Hiri elkargo bakarra ez da batere egina

Asteazkenean bilduko da hautetsien kontseilua, egitura bakarraren eztabaidari zer segida eman trenkatzeko.Lehen uzkurkeriak hautematen hasi dira

Hautetsiak, egitura bakarrari buruzko ateleria batean. HAUTETSIEN KONTSEILUA.
Iñaki Etxeleku.
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gauzak ongi zihoazen hautetsien kontseiluak eta Acadie kooperatibak eramaten zituzten atelerietan. Azken atelerian, eramaile horiek berek aurkeztu behar zuten Ipar Euskal Herriko hiri elkargo bakar baten itxuratze bat, eta uztail hatsarreko hautetsien kontseiluko Biltzar Nagusian, hala segituz, proiektuaren bozkatzea proposa zekiekeen hautetsiei.

Baina, hara, azken ateleria horretan agertu dira kontrako haizeak. Jean Pierre Laflaquiere Angeluko zortzigarren axuantak bere duden berri eman du. Aitzineko lau atelerietan parte hartu ez zuen Barthelemy Agerre amikuztarra agertu da azken bilkurara, eta erran zergatik ez zuen hain ongi ikusten EPCI edo Herriarteko Lankidetzako Erakunde Publiko bakar baten sortzea (HKEP). Peyuco Duhart Hego Lapurdiko Hiriguneko lehendakaria ere ez zen beroenetan.

Daniel Oltzomendi Iholdi-Oztibarre herri elkargoko lehendakariordeak parte hartu du lan bilkura guzietan; eta esplikatzen du zer entzun den: «Hautetsi batzuek nahi zuten zerga sistema jakin, ikusteko hiri elkargo bakarra egiten genuenez. Adituek ontsa esplikatu dute ez dela hola martxan. Hautetsiek dutela zerga sistema egiten eta ez dela horren arabera hautatzen elkargoa egiten den ala ez».

Lurralde bakoitzak bere errealitatea duenez, zerga heinak ez dira berak batetik bestera. Ateleria horietan jada aipatu izan zen bezala, adituek erraten zuten urteekin emeki-emeki horiek harmonizatze bati buruz joanen zirela egitura bakar batean. «Uzkur mintzatu dira batzuk; konplikatua zela. Barnealdeko herrietan tasak emendatu beharko genituela». Zerga sistemaren mailako dudak agertu dituenetan izan da delako Laflaquiere Angeluko hautetsia. Hitza-k nahi izan du haren ikusmoldea zuzenki bildu, baita Claude Olive haren auzapezarena ere. Olivek erabaki du ez zuela iritzirik emanen uztailaren leheneko biltzar nagusira arte eta ez zuela nahi haren axuanta ere mintza zedin.

Ezin argitu, beraz, prefeta ohia den Laflaquiere jaunaren uzkurtasunaren arrazoia. 2013ra arte, Polinesia frantseseko goi komisarioa zen, eta Gaston Flossek «adiskidetzat» daukan gizonak egituraketa korapilatsuegia dakusala jakinarazi du. Jean Pelle Iriart Alozeko auzapez eta Xiberoko herri elkargoko lehendakariordeak erantzuna eman du bilkuran berean, erranez erabakia politikoa izan behar zela lehenik: «Herri elkargoak sortu zirelarik, ber eztabaidak ziren. Herriek galduko zutela beren boterea, hurbiltasunaren galtzea, nola diruztatuko zen. Baina horiek problema teknikoak dira. Proiektu politikoa plantan ezartzen bada, diruak segitzen du ondotik». Oltzomendi ados da Alozekoarekin: «Ari gara itzulika-itzulika, baina memento batez behar da politikoki nahi izan elkargoaren egitea. Nahia da inportanteena».

Francois Hollande Frantziako presidenteak diputatuei galdegina die ohiz kanpoko saio bidez Notre legearen trenkatzea uztailaren lehenetik goiti. Bakantzak gabe behar luke bozkaturik; horrek ditu finkatuko lurralde antolaketa berria, eta, beraz ,herrien arteko egituraketen baldintzak.

Zerga sistema baino gehiago, badirudi zenbait hautetsik botere banaketa dutela partida Ipar Euskal Herriko hiri elkargo berri baten proposamenean. Hots, elkargo kontseilu handia delibero behartuen hartzeko [barnealdearen ordezkaritza azkar batekin] eta biztanleriaren araberako bulegoa beste aldetik, beste boteregune gisa [egungo hiri gotorrek lukete pisurik handiena horretan]. «Proposatu kudeaketa molde hori 2020 artekoa litzateke, hortik goiti, ontsalaz, sufragio unibertsala izanen baita. Horra arte konfiantzazko hitzarmen bat egin behar da», dio Oltzomendik.

Barnealdeko bi hautetsiak beldur dira beren lurraldeen geroarentzat ez bada Ipar Euskal Herriko egitura bakarra sortzen. Izurarrak argiki dio: «Ez baldin badugu hiri elkargo bakarra egiten, erreforma dena den eginen da. Aplikatuko zaigularik erreforma hori, kostaldeko eremuak dinamikoak izanen dira, eta gu, barnealdean, deus ere gabe, tristeak, indiano erreserba batzuk izanen gara. Bakarrik uzten bagaituzte, ahul izanen gara».

Beste gisa batez erranik, gauza bera dio Iriartek, eta jokoan dena argitu du: «Klarki agertzen da Euskal Kostaldea-Aturri eta Hego Lapurdiko hiriguneek dutela eskua. Horiek kontra bozkatzen badute, fini da!».

B planaren zepoaren beldur

Ez du partida erraza HKEP bakarraren kontra ez den Jean Rene Etxegarai hautetsien kontseiluko lehendakari berriak. Aste honetan, hamar herri elkargoetako buruak bildu ditu testu baten adosteko, uztailaren leheneko bilkuran bozkarazteko. Ez da hiri elkargo berriaren proiektua izanen iduriz, baina halako «iritzi» bat bozkaraziko zaiena hautetsiei eta horrekin «bide orri» bat segidaren zehazteko.

Behartuak bezala dira, prefetaren esku eroriko baita laster afera, lurralde erreformaren legea bozkatu bezain laster. «Prefetak erran du, maneala, galdeturik izanen zela herriei egitura berri horren eremua bozkatzea edo iritzi baten ematea urrian», dio Iriartek. Eta horretan doi bat arrangura da, ikusten baitu egitura bakarraren defendatzeko badela oraino lan: «Zinegotziek dute erran beharko, finean, nahi duten egitura berria. Haiei ontsa azaltzeko, behar dugu ontsa gureganatu lehenik. Behar dira argumentuak oraino haboro landu, parte hartu dugun hautetsiak herri kontseiluetara berriz joateko».

Ez da bakarra arrangura hori duena, Batera plataformak erebilkura bat deitua baitu uztailaren 9rako. Gaiaren «sozializatzeko» behar gorria ikusten du, eta, horretarako, bere laguntzaileak akuilatu nahi ditu.

2016ko udaberrian azken bozka bere gain duketen herrietako hautetsiak konbentzitu nahi dituzte, beraz, hiri elkargo bakarraren aldekoek. Ez bada hori hautatzen, B plan baten gisakoa izan baitaiteke, zenbait herri elkargoren batzea hamarretarik lauzpabostera jautsiz. Denak dira asteazkeneko biltzar nagusiaren peskizan, jarrerak argitzen diren ikusteko eta aferak zer segida izanen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.