdera, inoiz heltzen bada. «Eskubide zibilen aldeko kanpainak konfiantza eman zion komunitate nazionalistari [errepublikanoari]. Oro har zabaldutako ustea da unionismoa gain behera doala». Biztanleria katolikoa hazten ari da, eta protestanteak, oro har, zaharragoak dira. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi jende gehiagok nahi lukeenik hegoaldearekin batu. «Erlijioak ez du zerikusirik gatazkarekin. Konplikatu egiten du, nortasun marka gisa funtzionatzen duelako gaiztotutako giroan», azaldu du Cullenek. Ekonomiak, ordea, badu eragina: «Komunitate nazionalista tradizionala klase ertainera gerturatuz doan neurrian, gehiagok onartzen dute Erresuma Batuaren barruan jarraitzea». Gazteen artean, identitate berri bat sortzen ari da: britainiartasuna zein irlandartasuna ukatuta, euren burua ipar irlandartzat dutenena.

Apurka, egoera «normalizatzen» ari dela dio Cullenek: berak, hegoaldean, ez du ia inoiz «Ipar Irlanda» esaten, soilik «iparraldea». Mugaren alde bateko zein besteko harreman diplomatikoak ere ugaritzen ari dira. Irlandaren bi zatiak lehenago edo beranduago batuko direla uste du Cullenek: «Baina ez da izango berrelkartze sinple bat: egun batean Ipar Irlanda da, eta hurrengoan Dublingo parlamentuaren parte. Prozesu bat gertatu beharko da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna