Audre Lorderen, Angel Gonzalezen eta Paul Celanen poemak, euskaraz

Danele Sarriugartek, Gerardo Markuletak eta Xabier Montoiak itzuli dituzte hiru poeten lanak, Susa argitaletxeak kaleratzen duen Munduko Poesia Kaierak antologien bildumarako

Beñat Sarasola, Danele Sarriugarte eta Gerardo Markuleta, atzo, Donostian, liburuen aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Poesiaren Nazioarteko Egunarekin, nazioarteko hiru poetaren lanak euskaraz plazaratu berri ditu Susa argitaletxeak, Munduko Poesia Kaierak bildumaren barruan. Audre Lorde idazle estatubatuarraren poemak hautatu eta itzultzeaz Danele Sarriugarte arduratu da; Angel Gonzalez espainiarraren lanez, Gerardo Markuleta; eta Paul Celan errumaniarrarenez, berriz, Xabier Montoia.

Orain dela bi urte eta erdi hasi zen Munduko Poesia Kaierak plazaratzen Susa argitaletxea. Atzo aurkeztutako hiru liburu berriekin, dagoeneko hamabost idazleren antologiak kaleratu dituzte bildumaren barruan, europarrak gehientsuenak. Horien artean daude, besteak beste, Maria Merce Marçal, Aime Cesare, Emily Dickinson, Miguel Hernandez, Anne Sexton eta Eugenio Montale. Laster, lituanieratik, txekieratik eta japonieratik itzulitako lanak batuko zaizkio zerrendari, Beñat Sarasola bildumaren zuzendariak iragarri duenez. Udazkenean Munduko Poesia Kaierak beste hiru libururekin itzuliko direla ere jakinarazi du Sarasolak.

AUDRE LORDE

(New York, 1934-Saint Croix, AEBak, 1992)

Isiltasuna apurtu zuen andre beltz eta lesbiana

Prosagatik ezagunagoa bazen ere, poesia idatzi zuen batez ere Audre Lordek. 1968an plazaratu zuen lehen poema liburua. Urte hartan bertan, Mississippiko Tougaloo beltzentzako unibertsitatera gonbidatu zuten poesia tailer bat eman zezan, eta oso garrantzitsua izan zen hura berarentzat, Danele Sarriugartek nabarmendu duenez: batetik, hezkuntzari lotuta jarraituko zuelako aurrerantzean; bestetik, bere burua poeta gisa han ikusi zuelako, eta, azkenik, han ezagutu zuelako bere bikotekidea izango zen emakumea ere—garai hartan, gizon batekin ezkondua zegoen—. Handik hamar urtera, bere bizitza eta, ondorioz, bere obra ere markatu zuen beste gertaera bat iritsi zitzaion: bularreko minbizia atzeman zioten, 1978an. «Nahiz eta pronostiko ona zuen, atzera begira jarri zen, eta konturatu zen min handiena ematen ziotenak bere bizitzako isiltasunak zirela, eta isiltasun horren aurka borrokatu behar zuela». Emakumezko gisa, beltz gisa eta lesbiana gisa beldurragatik ordura arte isildutakoez mintzatzea erabaki zuen.

Gai horiek guztiek isla zuzena izan zuten haren poemetan, itzultzaileak azaldu duenez. «Isiltasunaren gaia agertzen da; badu Letania bat, biziraupenaren alde izeneko poema bat ere... Ez dugula isilik geratu behar aldarrikatzen du, eta, alde horretatik, esango nuke akaso 1978tik aurrerako bere poemetan askoz ere zehatzago hitz egiten duela hainbat gauzari buruz». AEBetako mugimendu sozial eta politikoen borrokek bustitako poesia ere izan zen Lorderena, eta jorratu zituen hainbat auzirengatik —feminismoa, poliziaren basakeria beltzen aurka, borroka ezberdinen arteko loturak...— gaur egunetik ere oso ongi irakur daitekeena, Sarriugarteren ustez.

ANGEL GONZALEZ

(Oviedo, Espainia, 1925-Madril, 2008)

Intimismoa eta kezka soziala, uztarturik

Garai batean, 1950eko belaunaldiko poeten lanak «dezente» irakurtzen zituen Gerardo Markuletak. Talde hartako kideen artean, Juan Goytisolorekin batera, Angel Gonzalez zuen kutunenetakoa. Ikasle garaian, Gonzalezen sorterriko Oviedon, ezagutu ere egin zuen, gainera. «Eta oso maite duzunean poeta bat, zure oinarrietako baten modura sentitzen duzunean, askoz ere errazagoa da haren poesia itzultzea; inplikazio handiagoa dago», azaldu du.

Gonzalezek haurra zela galdu zuen aita. 1936an haren anaia bat hil zuten frankistek, eta erbesterako bidean jarri beste anaia bat. «Ez da harritzekoa, beraz, lehen poema liburuaren izenburua Áspero mundo [Mundu lakarra] izatea», Markuletaren ustez. Zuzenbidea ikasi, eta hainbat urtez Herri Lanen Ministerioan aritu zen, baina, eszedentzia bat baliatuta, Bartzelonara jo zuen, eta bere belaunaldiko poeta haiek ezagutu zituen, «gautxori, alkoholzale eta emakumezale famakoak». Urte batzuetara, AEBetako unibertsitate batera jo, eta literatura eskolak ematen jardun zuen. Han egin zituen bere bizitzako azken urteak, joan-etorrian ibili bazen ere.

Haren poesiaren osagai nagusiak «intimismoa eta kezka soziala» direla uste du Markuletak, biak beti nahastuta. «Eta horrekin bat, oso umore berezia». Beraz, diskurtso soziala egiten zuen Gonzalezek, baina horri «pisua kentzeko, traszendentzia poemetatik aldentzeko, umorea eta ironia» erabiltzen zituen.

«Marra garbiko poeta» gisa definitu du Markuletak, «poesia askorik irakurtzen ez dutenentzako poesia idazten duelako».

PAUL CELAN

(Txernovtsy, Errumania, 1920-Paris, 1970)

Munduarekiko ezinaren islak poema ilunetan

Hiru egileotatik ezagunena izango da Celan, «batzuentzat iragan mendeko bigarren erdiko poeta europar garrantzitsuenetakoa», Beñat Sarasolaren hitzetan. Biografiarekin oso lotua dago haren poesia, eta «holokaustoaren poeta nabarmentzat» jo izan da, kontzentrazio esparru batean irautea egokitu baitzitzaion. Horren adibide da haren poema ezagunena, Herio fuga, bere garaian Koldo Izagirrek solte itzuli zuena eta orain kaieran Xabier Montoiaren bertsioan jaso dutena.

Alemanez idatzi zuen beti Celanek. Hala ere, beste hainbat hizkuntza menperatzen zituen, eta hainbat idazleren lanak itzuli zituen ezagutza horiei esker. Haren poesia «nahiko hermetikoa» da, Sarasolaren ustez, patxadaz irakurtzea eskatzen duena, poema laburrak baina «dentsitate handikoak» baitira. «Munduarekiko bere ezintasuna azaltzeko poesia da; beretzat mundua, holokaustoaren esperientziarekin, objektu kriptiko eta hermetikoa da, eta horri erantzuten dio bere hizkuntzaren hermetikotasunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.