Katalunia

Puigdemonten balizko rolak nahastu ditu subiranisten arteko negoziazioak

JxCrentzat, ahalmen exekutiboa eduki behar luke. ERCk begi onez ikusten du presidentetza sinbolikoa. Espainiako Gobernuak ohartarazi du inbestidura sinboliko bat etengo duela
Riera (CUP), Sabria eta Gomez del Moral (ERC), eta Pujol eta Geis (JxC), atzo Kataluniako Parlamentuan, bozeramaileen bilera hasi aurretik.
Riera (CUP), Sabria eta Gomez del Moral (ERC), eta Pujol eta Geis (JxC), atzo Kataluniako Parlamentuan, bozeramaileen bilera hasi aurretik. TONI ALBIR / EFE

Igor Susaeta -

2018ko otsailak 7
«Bide onetik» doaz Carles Puigdemont Kataluniako presidente inbestitzeko ahaleginean formula bat adosteko negoziazioetan. Jendaurrean hala diote, behintzat, bi indar subiranista nagusietako kideek: akordioa posible dela eta datozen egunetan plazaratuko dutela. Zenbait komunikabidek bilera horietako iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Espainiako Estatuak Puigdemonten inbestidura prozesuaren kontra ere martxan jarritako makineria judiziala kontuan hartuta, bi gobernu osatzea dute asmo JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak: bat erbestean, Bruselan; eta bestea Bartzelonan. JxCk nahi du Puigdemonten presidentetzak ahalmen exekutiboa edukitzea, eta ERCk, ordea, begi onez ikusten du parlamentuak presidentetzarako proposatutako hautagai bakarraren legitimitatearen berrezarpen sinbolikoa. Eta, hain zuzen, horrek berak bi aldeen arteko negoziazioak korapilatu ditu.

La Vanguardia Kataluniako egunkariak atzo argitaratu zuenez, JxCren asmoa litzateke Errepublikaren Kontseilu bat sortzea Bruselan eta Generalitaterako presidente bat inbestitzea, Katalunian gobernu bat eratzea, soilik kudeaketara mugatuko zatekeena. Aztertzen ari diren beste aukeretako bat da Kataluniakoa sortzeko ez litzatekeela beharrezkoa ekitaldi formal bat egitea, modu horretan Bruselakoaren garrantzia nabarmenduko lukete eta.

Errepublikaren Kontseilu bat sortu ahal izateko beharrezkoa litzateke Generalitateko Presidentetza Legea aldatzea. Joan den uztailean parlamentuan onartutako irakurketa bakarreko tramitearen bidea ibiliz egin liteke hori. Baina, kasu horretan, Espainiako Gobernuak nola erreakzionatuko zukeen ikusi beharko zatekeen; eta aurrekariak aintzat hartuz, Auzitegi Konstituzionalean inpugnatuko zukeen aldaketa.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak ohartarazi zuen, atzo, inbestidura sinbolikoa eteteko prest daudela: «Ez lituzkete beteko Auzitegi Konstituzionalak jarritako behin-behineko neurriak». Alejandro Fernandez PPCko bozeramailearen esanetan, parlamentuak ezin ditu tramitatu «155. artikuluaren printzipioen eta helburuen kontrako ekimenak». Elisenda Alamany Catalunya en Comuko bozeramaileak, bestalde, «hausnartu» dezatela eskatu die indar subiranistei: «Keinu sinbolikoekin ez dugu lortuko gure autogobernua berreskuratzea».

CUPekoak JxCkoekin bildu ziren herenegun Bruselan, eta atzo esan zuten ez dituztela baloratuko filtratzen ari diren proposamenak, JxCk eta ERCk adostutako planteamendu zehatz baten berri eduki arte. Dena den, Natalia Sanchez parlamentariak azpimarratu zuen herritarrek «maila» eman dutela, eta orain alderdiei dagokiela ados jartzea eta «errepublikaren materializazioa zehaztea».

Parlamentuan, bitartean, mahaia batzartu zen, baina ez zuen jaso legebiltzarreko abokatuek inbestidura epeez egindako txostena. Atzo ziren dokumentua entregatzekoak, baina hainbat hedabidek kaleratu dute, parlamentuko iturriak aipatuz, gaur emango dietela mahaiko kideei. Legegintzaldia «blokeatuta» dagoela argudiatuz, unionistek diote hasi direla korritzen berriro bozetara deitu bitarteko bi hilabeteak. Presidentetza Legeak dio atzerako kontua hasten dela inbestidurarako lehen bozketa egin ondoren, eta hori, teknikoki, ez zuten egin. Tesi horri heltzen diote subiranistek. Ez dago argi zer interpretatuko duten parlamentuko letraduek.

Bestalde, Errepublika Defendatu Dezagun ekimen herrikoiak Kataluniako plazan egindako kanpaldia hutsarazi zuten, atzo, Mossos d'Esquadren zenbait agentek. 30 bat lagun han zeuden joan den urtarrilaren 30etik, Roger Torrentek inbestidura saioa atzeratzea erabaki zuenetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna