Hazi nahia sentitzeko bultzak

Bilduma berri baten lehen bi eleberriak kaleratu ditu Alaine Agirrek, Ereinekin: 'Maren' eta 'Libe'
Alaine Agirre, atzo, Donostian.
Alaine Agirre, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Itziar Ugarte -

2017ko azaroak 22
Alaine Agirrek denbora gutxian «asko» argitaratu duela iruditzen zaio Iñaki Aldekoa Ereineko editoreari. Aurtengoa, behintzat, urte oparoa izan du idazleak. Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein) poema liburua eta Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Elkar) nobela kaleratu zituen udaberrian, eta beste bi eleberri ekarri ditu udazkenean: Maren eta Libe. Erein argitaletxearen Txandaka bilduma abiarazi duten lehen biak dira, eta hurrengoak lantzen ari da dagoeneko idazlea.

«Eleberri batzuk idatzi nahi nituen, baina ez nuen nahi eleberri guztiak leku edo momentu berberetik kontatu», azaldu du Agirrek (Bermeo, Bizkaia, 1990). Pertsonaia batzuk zeuzkan buruan idazleak, baina ez zuen nahi bat beste batzuen gainetik jarri. Ez zuen istorio bakarra kontatu nahi, ez eta istorio asko modu bakarrean kontatu ere. Haien artean «hierarkia estatiko bat» saihestu nahi zuen, eta horregatik eman dio proiektuari bilduma forma.

Aldekoaren esanetan, «unibertsitateko ikasleen bueltako mundu batean» gurutzatuko dira pertsonaiak. Maitasuna izango da gai nagusia, eta bigarren planoan azalduko dira heriotza, familia eta beste hainbat harreman. Protagonistaren izena izango du eleberri bakoitzak, eta bata bestearen segidan nahiz modu soltean irakurri daitezke. Ordenan, Maren da bildumako lehenengoa, eta, itxuraz maitasun istorio bat kontatu arren, protagonistak bere burua ezagutzeko bidea erakutsiko du. Libe-n, «maitasuna bizitzeko modu desberdinen talka» agertuko da: «Norbere sentimenduekiko fideltasuna batetik, eta ondoan dugunarekiko konpromisoa bestetik».

Idazten hasitakoan aurrez planifikatua zuen guztia hautsi zitzaiola kontatu du Agirrek. «Pertsonaia hauen arotza naizen horretan, momentu hori ikaraz bizi izan nuen hasieran». Azkenean, istorioa pertsonaiek eurek kontatu diotela dio. «Bizitzan momentuak, pertsonak, egoerak, liburuak, kantak gure izaeraren barruan ezkutatuta dauzkagunak ateratzen dizkigute. Bizitzan gertatzen den hori fikzioan gertatzea nahi izan dut».

Bildumarekin izan duen «kapritxo» bat ere aitortu du: pertsonaiak hazten ikusteko nahia. Bera bizitza «haziz joateko aukeratzat» hartzen dutenez maitemintzen dela dio, eta eleberriko pertsonaiak hazteko nahia eta beharra sentitzera eraman dituela. «Hazkuntzarako eskubidea» sozialki soilik gazteei zilegitzen zaiela uste du, eta horregatik jarri ditu protagonistak 16-20 urteko etapan, kontakizunaren hasieran. «Haztea, batzuetan, berez gertatzen den prozesu bat da, baina, beste batzuetan, talkaz beteta egoten da, zalantzaz josita».

Hala ere, adina ez dela «erabakigarria» zehaztu du idazleak; batik bat, argitzeko bilduma ez dela hartu behar derrigor gazteentzako literaturatzat.

Hurrengoa, 'Oier'

Oier izango da Txandaka bilduma osatuko duen hurrengo eleberria. Idazten ari da Agirre. «Tipo konprometitu bat da, kanpora begira bizi dena, han eta hemen militatzen duena». Urtebeteko bizitza geratzen zaiola esango dio amak, eta haren bizitza arrakalatuko du kolpetik horrek. Oier argitaratu bitartean, Maren-en eta Libe-n azaldu eta mugituko da Oier.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna