inaki petxarroman
HABANAKO LEKUKOA

Zazpi milioi

2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Kubako hedabideetan —denak alderdiaren aldekoak, zeresanik ez— esaten ari dira zazpi milioi lagunek hartuko dutela parte, era batera edo bestera, Fidel Castro komandante iraultzailearen agur ekitaldietan. Datua ulertzeko, kontuan eduki behar da 11 milioi biztanle dituela Kubak. Habanako ekitaldien berri edukitzeko aukera izan duenak badaki jendetza oso handiak esan diola adio Castrori. Nazioarteko agintariek parte hartu zuten mitin politikoan, Iraultza plazan ez zen hutsunerik ia, eta, herenegun, jendetzak agurtu zuen Castroren errautsen karabana, Habanan ez ezik, pasatu zituen gainerako herri eta hirietan ere.

Margaritak turismorako etxe bat dauka Habana zaharrean, eta ñabardura bat egin du egunotako jendetzaren parte hartzearen garrantzia nabarmentzeko: «Hemen, Maiatzaren Lehenean nahitaezkoa da plazara igotzea; bestela, egun horretako soldata kentzen dizute. Lehengo ekitaldian ez zen nahitaezkoa, eta, hala ere, askoz ere jende gehiago zegoen, ekitaldia oso berandu izan arren. Iraultzarekin dituzten iritziak gorabehera, herritarrek Fidel bera agurtu nahi izan dute, herri honen ikur bat delako».

Zeresana ematen ari da, adibidez, hainbat artistak sistemarekin kritiko izan arren Fidel Castroren aldeko mezuak eta doluminak jakinaraztea. Hori da, esate baterako, Ray Fernandez trobadorearen kasua, Facebooken doluminak emateko mezu bat igorri baitu hildako iraultzailearentzat, nahiz eta abesti batzuetan gogor kritikatu duen. Horregatik, deserrian —bereziki Miamin— bizi diren kubatarrek kritika asko egin dizkiote Fernandezi. Halakoak aintzat hartu gabe, zaila litzateke baloratzea egunotan bildu den jende andanaren garrantzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.