Erresuma Batua merkatu bakarretik irtengo dela onartu du Londresek

Irlandan «muga zurrun bat» ezartzea baztertu du Mayk, baina alternatibarik aurkeztu gabe
Theresa May lehen ministroa <em>brexit</em>-eko planaren berri ematen, atzo, Londresen.
Theresa May lehen ministroa brexit-eko planaren berri ematen, atzo, Londresen. CHRIS J. RATCLIFFE / POOL / EFE

Iosu Alberdi -

2018ko martxoak 3
Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk brexit-a gauzatzeko duen plana aurkeztu zuen atzo, Londresen, Gure etorkizuneko elkarlana zioen atril batetik. Mayk adierazi zuen «oso garbi» duela Irlandara ez dela «muga zurrun bat» itzuliko, baina EB Europako Batasuneko merkatu bakarretik eta aduana batasunetik aterako direla adierazi zuen: «Merkatu bakarretik irteten ari gara. Bizitza ezberdina izango da. Nolabait, besteen merkatuetarako gure sarbidea egun baino txikiagoa izango da». Halere, Erresuma Batuaren eta EBren artean merkatu askeei jarraitzea defendatu zuen Mayk. EBko brexit-erako negoziazio buru Michel Barnierrek «ongietorria» eman zien Mayren hitzei, Erresuma Batua merkatu bakarretik irtengo dela «garbi uzteagatik».

Mayk orain arteko akordioak legezko testu batean ezarri nahi ditu, baina asteazkenean EBk aurkeztutako zirriborroa albo batera utzita. Ipar Irlanda EBko merkatu bakarrean mantentzearen ideia izan da Londresek testu hartatik gaitzetsi duena. Erresuma Batua EBtik irteteak Ipar Irlandan eta Irlandako Errepublikan «antsietatea» sortu izana ulertzen duela azaldu du Mayk, eta bien arteko «muga zurruna» eragozteko lan egiteko ordua dela azaldu du, nola lortu argitu ez arren.

Lehen ministroaren esanetan, brexit-ak ezin du arriskuan jarri Ipar Irlandan bakea lortzeko egin diren aurrerapenak. Izan ere, muga zurrun batek 1998ko Ostiral Santuko akordioaren aurka egingo luke. Halere, Ipar Irlandak estatus berezi bat izatea «onartezintzat» jo du, horrek Irlandako itsasoan muga bat ezarriko lukeelakoan. Irlandako Errepublikako lehen ministro Leo Varadkarrek positibotzat jo ditu Mayren hitzak, baina horiek «proposamen zehatz» bilakatu behar direla erantzun dio.

Mayk defendatu du Erresuma Batuaren eta batasunaren arteko muga zergak «beharrezko diren lekuetan bakarrik» jarri beharko liratekeela. Bestalde, lehentasunezko jo du akordio on baten beharra, komunikabideen eta finantza zerbitzuen merkatu askerako, aurkakoak bi aldeen ekonomiari negatiboki eragingo bailioke. Hitz horiekin, beraz, garbi utzi du Erresuma Batua EBko merkatu bakarretik eta aduana batasunetik irtengo dela.

Akordio berri baten bila

Bide horretan, Londresek eta Bruselak merkataritza akordio berri baten aldeko hautua egin beharko luketela esan du Mayk. Jakitun da negoziazioak garai «erabakigarrian» sartu direla, eta azaldu du egoera «konplexua» dela. Halere, brexit-a «hasiera berri bat» izango balitz bezala ikusteko eskatu dio EBri, «ez amaiera gisa». Mayren ustez, egun EBk beste estatu batzuekin dituen akordioek —esaterako, Kanadarekin eta Norvegiarekin— ez lukete Erresuma Batuaren egoerarako balioko, Irlandan muga ireki bat mantentzea eragotziko lukeelako. Horretarako, Londresen eta Bruselaren artekoa egun munduan dagoen merkataritza askerako edozein akordio baino «zabalagoa eta sakonagoa» izan behar dela defendatu du. Era horretan, Mayk eredu izan nahi du, «protekzionismoaren igoera kezkagarriari aurre egiteko».

Akordio berri horrek 2016ko erreferendumaren emaitzak errespetatu behar dituela azaldu du lehen ministroak, hau da, Londresera itzuli behar direla «mugen, legeen eta diruaren kontrola». Horretarako, ordea, gorabeherak egongo direla garbi utzi du: «Inork ez du nahi duen guztia lortuko».

Legeen kontrolaren inguruan, Europako Justizia Auzitegiari aipamena egin dio Mayk, eta azaldu du horren erabakiek Erresuma Batuan eragina izango dutela aurrerantzean ere, EBko legedia Erresuma Batuan txertatuko baita, baina, azaldu du, brexit-aren ostean, ebazpenak soilik Erresuma Batuko auzitegien esku egongo direla. Halere, Europako Batasuneko beste hainbat erakundetan bere partaidetza mantendu nahi du Londresek, besteak beste, Europako Medikamentuen Agentzian eta Europako Aire Segurtasunerako Agentzian.

Erresuma Batua bananduta

Theresa Mayren hitzaldiak alde eta kontrako erreakzioak eragin ditu. Alderdi Kontserbadorearen aliatu nagusi den Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionistak Mayren hitzaldia goraipatu du. Alderdiko buru Arlene Fosterrek adierazi du Irlandan muga berririk ez ezartzearen aldeko «konpromiso garbia» erakutsi duela Mayk, eta negoziazioetan aurrera egiteko oinarriak ezarri dituela: «Guztion onerako akordio bat lortzeko».

Oposizioko buru eta Alderdi Laboristako lider Jeremy Corbynen esanetan, berriz, Mayren hitzaldiak «zalantza gehiago» sortu ditu, «zailtasunen errepidean». Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek ere bide beretik jo du. Sturgeonen ustez, Bruselak jada baztertu du Mayk atzo eginiko «desiren zerrenda», eta adierazi du garbi geratu dela egungo akordioa baino okerragoa dela Londresek lortuko duena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iosu Alberdi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna