ERCrentzat, herritarren %50 ez dira nahikoa errepublika sortzeko

Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Joan den abenduaren 21eko hauteskundeetarako kanpainan, aldebakartasunaren bidea alboratzen hasi zen ERC Esquerra Republicana. Jarrera hori bere militanteei helarazi berri dien txostena politikoan islatu du zuzendaritzak. Errepublikanoen iritziz, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa bultzatu behar da, Kataluniako gatazkari «Eskoziari eman zitzaionaren moduko irtenbide bat» emateko. Pentsatzen dute, gainera, independentismoa ez dela «nahikoa boteretsua» oraindik, «Katalunia errepublika independente bat bihurtzeko». Areago joan dira ERCkoak: «[...] herritarren %50 ez dira nahikoa kontua denean errepublika modu baketsu eta demokratiko batean sortzea». Kataluniako hainbat egunkarik filtratu dute txostena, eta datorren ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eztabaidatuko dute, konferentzia nazionalean.

ERCk ez du datarik jarri errepublikaren jaiotzarako, ez du erreferendum bat egitea aipatzen, eta «bide orria» bezalako formulazioetatik haratago jo behar delakoan dago. Eusten dio Kataluniako errepublika eratzeko «konpromisoari», eta autodeterminazio eskubidea gauzatzeko lan egingo duela nabarmendu du dokumentuan. Horretarako, Espainiako Gobernua elkarrizketara behartzeko, ezinbestekotzat jotzen du independentisten gehiengo soziala zabaltzea, «78ko erregimena ahuldu ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.